Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak diru-laguntzak emateko deialdia onetsi du, 2015-2016 ikasturtean zailtasun ekonomiko larriak dituzten ikasleek matrikula ordain dezaten. Laguntzak, aurten guztira 15.000 euro egiten dutenak, Unibertsitatean matrikulatuta dauden eta graduko ikasketak eta lehen eta bigarren zikloetako titulazio zaharrak egiten ari diren ikasleei zuzenduta daude. Matrikularen zenbatekoa osorik edo zati batean ordaintzeko dira, eta bateragarriak dira beste beka batzuekin, baldin eta bien baturak ez badu inskripzio-kostuaren % 100 gainditzen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskaerak aurkezteko bi epe ireki ditu: lehena irekita dago dagoeneko, eta datorren azaroaren 10ean, asteartean, amaituko da; eta bigarrena hurrengo urteko martxoaren 18tik apirilaren 17ra artekoa izango da. Ikasleek bi epe hauetako edozeinetan eskatzen ahal dute laguntza, eta horretarako berdin da urteko matrikula edo seihileko matrikula egin duten.

Programa honen helburua da diru-laguntza ematea matrikula ordaintzeko zailtasun ekonomiko larriak dituzten eta, zailtasun horiek direla-eta, unibertsitateko ikasketak uzteko arriskuan dauden ikasleei.

Beka hauek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren matrikularako ez diren beste zenbait laguntzarekin bateragarriak dira. Halaber, beste beka bat lortu badute, beka horrekin bateragarriak izango dira, baita ere, baldin eta beka horrek matrikularen % 100 ordaintzen ez badu. Horrelakoetan, matrikula osorik finantzatzeko falta den kopurua emango zaie, gehienez ere. Edonola ere, ikasleek beka eskatu behar izan diete Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari, Nafarroako Gobernuari edo Eusko Jaurlaritzari, baldintzak beteko dituzte eta ez dute edukiko unibertsitate titulurik.

Hartzaileen profila

Unibertsitatearen deialdiaren arabera, ikasle bat egoera ekonomiko larrian dago, bere bizikidetza unitateetako eusle nagusiak langabezian daudenean edo beren diru-sarrerak asko murriztu direnean. Langabezi eta gizarteratze sariak edo beste batzuk jasotzen dituzten familia-unitateetako kideak diren ikasleak ere egoera ekonomiko larrian daudela jotzen da.

Azkenik, oinarrietan ezarritakoaren arabera, goiko egoeren astungarriak dira aitaren, amaren edo bien heriotza; aitaren, amaren edo familiako beste kide batzuen osasun arazoak, betiere ikaslea lan merkatura sartzea oztopatzen badute; mantenu saririk jasotzen ez duten familia gurasobakarrak; edo etxebizitza dela-eta egiten diren kaleratzeak.

Laguntza eskaerak Unibertsitateko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira. Gero, eskatzailea Gizarte Ekintzarako Unitatearekin jarriko da harremanetan. Unitate honek aztertuko ditu laguntza-eskaera guztiak. Deialdi publiko honen oinarriak  Unibertsitatearen webgunean daude.

Gogorarazi behar da Nafarroako Unibertsitate Publikoak sistema berri bat jarri zuela abian 2013-2014 ikasturtean. Sistema horren bidez, titulazio ofizialetako ikasleek matrikula lau epetan ordaintzeko aukera daukate (urtekoa bada) edo bitan (seihilekoa bada), gainkargarik gabe. Zatikatze honen helburua da ikasleei eta beren familiei erraztasunak ematea gradu, master eta 1. eta 2. zikloetako titulazioetako tasak ordaintzeko.