

Campus Iberuseko unibertsitateen, CLHren eta finalera iritsi diren proiektuen ordezkariek taldean ateratako argazkia
Eversens (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) eta Epic Power Converters (Zaragozako Unibertsitatea) proiektuak izan dira Campus Iberus-CLH-ren “Iberus Emprende” ekintzailetza sarien irabazleak modalitate banatan. José Arnáez Vadillo, Errioxako Unibertsitateko errektorea eta Campus Iberus Partzuergoaren lehendakaria izan zen sariak emateko ekitaldiaren burua. Ekitaldia atzo egin zen Logroñon.
Bigarren tokian sailkatu ziren Opticsensing Technology (NUP), ezagutzan oinarritutako negozio-ideien sortzailea modalitatean eta Bioeder Technology (NUP), enpresa proiektua modalitatean. Lehiaketaren azken fasean —Campus Iberusek eta Compañía Logística de Hidrocarburos-ek (CLH) antolatua— 9 proiektuk parte hartu zuten: NUPeko 5, Zaragozako Unibertsitateko 2 eta Lleidako Unibertsitateko 2.
Ekitaldia16.30ean hasi zen Ingeniaritza Eskolako ekitaldi-aretoan, eta honako hauek parte hartu zuten: Alfonso Carlosena, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea; José Luis López de Silanes, Errioxako Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren eta CLHren burua; Luis Miguel García Vinuesa, Zaragozako Unibertsitateko Unibertsitateko Politika Zientifikoko errektoreordea; eta Óscar López Lorente, Campus Iberuseko zuzendari exekutiboa.
'Iberus Emprende' ekintzailetzarentzako sarien programa Campus Iberusek eta CLHk Zaragozako, Lleidako, Errioxako Unibertsitateek eta NUPek sortutako ezagutzatik abiatuz Ebro Ibarrean ekintzailetza sustatzeko izenpetutako hitzarmenaren emaitza da.
Iberus Emprenderen helburua da berrikuntza eta enpleguaren sorkuntza sustatzea Campus Iberusen kokalekua diren eskualdeetan ekintzaileei laguntza esplizitua emanez, ezagutzan oinarritutako enpresen sorkuntzak eskualdeetako produkzio sarea dibertsifikatzen laguntzen baitu.
Ezagutzan oinarritutako ideiak
Ezagutzan oinarritutako negozio-ideien sortzaile sariaren helburua da espiritu ekintzailea sustatzea, Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako ikasleei eta tituludunei enpresa berriak sortzen lagunduz.
Honako hau izan zen epaimahaiaren erabakia:
Lehenengo saria: Eversens proiektuaren helburua inbaditzailea ez den diagnostiko klinikorako sistemak diseinatu, garatu eta fabrikatzea da, arnasarekin botatzen diren biomarkatzaileen bidez, hau da, giza hatsean daudenen bidez. Juan María Pérez, Leyre Ruete, Francisco Javier Arregui eta Ignacio Matíasek sustatzen dute, eta Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroan (CEIN) dago. Saria hau da: 1.000 euro, eskudirutan eta CLHk babestuak, Campus Iberus 2015-2016ko Ekintzailetza Masterreko matrikularako beka bat, trofeoa eta proiektua garatzeko aholkularitza eta ideiaren ikusgarritasuna Campus Iberusen bidez.
Bigarren saria: Opticsensing Technology, laborategirako funtsezko diren ekipoak diseinatu eta fabrikatzen ditu, bai eta zuntz optikoko sentsoreak garatu eta ebaluatu ere. Saria hau da: Campus Iberus 2015-2016ko Ekintzailetza Masterreko matrikularako beka bat, trofeoa eta proiektua garatzeko aholkularitza eta ideiaren ikusgarritasuna Campus Iberusen bidez.
Kategoria horretan lehiatzen ziren, baita ere, ArthroFood (giza kontsumorako intsektuen ekoizpen ekologikoa), Nox (istripuak saihesteko sistema bat) eta BizCoun (enpresa txiki eta ertainentzako erostek egiteko zerbitzu zentral bat).
Enpresa Proiektua


Opticsensing Technology (Iker Belloso Sancet), bigarren saria negozio-ideien sorkuntzako modalitatean
Campus Iberuseko unibertsitateko komunitateko kideek azken 48 hilabeteetan abian jarri dituzten enpresa proiektuen ahalegina aitortu nahi da kategoria honen bidez.
Honako hau izan zen epaimahaiaren erabakia:
Lehenengo saria: Epic Power Converters S.L., sareak berak erabiltzeko (sarera itzuli gabe) energia berreskuratzeko eta biltegiratzeko sistemak garatu, ekoiztu eta saltzen ditu. Bere lehen produktua ERS P3k izenekoa da. Sistema horrek igogailu baten kontsumoaren % 45 aurreztera irits daiteke. Zaragozako Unibertsitateko I3A Institutuaren Potentzia Elektronika eta Mikroelektronikako ikerketa taldeak sortutako spin-off bat da. Saria hau da: 5.000 euro, eskudirutan eta CLHk babestuak, Campus Iberus 2015-2016ko Ekintzailetza Masterreko matrikularako beka bat, trofeoa eta ideiaren ikusgarritasuna Campus Iberusen bidez.


argazki-oina: Bioeder Technology (Fermín Cilveti Vidaurreta), bigarren saria Enpresa Proiektuen modalitatean
Bigarren Saria: Bioder Technology S.L., hainbat elikagaien nutrizio kalitatea hobetzeko osagai gisa erabiltzen dituzten proteina bioaktiboak fabrikatzen eta merkaturatzen ditu. Saria hau da: Campus Iberus 2015-2016ko Ekintzailetza Masterreko matrikularako beka bat, trofeoa eta ideiaren ikusgarritasuna Campus Iberusen bidez.
Kategoria horretan lehiatzen ziren, baita ere, Mahei Engineering SL (errealitatea handiagotua duten aplikazio mugikorrak hezkuntzarako eta marketinerako) eta Cool Everywere SL (edariak hoztekoa).