Joan eduki nagusira

zoom María Jesús Campión eta Juan Ramón de Miguel, NUPeko matematika irakasleak

María Jesús Campión eta Juan Ramón de Miguel, NUPeko matematika irakasleak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Matematika Saileko bi irakaslek "Hobetzeko Proiektua" izeneko proiektu bat martxan jarri dute, zeinaren bidez, eta metodologia parte-hartzaile bati esker, ikasgelategian telefono adimentsuak, tabletak edo ordenagailu mugikorrak erabiliz, lortzen baita ikasleen inplikazio handiagoa eta emaitza akademiko hobeak Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen graduetako matematikako eskoletan.

Proiektuaren egileak Jesús Campión Arrastia eta Juan Ramón de Miguel Velasco izan dira, eta ekimen hau aurkeztuko dute  Matematika Irakasteari buruzko Nafarroako IV. Jardunaldietan. Jardunaldiak gaur ostiralean, 23an, eta bihar larunbatean, 24an, egingo dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sario eraikinean.

NUPeko  Matematika  Saila eta Matematika Irakasleen Nafarroako Elkartea dira jardunaldi hauen antolatzaileak. Jardunaldien xede nagusia da haur hezkuntzaren alditik unibertsitateko aldirako matematika irakasleen eta beren lanen, esperientzien eta kezken komunikaziorako foro eta topagune bihurtzea, bai eta gizartean matematikaren kultura transmititzen eta ikusarazten lagunduko duen beste elementu bat izatea ere. Jardunaldiek Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailaren, Caja Navarra Fundazioaren, Euskal Herriko GeoGebra Institutuaren (Udako Euskal Unibertsitatea), Pamplona Congresos enpresaren, Santillana argitaletxearen, Iruñeko Auzolan liburudendaren eta Casio enpresaren hezkuntza-dibisioaren laguntza dute.

Teknologia irakaskuntza hobetzeko

María Jesús Campión Arrastia eta Juan Ramón de Miguel Velasco irakasleek, jardunaldi hauetan aurkezten duten ponentzian esaten duten bezala, ikasleek "matematika hobeki ulertzea" lor dezaten nahi dute, beren proiektuarekin. "Oinarrizko ideia da ikasgelan azaltzen diren kontzeptuen eta propietateen esanahiari buruzko gogoeta eginaraztea, eta horretarako behar-beharrezkoa da berehalako erantzunen bat jasotzea sartu eta berehala", diote egileek.

Horretarako, teoria klaseetan irakasleak aplikazio bat erabiltzen du (Socrative), zeinak aukera ematen baitu lanak ebaluatzeko  denbora errealeko galdetegien bidez baita  emaitzen agregazio eta emaitzen bistaratze azkar bat edukitzeko ere. Saioetan, irakasleak galderak egiten ditu eta ikasle guztiek aldi berean erantzuten dute, tableten, sakelakoen edo ordenagailu eramangarrien bidez, zeinekin aplikazio horretara sartzen baitira.

Irakasleak erantzunak jaso eta emaitzak komentatzen ditu eskolan, eta horrek ideia zuzenak tinkoagotzen eta okerrak zuzentzen ditu. Gainera, geroago, banakako erantzunak jaso eta prozesatzen ahal dituzte, kalkulu-orri batean iristen zaizkiolako. "Egia da ikasgelan berehalakotasun honekin jokatzeak erantzun oker asko sorrarazten dituela, baina, hain zuzen, okerrak denbora errealean aztertzeak eragin positiboa dauka ulermenean", esaten dute egileek. Proposatu den proba, gero, interneten uzten da, ikasleek eskuratzeko moduan, errepasatzeko eta nork bere burua ebaluatzeko.

Gaindituen tasarik handiena

Esperientzia honek, oraindik, iraupen laburra eduki duenez, ez dago datu erabatekorik; baina, ponentziaren arabera, baliabide teknologiko hau erabili zuten ikasleek gaindituen tasa handiagoa eduki zuten. Ponentziaren izenburua hau da: "Hobetzeko Proiektua, NUPen Ekonomia eta Enpresarako Metodo Kuantitatiboen arloan".

"Asko dira baliabide hau erabiliz gero lortzen diren abantailak: ikaslearen interesa atzematen du, inplikatzera bultzatzen du etengabe, ikasgelako lankidetza sustatzen du, azaldutakoa hobeki atxikitzen laguntzen du, eta zuzenaren eta okerraren erabiltze didaktikorako egokia da", azaldu dute ponentziaren egileek, arrisku batzuk ere badirela badakitenak, "interneten denbora galtzeak gerta daitezkeelako", nahiz eta hau ez gertatu uste litekeen bezain maiz.