Joan eduki nagusira

zoom Mª Dolores Ugarte (ezk.) eta Ana Fernández Militino, egilekide diren liburuarekin.

Mª Dolores Ugarte (ezk.) eta Ana Fernández Militino, egilekide diren liburuarekin.

María Dolores Ugarte Martínez eta Ana Fernández Militino, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedradunek berriki argitaratu dute “Probability and Statistics with R” (“Probabilitatea eta Estatistika R-rekin”) liburuaren bigarren edizioa. Argitalpen honek 200 orrialde baino gehiago erantsi dizkio Ingeniaritzako fakultateetan eta eskoletan Estatistika maila ertainean ikasten duten ikasleentzat eta irakasleentzat den irakaskuntza testu honi.

Zientzia gaietan ospe handia daukan Taylor and Francis taldeko CRC Press / Chapman and Hall argitaletxe estatubatuarrak argitaratu du lana. Bi katedradunak liburuaren egilekide dira Appalachian State University unibertsitateko (Estatu Batuak) Alan T. Arnholt Estatistikako katedradunarekin batera.

Liburua, bai izenburuan bai edukian, mundu osoko unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan hedatuenetakoa den estatistika pakete bati buruz ari da,  R izenekoa, hain zuzen ere. Software hau banaketa askekoa eta doakoa da, eta horrek bereziki erakargarri egiten du ikasleentzat eta estatistika oro har erabiltzen dutenentzat.

950 orrialdeko lan bat

Bigarren argitalpen honek handitu egin du 2008. urtean egindako lehenbizikoa, 950 orrialdera arte, eta eduki berriak erantsi dizkio: konfiantza-tarteen estaldura probabilitateak, erregresio-ereduen baliozkotzea, ggplot2 liburutegiaren erabilera grafikoak R-an egiteko, egiazko datuetan oinarritutako adibide berriak eta ariketa berrien proposamena, bai eta funtzio berriak sartzea ere.

Testuak oinarrizko edukiak jasotzen ditu gai hauei buruz: datuen esplorazio eta analisia, probabilitatea eta ausazko aldagaiak, estimazio parametrikoa eta ez parametrikoa (bootstrap teknikak barne), tarteak eta hipotesi-kontrasteak, esperimentuen diseinuko oinarrizko teknikak eta erregresio lineal sinplea eta askotarikoa. Liburuko adibide eta ariketa guztiak eskuz eta R estatistika paketearekin ebatzita daude. 

Edizio berri honetan, egileek ahalegin handia egin dute kalkuluak oso modu didaktikoan zehazteko, R-ren zenbait funtzio eta komando argiago azaltzeko xedez. Liburuak, era berean, PASWR2 liburutegi bat dauka, erraz eskuratzen dena R-ren zerbitzarietan eta github (lankidetza garapeneko plataforma) plataformaren bidez. Bertan daude bereziki lan honetarako garatu diren datu multzo eta funtzio guztiak. Gainera, liburuaren (http://alanarnholt.github.io/PASWR2E-Book/) webgunean, eskuragarri daude testuan erabili diren “script” edo komando multzo guztiak. Halaber, kapitulu bakoitzak 30 eta 50 ariketa arteko bilduma bat dauka ikasleek praktika ditzaten eduki espezifiko teorikoak eta praktikoak.

Liburua erabiltzen duten irakasleek, gainera, proposatutako ariketa guztien erantzunak dauzkan ia 700 orrialdetako emaitzen liburu bat eskuratzeko aukera daukate. Liburuaren webgunean azaltzen dira, baita ere, testuko ariketa bakoitien emaitzak, ikasle guztiek libreki kontsultatzeko daudenak.