Joan eduki nagusira

zoom Asibe Ahmedova Kesim.

Asibe Ahmedova Kesim.

Asibe Ahmedova Kesim Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbideko graduatuak Giza Eskubideei eta Garapenerako Lankidetzari emandako Jaime Brunet Unibertsitateko II. Saria irabazi du. Izen bereko Fundazioak ematen du saria. Saria  2.000 eurokoa da, eta irabazleari egiaztagiri bat ematen zaio. Gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta garapenerako lankidetzako gaietan hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten gradu amaierako lanak saritzen dira.

Asibe Ahmedova Kesimek (Goce Delchev, Bulgaria, 1993), urtarrilean West London Unibertsitatean (Londres, Erresuma Batua) Nazioarteko Merkataritzaren Master bat egiten hasiko denak, gradu amaierako lan bat aurkeztu zuen, “Giza Eskubideen eta Eskubide Oinarrizkoen ikuspegia; NBEren operazioak bakeari eusteko” izenburua zuena. Lanean azaltzen da nola egiten diren, Nazio Batuen barruan, bakeari eusteko operazioak, lurralde batean bakea berreskuratzekoak, eta horren ondorioz, bertan bizi diren pertsonen eskubide oinarrizkoak eta giza eskubideak nola bermatzen diren. Alicia Chicharro Lázaro Zuzenbide Publikoko Saileko irakasleak zuzendu du proiektua.

Jaime Brunet Unibertsitateko Sariaren epaimahaia

NUPeko hiru irakasle izan dira Jaime Brunet Unibertsitateko Sariaren epaimahaiko kide: Antonio Gorri Goñi (Gizarte Laneko Saila) eta José María Rifá Soler (Zuzenbide Publikoko Saila) katedradunak eta Francisco Javier Blázquez Ruiz (Zuzenbide Publikoko Saila) unibertsitateko irakasle titularra.

2014. urtetik Jaime Brunet Fundazioak ematen du Jaime Brunet Unibertsitateko Saria. Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria ere ematen du Fundazioak 1998tik. Giza eskubideak defendatzen dituzten gizabanakoen eta erakundeen ibilbide aparta saritzen du azken sari honek. Hala ere, Jaime Brunetek berak gisa horretako ikerketa lanak nabarmentzeko interesa zuenez, sari bat antolatzea erabaki zen, unibertsitateko ikasle baten lana saritzeko urtero.

Jaime Brunet Fundazioa kultura fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.

Jaime Brunet Romerok  (Baiona, Frantzia, 1926-Donostia, 1992) eman dio izena Fundazioari. Brunet Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.