Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleek irakasleen irakaskuntza-jarduera ebaluatzeko inkestan parte hartzeko aukera dute gaur, asteazkena, abenduak 11, hasi eta abenduaren 22ra arte. Ekimen honen helburua da informazioa lortzea ikastegi bakoitzean ematen den irakaskuntzaren kalitateari buruz. Inkesta borondatezkoa da, eta era telematikoan betetzen da Ikaslearen Atariaren bidez, zeina Unibertsitatearen webgunean baitago; bai, bestela, lehenengo aldiz, gailu mugikorretarako aplikazio baten bidez (Android edo iOS) betetzeko aukera ere badago. Aplikazio honek NUP Inkestak du izena eta doakoa da. Atariaren kasuan bezala, aplikazioan sartzeko ere pasahitza behar da.
Inkesta hauen leloa "Zuk ere nota eman; jarri kalifikazioa zure irakasleei" da, eta parte-hartzaileek zenbait atali erantzuten diete hainbat galderaren bidez, zeinetan irakasleak emandako irakaskuntzaren plangintza, garapena eta emaitzak aztertzen baitira. Hori guztia gogobetetasun orokorrari buruzko galdera batekin eta iradokizunen atal batekin osatzen da. Sistema honek duen abantaila da askoz ere azkarragoa eta ekonomikoagoa dela, eta ikasleek egin ditzaketen iradokizunak eta iruzkinak zuzenean igortzen zaizkiola irakasleari.
Datu konfidentzialak
Ikasleek inkestan emandako datuak konfidentzialak dira, eta datu horiei esker Unibertsitateak nahikoa informazio biltzen du eskaintzen duen irakaskuntzaren kalitateari buruz, gero hobekuntzak egiteko. Horretaz gainera, inkesta hauen emaitzak aintzat hartzen dira NUPeko irakasle-ikertzaileen jarduera ebaluatzeko prozesuan.
Ebaluazio prozesua amaitu eta gero, seihilekoari edo ikasturteari dagozkion aktak itxi ondoren, jakinarazten zaizkie inkestaren emaitza orokorrak Irakasleei. Irakasle bakoitzak erdietsitako emaitzak sail eta titulazio bakoitzak osotasunean erdietsitako emaitzekin alderatzen ditu Unibertsitateak. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzak, ematen duen irakaskuntzaren ebaluazio bikaina lortzeko, emaitza positiboa lortu behar duela ikasleei egindako gogobetetasun inkestan.
Gradu, Master eta Zikloko ikasleei irekita dago azterketa, eta Irakaskuntzako Errektoreordetzak sustatzen du, Unibertsitateko Informatika Zerbitzuaren, Kalitate Unitatearen eta Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiaren laguntzarekin.