Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbideko hamaika irakasle, Euskal Herriko Unibertsitateko beste irakasle batekin batera, Lorenzo Silva (Madril, 1966) idazle eta legelariaren eleberrietan azaltzen diren ehundik gora arazo juridiko aztertzen dituen liburu baten egileak dira. Silvak asmatutako serie poliziakoan Bevilacqua eta Chamorro ikertzaileak dira protagonistak. Liburuaren izenburua “El Derecho en la obra de Lorenzo Silva” (Zuzenbidea Lorenzo Silvaren lanetan) da. Thomson Reuters Aranzadik argitaratu du, eta ariketak proposatzen ditu haren eleberrien irakurketa sartzeko Zuzenbidearen irakaskuntzan eta ikaskuntzan.
Liburua, idazlearen hitzaurrea daukana, atzo, urriak 29, aurkeztu zen Madrilen egindako ekitaldi batean. Bertan ziren Lorenzo Silva, José F. Alenza García (lanaren zuzendaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa) eta Javier Moscoso del Prado (Thomson Reuters Aranzadi argitaletxearen Erredakzio Kontseiluaren burua).
Liburuaren egileetako batzuk: ezkerretik eskuinera, Beatriz Rodríguez, Inés Olaizola, José Alenza, Leticia Jericó, Gracia Bujarrabal, Iñaki Riaño eta Natividad Goñi
Egilekideak unibertsitateko hamabi irakasle dira, bederatzi espezialitate juridikotakoak (penal, prozesal, zibil eta merkataritza arloa, lan arloa, administratiboa, zerga arloa, nazioartea eta zuzenbidearen filosofia). Zehatz esanda, José F. Alenza Garcíaz gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle hauek ere kapituluak idatzi dituzte: Ignacio Amatriain Cía, Francisco Javier Blázquez Ruiz, Gracia Bujarrabal Antón, Natividad Goñi Urriza, Leticia Jericó Ojer, Rafael Lara González, Inés Olaizola Nogales, Iñaki Riaño Brun, Manuel Richard González eta Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano. Egileen zerrenda osatzen du Aránzazu Pérez Moriones Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak.
Aztertutako lanak
Liburuan aztertzen da Bevilacqua eta Chamorro ikertzaileak protagonista dituen serie poliziakoa, “El lejano país de los estanques” liburuarekin hasitakoa (Ojo Crítico saria 1998an), eta haren ondoko beste zazpi eleberri: “El alquimista impaciente” (Nadal saria 2000. urtean), “La niebla y la doncella”, “Nadie vale más que otro”, “La reina sin espejo”, “La estrategia del agua”, “La marca del meridiano” (Planeta saria 2012an) eta “Los cuerpos extraños”. “Krimenek, ikerketek eta epaileen eta abokatuen interbentzioek hainbat arazo juridikoren agerpena planteatzen dute”, dio José F. Alenzak.
Horiei gehitzen zaie “Bocheviques y Ángeles” trilogia, non, guztietan, “eguneroko antiheroien estualdiak azaltzen baitira, erredentzio moduren bat bilatzen dutenak errudun sentitzen direlako arduradun izan gabe, edo arduradun zirelako errudun sentitu gabe”, Alenzak dioenez. Hiru eleberri horiek “La flaqueza del bolchevique” (Nadal sariko finalista 1997an), “El ángel oculto” eta “El urinario”. Eta, azkenik, beste bi ere bildu ziren, errua eta erantzukizuna aztertzen dutenak eta dekanoaren ustez, "inplikazio juridiko interesgarriak, oso ikuspegi desberdinetatik" azaltzen dituztenak. “El blog del inquisidor” eta “La sustancia interior”.
“Idazten dudanean, eta bereziki eleberri poliziakoak idazten ditudanean, non, nire protagonistak poliziak izanik, legearen ezarpena beti presente dagoen —idatzi du Lorenzo Silvak bere liburuaren hitzaurrean—, beste autore batzuek ez bezala, argi eta garbi hautatu dut ez saihestea arazo juridikoak, ustez nahasiak edo narraziorako ez oso atseginak direnak. Narratzaile baten erronka da den-dena kontatzea, eta horrekin esan nahi dut garrantzitsua den guztia, baita a priori zailagoa den hori ere, modu ahalik eta naturalenean eta ulergarrienean".
Izan ere, Lorenzo Silvak Iruñean parte hartu zuen 2014an LyDer (Literatura eta Zuzenbidea) Programaren I. Promozioko graduazio ekitaldian, 2010. urtetik “Zuzenbidea besterik ez dakienak, Zuzenbidea ere ez daki” leloarekin garatzen duena Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak. Mintegi bat da, non irakurketa plan baten bidez, beste helburu batzuen artean, ikasleen heziketa integralean lagundu nahi baitu, giza arloko eta balioen prestakuntza eman ikasleei, eta curriculumeko eduki juridikoen ikaskuntza osatu edo zabaldu.
Lorenzo Silva, egile emankorra
Lorenzo Silvak hainbat sari jaso ditu bere idazle-ibilbidean, eta bere liburuak hamar bat hizkuntzatara itzuli dira. Silva zuzenbidean lizentziaduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta hasiera batean, hamar urtetik gora abokatu-lanean aritu zen energiaren arloko enpresa handi batean.
Lehen aipatu eleberriez gainera, Silvak saiakerak idatzi ditu, esaterako, “El Derecho en la obra de Kafka” eta “Sereno en el peligro. La aventura histórica de la Guardia Civil”; bidaia liburu bat, “Del Rif al Yebala. Viaje al sueño y la pesadilla de Marruecos”; eta erreportaia liburu bat, Luis Miguel Franciscorekin batera, espainiar tropen interbentzioari buruz Iraken “Y al final, la guerra”
Halaber, hainbat komunikabidetan kolaborazioak idazten ditu, eta haietan erreportajeak, literaturari buruzko artikuluak, bidaia eta iritzi artikuluak idazten ditu.