Ezkerretik eskuinera: Francisco Falcone, Miguel Beruete, Pablo Rodríguez eta Miguel Navarro ikertzaileak, NUPen.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batzuek Marrakexen (Maroko) izan den Mediterranean Microwave Symposium (MMS) nazioarteko biltzarrean sari bat irabazi dute, ikasleek aurkeztutako lanik onenaren bigarren saria, zehatz esateko. Saria jaso duen ikerketak terahertz-uhinak erabiltzen dituzten metamaterialetan oinarritzen diren gailuak garatzen ditu. Horrek aukera ematen du, esaterako, haririk gabeko komunikazioak arinagoak izateko, edo kutxetan edo arroparen azpian gordeta dauden objektu arriskutsuak urrutitik atzemateko.
Hauek dira saria jaso duten ikertzaileak: Miguel Beruete Díaz, Francisco Falcone Lanas eta Pablo Rodríguez Ulibarri. Hirurak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko kideak dira, eta lana Miguel Navarro Cíarekin eta Andriy Serebryannikovekin batera egin dute. Lehena Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasi zuen egresatu bat da, Imperial College London-eko ikertzailea (Erresuma Batua), eta bigarrena Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitateko (Polonia) irakaslea.
Ikertzaileek metamaterialak eta difrakzioa batera erabiltzen dituzten gailuak diseinatu dituzte. Metamaterialak "argia bezalako uhin elektromagnetikoak material arruntek ezin kontrolatu duten modu batez kontrolatzeko aukera ematen dituzten egitura artifizialak dira", Miguel Beruetak dioenez.
Beste alde batetik, difrakzioa uhinen fenomeno fisiko ohikoa da, uhinek traba bat aurkitzean edo zirrikitu bat zeharkatzean pairatzen duten desbideraketan oinarritzen dena. Uhin mota guztietan gertatzen da, elektromagnetikoetan ere bai. "Esaterako CD baten atzeko aldea begiratzean, posizioaren arabera, argia hainbat koloretan islatzen dela ikusten da. Hori gertatzen da argia elkarren artean interferentzia daukaten iturri askoren moduan islatzen delako, eta horiei difrakzio-moduak esaten zaie —azaldu du Beruetek—. Batzuetan, difrakzio-modu horietako batzuk isolatzen ahal dira, eta horrela jokabide elektromagnetiko oso interesgarriak lortzen dira".
Eta hori da ikertzaile hauek egin dutena, zeinek, ingeniaritza egokia erabiliz, uhin elektromagnetikoak norabide bakar batean pasatzeko moduko egitura bat (metamaterialekin eta difrakzio-sare batekin) diseinatu baitute. "Hau oso erabilgarria da edozein komunikazio-sistema edo radarretan —dio Miguel Beruetek—, gainera egitura hau pasiboa delako; alegia, ez du beste gailu elektronikorik behar funtzionatzeko, eta horrek errazten du, neurri handi batean, bere diseinua eta sistema baten barruan txertatzea".
Materialak zeharkatzen dituzten uhinak
Abantaila honi gaineratu behar zaio beste bat, hau da, gailu hauek aukera ematen dutela terahertz-uhinen maiztasun-tarteko uhinak erabiltzeko. Terahertz-uhinak uhin elektromagnetikoak dira, eta mikrouhinen (hauek sakelako telefonoek edo telebistek funtzionatzeko behar dituztenak dira) eta infragorrien artean daude, eta arropa, zura edo hormak zeharkatzeko erraztasuna daukatenez, erabiltzen dira, esaterako, aireportuetako edo ospitaletako azken belaunaldiko eskanerretan. "Zoritxarrez, uhin hauek erabiltzeko oso zailak izan dira orain arte, baina interes handia dago ustiatzeko, eta erabilgarritasunaren arazoa konpontzen ahal da ikerketa honetan proposatzen diren gailuekin", esan du Miguel Beruetek.