Hamaika parte-hartzaile sailkatu dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatzen duen Tesiak 3 Minutuan Lehiaketaren azken aldirako. Lehiaketa honen helburua da ikertzaileei ikusaraztea zer garrantzizkoa den komunikazioa eta zientzia-dibulgazioa. Lehiakideek espezializatu gabeko ikus-entzuleei azaldu beharko diete beren ikerketaren garapena, eta 3 minutura mugatutako parte-hartze baten eta hizkera erraz eta ulergarri baten bidez egin behar dute. Jendaurreko saio irekia izango da, eta azaroaren 24an, asteartean, egingo da, 19:00etan, Arrosadiko campuseko Sario eraikineko 04. ikasgelan.
Bigarren urtez jarraian, doktoretza tesien modalitatean Campus Iberus partzuergoa osatzen duten lau unibertsitateetako ikertzaileek parte hartzen ahalko dute. Edizio honetan Zaragozako Unibertsitateko 30 parte-hartzailek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko 15ek, Errioxako Unibertsitateko 4k eta Lleidako Unibertsitateko 3k eman dute izena. Gradu Amaierako Lanen modalitatean 5 lagunek eman dute izena, eta horiek zuzenean doaz finalera. Beren lanen diziplinei dagokienez, era guztietako gaietan daude: ingeniaritzak, pedagogia, medikuntza, gizarte lana, zuzenbidea, historia, filologia, kimika, soziologia, natura-ingurunearen zientziak, erizaintza, antzinatasunari buruzko zientziak eta abar.
Finalerdiak joan zen astean izan ziren Iruñean (Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Errioxako Unibertsitateko parte-hartzaileentzat) eta Zaragozan (han Lleidako eta Zaragozako parte-hartzaileak aritu ziren). Finalerako Zaragozako Unibertsitateko 6 parte-hartzaile, Nafarroako Publikoko 4 eta Errioxako 1 sailkatu dira. Lehiaketan sarituak izango dira zergatik den beren lana garrantzitsua eta gizarteari zer ekarpen egiten dioten hobekien azaltzen dutenak. Doktoretza Tesi baten Komunikazio Hoberenaren saria 1.000 eurokoa izango da, eta Gradu Amaierako Lan baten Komunikazio Hoberenaren saria 500 eurokoa.
NUPeko Ikerketarako Errektoreordetzak sustatu du lehiaketa Kultura Zientifikoaren Unitatearekin, Komunikazio Zerbitzuarekin eta Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiarekin lankidetzan. Jarduera honen helburu nagusiak hiru dira: gizartearen zientzia-kultura zabalgo bati ekarpena egitea, zientziaren zabalkundea egiteko beharra ikertzaile gazteei txertatzea eta diziplina desberdinetako ikertzaileen arteko harremana sustatzea.
Lehenbiziko "Tesia 3 minututan" lehiaketa 2008an egin zen Queensland Unibertsitatean (Australia). Lehiaketak harrera oso ona izan zuen, eta 2010. urtean Australiako, Zelanda Berriko eta Fijiko hainbat unibertsitatek nazioarteko lehenbiziko lehiaketa egin zuten, eta urtez urte, gero eta parte hartzaile gehiago dauzka.