Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak antolatu dituen Ikerketetako XIV. Jardunaldietan Adingabearen Legearen alderdi zibilak eta penalak aztertuko dituzte, eta hainbat adituk eta profesionalek parte-hartuko dute. Topaketa azaroaren 18 eta 19an egingo da Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko Gradu Aretoan (NIGMET), Arrosadiko campuseko Olibondoak eraikinean (1. solairuan). Parte-hartzea doakoa da aldez aurretik izena emanda. Jardunaldiak arratsaldez egingo dira 18.30etik aurrera, eta informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago.
Jardunaldien izenburua "Adingabea Zuzenbidearen aurrean: alderdi penalak eta zibilak" da, eta bi saiotan egituratuko dira. Lehenengo saioa, asteazken goizekoa, Inés Olaizola Nogales Unibertsitateko idazkari nagusiak eta Leticia Jericó Ojer Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanordeak aurkeztuko dute. Saio honetan, adingabe arau-hausleari buruzko Zuzenbide Penaleko gai juridikoak aztertuko dira. Hala, Soledad Barber Burusco Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko irakasleak hitzaldi hau emango du: “Orientazio politiko-kriminalak adingabearen lege penalean”. Jarraian, José Javier López Goñi Unibertsitateko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak adingabe arau-hausleen ezaugarri psikosozial eta kriminologikoei buruz hitz egingo du; eta Itziar Garcés Bariain Aranguren Zentroko ikuskatzaileak eta Berriztu hezkuntza-elkarteko kideak honi buruz hitz egingo du: gizarte eta hezkuntza interakzioa adingabe arau-hausleekin.
Alderdi zibilak
Bigarren saioan, azaroaren 19koan, haurrak eta nerabeak babesteko lege berriak aztertuko dituzte ikuspegi zibil batetik. Raquel Luquin Bergareche Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanordeak aurkeztuko du saioa, eta Javier San Miguel Pascual Xilema Fundazioaren zuzendariak eta psikologoak emango dio hasiera, zeinak babesik eza eta babesteko eginkizuna aztertuko baititu. Jarraian, Mª Alba Fernández García Nafarroako Gobernuko Familiaren eta Adingabeen zuzendariordeak hartuko du hitza, eta haurrak eta nerabeak babesteko sistemaren ezaugarri berriak aztertuko ditu. Azkenik, María Jorqui Azofra Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko irakasleak gai hau aztertuko du: adingabearen adostasuna osasun esparruan.
Leticia Jericó eta Raquel Luquin lehen aipatu ditugun irakasleek zuzentzen dituzte jardunaldiak eta hauei zuzenduta daude: profesionalak, administrazio publikoetako langileak, hezitzaileak, gizarte langileak, legelariak, unibertsitateko ikasleak eta Adingabearen Legean interesa duten guztiak.