Duela gutxi Corfun (Grezia) egin den Informazio, Adimen, Sistema eta Aplikazioei buruzko Nazioarteko 6. Biltzarrean (IISA 2015 dira bere siglak ingelesez) aurkeztutako txosten hoberenarentzako saria eman diete Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileei. Lanak hobekuntza bat egin du hiri adimendun edo “smart city” batean osasun zerbitzuak ematen dituzten sentsoreen konektibitatean.
NUPeko eta Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitateko ikertzaileen arteko lankidetzaren emaitza da lana. Honako hauek dira ikertzaileak: Erik Aguirre Gallego, Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras, Francisco Falcone Lanas eta Peio López-Iturri, NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko ikertzaileak, eta Fran Casino Cembellín eta Agustí Solanas Gómez, Kataluniako unibertsitateko Informatika Ingeniaritza eta Matematika Sailekoak. Horietaz gainera, lan honetan parte hartu dute Smart Health Agustí Solanas buru duen ekimenak, eta NUPeko Smart Cities Institutua izenekoak.
“Smart health” kontzeptua da lanaren abiapuntua, hau da, bi hauen batura: “e-osasuna” (edo teknologia berrien aplikazioa osasunaren esparruan) eta “m-osasuna” (gailu mugikorren erabilera), dena hiri adimendun baten testuinguruan. “Smart city” batean osasunarekin lotutako zerbitzuak emateko, hala nola osasun laguntza edo gaixo kronikoen jarraipena, hainbat sentsore dituen ingurune teknologiko bat edukitzea beharrezkoa da. “Haiek gai dira komunikazioan jartzeko bai hiriaren azpiegiturarekin, bai erabiltzaileekin eta osasun arloko informazio-sistemekin, bereziki, eta, oro har, hiriko kudeaketa sistemekin —azaldu du Francisco Falcone ikertzaileak—. Horrek berarekin dakar xehetasun guztiekin aztertzea sentsore horiek erabili ohi duten hari gabeko kanala, ahal den energia-kontsumo txikienarekin eta, zerbitzu kalitateari dagokionez, zerbitzu hoberenarekin bermatzeko konektibitatea.”
Horretarako, “seinale erradioelektrikoen hedapena ikertzen da. Zeregin hori oso korapilatsua da hiri-inguruneetan, topologia eta morfologia xehetasun ugari baitituzte, eta horrek karga konputazional handia sorrarazten du, eta, kasu askotan, teknika klasikoekin azter ezin daitekeena”, esan du Falconek.
Kalkulatzeko denbora murriztea
Orain saritu duten lanak arazo hori aztertzen du bi teknika uztartuz, eta horri esker “nabarmen murrizten da kalkulatzeko denbora, zehaztasun maila handiarekin”, Falconeren arabera. Bere eraginkortasuna balioesteko, osasun ingurune hiritarren hainbat modelo errealista diseinatu dituzte, eta modelo horietan hainbat komunikazio sentsore sartu dituzte, eta hala beren portaera simulatu dute. “Lan honetan proposatutako metodo berriak teknika klasikoen antzeko emaitzak ditu, baina konputazio kostu txikiagoarekin”, esan du ikertzaileak.
Lan hori garatzen ari dira egun, eta bere azken helburua da edozein egoera korapilatsu konpontzea, kalkulua egiteko epea murriztea, eta, hortaz, “smart cities”-en ingurune batean funtzionatzen duten komunikazio-sistema hari gabeko eta mugikorren plangintza teknikak erabiltzeko aukera ematen du.