Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Amaiur Gesta, Javier Castillejo, Tania Díez, Asen Slavchev eta Rebeca J. Ibáñez NUPeko campusean.

Ezkerretik eskuinera: Amaiur Gesta, Javier Castillejo, Tania Díez, Asen Slavchev eta Rebeca J. Ibáñez NUPeko campusean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait ikaslek Bogotan (Kolonbia) irabazi dute demanda-idazki hoberenari saria (“Memorandum on behalf of the applicant”) IV. Iberoamerican Tax Moot Court lehiaketan. Organización Iberoamericana de Tributación Internacional (OITI) erakundeak antolatu du eta, izan ere, Nazioarteko Zerga Zuzenbideko lehiaketa bat da, lau herrialdetako zazpi unibertsitate bildu dituena. Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldeak Banco Santander bankuaren diru laguntza eduki du.

Lehiaketarako prestatu diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak hauek dira: Marina Castro Bosque eta Amaiur Gesta Martínez (Zuzenbide Gradua); Javier Castillejo Zorzano (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan  eta Zuzenbidean Gradu bikoitza); eta Tania Díez García, Vanesa León Arguedas eta Asen Slavchev Uzunov (Abokatutzarako Sarrerako Masterra).

Lehiaketa prestatzeko, eremu juridikoko titulazioetako ikasle talde bat hautatu zen (Zuzenbide Gradua, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan  eta Zuzenbidean Gradu bikoitza eta Abokatutzarako Sarrerako Masterra), Unibertsitateko Zuzenbide Publikoko Saileko Finantza eta Zerga Zuzenbidearen Arloak ematen duen Nazioarteko Fiskalitateari buruzko ikastaroaren esparruan. Horretarako, ikasketa-espedientea, Zerga Zuzenbideko kalifikazioa eta ingeles maila balioetsi ziren, lehiaketa horretan jarduteko hizkuntza hori baita. Bestelako merezimendu garrantzitsu batzuk ere kontuan hartu ziren, esaterako, eztabaida- eta/edo lan-taldeetan parte hartzea.

zoom Ezkerretik eskuinera: Ibáñez, Slavchev, Gesta eta Díez, Kolonbian.

Ezkerretik eskuinera: Ibáñez, Slavchev, Gesta eta Díez, Kolonbian.

Taldeko kideak entrenatu ditu Rebeca J. Ibáñez García Finantza eta Zerga Zuzenbidearen Arloko doktoregaiak, bai nazioarteko fiskalitaterako prestakuntzarako bai lehiaketaren bi faseetarako (idatzizkoa eta ahozkoa), eta oratoria irakatsi die Unibertsitateko Antzerki Taldeko zuzendaria den Óscar Orzáiz Resano irakasleak.

Kasu luze eta konplexuak

Ikasleek bi idazki prestatu dituzte (“Memorandum on behalf of the applicant” edo demanda-idazkia eta  “Memorandum on behalf of the defendant” edo erantzuna demanda-idazkiari) nazioarteko fiskalitateko kasu luze eta konplexu bat ebazteko (enpresa-egitura konplexuak, langile erbesteratuen errenten zerga ordaintzeak eta plangintza fiskalari buruzko bestelako gai batzuk), OITI erakundeak parte hartu duten unibertsitateei planteatu dien kasu praktikoa.

Ahozko fasea Kolonbiako Universidad del Externado unibertsitatean egin da Bogotan, eta bertan parte hartu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldeak bere hiru kideekin (Tania Díez, Amaiur Gesta eta Asen Slavchev). Ingelesez osorik egin zen fase honetan zazpi taldek parte hartu zuten: bi unibertsitate kolonbiar, bi brasildar, mexikar bat eta bi espainiar (horien artean Nafarroako Unibertsitate Publikoa, finalerdira iritsi zena).

Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldea egon zen OITI erakundeko kideek Kolonbiako unibertsitate berean eman zuten zerga ordaintzeari buruzko Nazioarteko Topaketaren prestakuntza saioetan.