Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Soto, Schulz, Llorente, San Martín, Hernández eta Picó, Nafarroako Ospitalegunean.

Ezkerretik eskuinera, Soto, Schulz, Llorente, San Martín, Hernández eta Picó, Nafarroako Ospitalegunean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileak, Nafarroako Ospitalegunearekin eta   Industrial Augmented Reality (IAR) enpresarekin lankidetzan, prototipo bat prestatzen ari dira,  gailu mugikorren bidez, hala nola, telefonoen eta tableten bidez, errealitate handiagotua osasun produktuetan erabiltzeko aukera emango duena, eta horrela, erabiltzaileek osaerari eta erabilerari buruzko datu guztiak izango dituztenez, ospitaleratutako gaixoen segurtasuna areagotuko da. Ikerketa honi 7. ANERCORM (Baliabide Materialak Koordinatzen dituen Eritzaintzako Elkarte Nazionala) saria eman diote elkarteak Iruñean egin duen IX. Biltzarrean.

Ikerketaz arduratzen den diziplina-anitzeko taldea hauek osatzen dute: Leticia San Martín Rodríguez eta Nelia Soto Ruiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko irakasleak; Miguel Ángel Llorente García, Ana Monreal Vidal eta Jon Navarlaz Zudaire, NUPeko Industria eta Informatika Ingeniaritzako tituludunak eta Industrial Augmented Reality (IAR) nafar enpresako langileak; eta Jesús Hernández Palacios, Noelia Picó Revilla eta Beatriz Schulz Pérez, Nafarroako Ospitaleguneko Hornidura Ataleko profesionalak.

“Osasun produktu baten erabilerak gaixoa artatzeko konnotazio positiboak baldin baditu ere, arazoak baldin badaude, arazo horiek ondorio negatiboak eta oso larriak sor ditzakete, gaixoaren segurtasuna arriskuan jartzeraino —azaldu du Leticia San Martín irakasleak—. Zehazki, produktuaren erabilerarekin lotutako arazoak honako hauekin dute zerikusia: etiketatze desegokia, jarraibide nahasgarriak, bilgailu desegokiak, bere erabilera oztopatzen duten diseinu-arazoak, edo osasun profesionalen prestakuntzarik eza”.

Alde horretatik, Espainiako araudiak osasun produktuen ekoizlea behartzen du produktuetan “beharrezkoa den informazioa jartzera produktuak segurtasun osoarekin eta modu egokian erabiltzeko, egon daitezkeen erabiltzaileen prestakuntza eta ezagutzak kontuan hartuta”, esan du San Martínek. Baina beste aukera batzuk ere badaude, ezinezkoa bada informazio hori produktu bakoitzean agertzea. Esaterako, produktu batzuen bilgailuan jartzea, “bilgailuak ez dauka nahikoa lekurik datu guztiak bertan jasotzeko, eta arazo hori konpon daiteke errealitate handiagotua baliatuz  gailu mugikorren bidez, hala nola telefonoak, tabletak edo betaurrekoak”.

Benetakoa denaren eta birtuala denaren arteko nahasketa den errealitate misto bat

Errealitate handiagotuak benetako munduko irudiak eta gailu teknologiko batek emandako irudi birtualak nahasten ditu errealitate mixto bat sortzeko denbora errealean. Errealitate birtualak ez bezala, ez du mundu fisikoa ordezten, baizik eta informazioa gehitzen du. Mugikorraren kamera eraikin historiko baterantz zuzentzea erakinari buruz gehiago jakiteko edo telebistan ematen ari diren igeriketa-lasterketa baten emaitzak igerilekuaren kaleetan agertaraztea dira errealitate handiagotuaren bi adibide, eta aplikazioak ditu hainbat esparrutan, hala nola hezkuntzan, publizitatean, arkitekturan eta industrian.

Osasun esparruan duela gutxi hasi dira errealitate handiagotua erabiltzen, Leticia San Martínen arabera. “Argitaratu diren azterketa gehienek  osasun arloko profesionalak sortzeko edo kirurgia klinikoko jardunean erabili dute  errealitate handiagotua —esan du Leticia San Martínek—. Ez dugu aurkitu osasun produktuaren erabilerara bideratutako errealitate handiagotuko ezein aplikaziorik. Bai, ordea, antibiotikoen erabilera seguruarekin lotutako esperientziaren bat”.

Mugak gainditzen

Ikertzaile hauen iritzian, errealitate handiagotuak eskaintzen dituen aukeren bidez  “osasun produktuaren mugak arinduko lirateke, erabiltzaileari osaerari eta erabilerari buruzko informazio guztia ematen baitzaio”. “Produktuaren fitxa teknikotik eta erabilera jarraibideetatik, hasi eta produktu bakoitzaren bilgailuaren edukia hiru dimentsiotan bistaratzeraino, bai eta bere erabilera azaltzen duen bideo bat ere, hori guztiak erabilgarri dauka profesionalak gailu mugikor batean ezarritako aplikazio baten bidez”, esan du San Martínek.

Horrek guztiak “ez du soilik merkatuan agertzen diren edo jada bazeuden baina lehenengo aldiz ospitale bateko produktuen katalogoan sartzen diren produktu berrien erabilera errazten, baizik eta hasi berriak diren profesionalentzat edo praktiketako ikasleentzat ere lagungarria izango da”, ondorioztatu du Leticia San Martínek.