Berrogeita hamarren bat pertsonek (gehienak Bigarren Hezkuntzako irakasleak) parte hartu dute larunbat honetan, azaroaren 14an, unibertsitate aurreko mailetako Historiaren Didaktikari buruzko jardunaldi batean. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Geografia eta Historia Sailak eta Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak antolatu dute jardunaldia. Irakasle batzuek irakasgai hau irakasteko esperientzia berritzaileak aurkeztu zituzten, metodologia aktiboen bidezkoak, esaterako bideojokoak erabiltzea edo proiektuen bidezko lanak, "ikasgelan historiari ematen zaion tratamendua ez dadin izan 'museoko historia bat", Unibertsitateko Irakasletza graduko dekanorde Ana Mendióroz Lacambrak esan zuen bezala esateko.
"Historiaren Didaktikaren gaia da ezagutza teoriko-praktikoak prestatzea, historia irakasten eta ikasten denean zer gertatzen den aztertzeko; praktika horren asmoa zein den ulertzeko eta irakasteko aukerak pentsatzeko", azaldu zuen Ana Mendiorozek "Didaktak.hist: Nafarroako eskolako historia: gaur eta bihar" izeneko jardunaldian, Arrosadiko campuseko ikasgelategian egin zenean. Historiaren irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren azken helburua izan behar da, bere aburuz, "ikasleak prestatzea beren burua munduan koka dezaten, mundua historiaren arabera interpretatzeko gauza izan daitezen eta historiaren protagonista izan nahi dezaten".
Geografia eta Historia Saileko haren kidea den Íñigo Mugueta Morenok esan zuen Historiaren Didaktikak "gure zientzia erreferenteak, Historiak alegia, daukan bezainbeste tradizio akademiko ez daukan diziplina bat dela". Horregatik bertan zeudenak aupatu zituen alor honetan ikertzeko.
Hezkuntza ikerketan aurrera egitea
"Hezkuntza ikerketan aurrera egitea konplexua da, kontua ez delako berrikuntza egitea bakarrik, baizik eta demostratzea, halaber, berrikuntza horrekin hezkuntza hobetzen dela —adierazi zuen Muguetak, Unibertsitatearen Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterreko Geografia eta Historia berezitasuneko irakasleak—. Beste hainbat zientzia esperimentalekin gertatzen den bezala, beharrezkoa da ikerketa taldeak eratzea, diziplina artekoak, askotarikoak eta eztabaida sustatzen dutenak". Alde horretatik, azpimarratu zuen beharrezkoa dela talde horietan ikertzaile eskarmentudunak eta gazteak egotea. "Nafarroako Unibertsitate Publikoak etorkizuneko irakasleak prestatzen ditu, eta hezkuntza ikerketari buruzko ezagutzak ematen dizkie —aipatu zuen Muguetak—. Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterrari esker, master amaierako lan gogorrak direla-eta, Historian, Artearen Historian edo Geografian graduatutako ikasle gazteak beren ekarpen zientifiko txikiak sortzen ari dira".
Horietako bat Karlos Andión Echarri da, zeinak joan den ikasturtean egin baitzuen masterra, eta jardunaldian azaldu baitzuen nola irakatsi Historia Garaikidea bideojoko baten bidez. "Masterra ikasten ari nintzenean, Berriozarko DBHIn DBHko 4. mailarako lantegi bat prestatu nuen, Civilization III estrategia historikoari buruzko jokoarekin. Tresna honek simulazio historikoen erabilgarritasuna aztertzeko bidea ematen du, Historia kontrafaktual baten birsorkuntzak balira bezala, denbora historikoaren kontzeptu konplexuak asimilatzeko", esan zuen Andionek.
Saioan kontatu zen beste esperientzia bat César Layana Ilundáinena izan zen, zeina irakaslea baita Iruñeko Gurutze Plazako BHIn: Nafarroako Geografia eta Historia aukerako irakasgaiaren proiektuen bidezko lana. "Irakasgaiari ikuspegi ezberdin bat ematea da helburua, geografoaren eta historialariaren lanari hurbiltzea —adierazi zuen—. Ikasleak lan-taldeka antolatzen dira, eta talde horietan proiektu bat garatzen dute. Proiektuaren gaia, gehienetan, aldez aurretik negoziatu da. Interesgarrienetakoa izan den proiektu batean, Batxilergoko ikasleek Nafarroako Historiaurreari eta Erromanizazioari buruzko eskolak eman dizkiote DBHko 1. mailako ikasleei, eta gero ebaluatu egin dituzte; eta aldi berean, DBHko 1. mailako ikasleek ebaluatu dituzte Batxilergoko ikasleak. Beste proiektu batzuetan blog bat edo web-orrialde bat egin da, edo aro historiko baten ardatz kronologikoak landu dira".
"Proiektuen bidezko lan honetan —gaineratu du Layanak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartuak —, irakasgaiaren eduki eta gaitasun espezifikoenak lantzeaz gain, bilatu da autonomoak izan daitezela, ikasten ikas dezatela eta informazio eta komunikazio teknologiak erabil ditzatela beren aisialdian erabiltzen dutenetik haratago".
Beste esperientzia didaktiko batzuk
Jardunaldiak beste hiru irakasleren komunikazioak eduki zituen: Pedro del Guayo Litrorena (Mutiloako Luis Amigó Ikastetxea), Luis Amigó museoari buruzkoa; Daniel Sánchez Aguirreolearena (Iruñeko Hijas de Jesús ikastextea), rock musika erabiltzeari buruz duela gutxiko Historia ikasteko; eta Francisco Soto Alfarorena (Faltzesko Doña Álvara Álvarez ikastetxea), ikasleak ez aspertzeko beharrezkoa den aldaketa epistemologiko eta didaktikoari buruz.
Román Felones Morrásek (Unibertsitateko Gizarte Kontseiluko burua) moderatu duen mahai-inguru batek, Historia irakasteari buruzkoak, zeinean hainbat irakaslek hartu baitute parte, eman dio amaiera didaktikari buruz hausnartzeko jardunaldi honi.