Joan eduki nagusira

Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen XV. edizioa azaroaren 9an, astelehenean, hasiko da eta azaroaren 15ean bukatuko da. Hainbat jarduera antolatu dituzte, hala nola lantegiak, hitzaldiak, bisitak, ikuskizunak eta erakusketak. Jarduera honek bi helburu dauzka: ikasleen artean bokazio zientifikoak sustatzea eta zientziaren eta zientzialarien lana gizartean ezagutaraztea.

2015eko Nafarroako Zientziaren Astearen inaugurazioa azaroaren 9an, astelehenean, 17:30ean, hasiko da Iruñeko Gaztelu Plazan, eta jende guztiarentzako hainbat erakustaldi zientifiko egingo dira.

Foru erkidegoan, honako hauek dira Zientziaren, Astearen XV. edizioaren sustatzaileak: Zientziaren Lagunen Elkartea, Iruñeko Planetarioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Fakultatea eta Nafarroako Gobernua. Gainera, Nafarroako beste enpresa eta erakunde batzuek laguntzen dute jarduerak garatzen astean zehar.

Jarduerak NUPen

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez, hainbat doako jarduera antolatu ditu edizio honetan: lantegi bat, hitzaldi bat, bisita gidatu bat eta erakusketa bat. Xedea da hiritarren artean kultura zientifikoa sustatzea eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerei dagokienez.

Zehazki, azaroaren 11n, datorren asteazkenean, bisita gidatu bat egingo da Telekomunikazio Museora  (Haginak eraikineko beheko solairua) eta "Protokalkulagailuak: kalkulurako eskuzko gailuak eta gailu mekanikoak" erakusketara (Sario eraikina).

Telekomunikazio Museorako bisita 12:00etan hasiko da, eta Carlos Nagore Torregrosa izango da gidaria. Telefonika enpresako erretiratu horrek jarri ditu martxan museoak dituen telefono-zentralak. 12:45ean Antonio Pérez Prados Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko katedradunak protokalkulagailuen erakusketari buruz hitz egingo du. Erakusketan kalkulurako berrogeita hamarretik gora tresna bildu dituzte  (abako eta eskuzko konputagailu eta konputagailu mekanikoetatik kalkulagailu elektroniko eta digitaletara).

Biharamunean, azaroaren 12an, ostegunean, 19:00etan, Joaquín Sevilla Moróder Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak dibulgazio hitzaldi bat egingo du zientziari eta sukaldaritzari buruz. Hitzaldiaren izenburua hau da:   "Patata baten gertaera bitxiak sua pizten denetik egosten den arte". The Sario Experience-n emango du hitzaldia (Sario eraikineko beheko solairuan dagoen taberna).

Halaber, azaroaren 13an, ostiralean, 11:30ean, “Mapeatu biodibertsitatea” lantegia egingo da. Lantegian, Javier Peralta de Andrésen eskutik (Unibertsitateko Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakaslea), mapa bat egiten ikasiko da behaketak eginez floran, faunan edo landaredian, biltegi publikoetako geruzetan gainjarrita (ortofotoak, mapa fisiko edo administratiboak...) “freeware”  informazio geografikoko sistemen (SIG) bidez (doako "softwarea"). Jarduera hori Arrosadiko campuseko ikasgelategian egingo da, naturan interesatuta dagoen eta informatikako oinarrizko ezagutzak dituen edonori dago zuzenduta, eta ez da beharrezkoa informazio geografikoko sistemak (SIG) erabiltzen jakitea.

Azkenik, azaroaren 25era arte dago ikusgai Sario eraikinean "Matematikaren zaporea" izeneko argazki-erakusketa.  Forma geometrikoak inspirazio iturri dituzten platerak egongo dira ikusgai. José Carlos García Malagako sukaldariak (zeina Michelin izarduna baita) prestatu ditu eta Pedro Reyes Molina matematikariak atera die argazkia. Mercedes Siles Molinak (Malagako Unibertsitateko Aljebra katedradunak) diseinatu zuen erakusketa 2011n Espainiako Matematikako Erret Elkartearen ehungarren urteurrena betetzen zela-eta omenaldia egiteko. Erakusketan Koldo Rodero sukaldari nafarraren plater bat dago (tortilla kubikoa). José Luis Larriónek atera du argazkia.

Jarduera guztien programa (jarduera batzuetan aldez aurretik egin behar da izen-ematea)  www.semanasciencianavarra.org webgunean dago, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu dituen jardueren programa Kultura Zientifikoaren Atalean.