Joan eduki nagusira

zoom Urretxindorra proiektuan parte hartzen ari diren unibertsitarioak eta Lehen Hezkuntzako ikasleak

Urretxindorra proiektuan parte hartzen ari diren unibertsitarioak eta Lehen Hezkuntzako ikasleak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hamalau ikasle Iruñeko García Galdeano, Berriozarko Mendialdea eta Faltzesko Doña Álvara Álvarez ikastetxe publikoetako haurrei laguntzeko programan hasi dira. Urretxindorra proiektua izena duen ekimen honetan parte hartzen duten ikasleak haur horien mentore dira kultura eta gizarte topaguneak eta ikaskuntza pertsonaleko guneak sortzeko, laguntza emateko eta haientzat eredu egoki moduan agertzeko xedez.

Programa Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak sustatzen du eta Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedraren eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren lankidetza dauka, Gobernuarekin hitzarmen bat sinatu baitzen honetarako.

Urretxindorra Proiektuaren bosgarren edizioa abian jarri zen joan den asteburu honetan. Aurkezpen jarduna egin zen eta unibertsitateko ikasleek 2015-16 ikasturte osoan zehar lagunduko dituzten adingabeak ezagutzeko lehen saioa eduki zuten. Gizarte Laneko Saileko bi irakasle egon ziren ekitaldian, Izaskun Andueza Imirizaldu eta Lucía Martínez Virto, eta  Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedraren ikertzaile bat, Rubén Lasheras Ruiz. Haiek eman zieten ongietorria haurrei, haien gurasoei eta García Galdeano, Doña Álvara Álvarez (hauek biak gaztelaniaz ematen dituzte eskolak) eta Mendialdea (euskaraz) ikastetxeetako ordezkariei. Gainera, Bernardo Ciriza Pérez ere egon zen, Peralta aldeko Gizarte Zerbitzuetako Partzuergoko burua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere Plan Estrategikoaren esparruan sustatzen dituen gizarte erantzukizuneko jardueren barnean kokatzen da proiektu hau. Bosgarren edizio honetan Unibertsitateko Unesco Katedraren laguntza eduki du, ikasle mentoreak prestatu eta oro har mentoretza sozialari buruz hausnartzeko guneak sortzeko. Edizio hau kontuan hartuta, 50etik gora dira ekimen honi esker mentore izan direnak, eta sei ikastegi ekimenaren onuradun izan dira.

Ikasleen zerrenda

Hauek dira Urretxindorra proiektuan parte hartzen duten ikasleak, hurrenkera alfabetikoan, eta egiten ari diren titulazioa ere aipatuz: Alejandro Aguinaga Garijo (Gizarte Lana), María de Fátima Das Neves Días (Gizarte Lana), Irune Bustingorri Iriarte (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza), Andrea Jiménez López (Gizarte Lana), Gaizka Legarra Gorgoñón (Lehen Hezkuntza), Pablo Martínez Garrido (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza), María Regina Martínez Honrado (Gizarte Lana), Leyre Palomino Miner (Gizarte Lana), Patricia Puyol Albéniz (Gizarte Lana), Naiara Remón Valencia (Lehen Hezkuntza), Estíbaliz Sainz Basterra (Gizarte Lana), Ainhoa Salinas Astráin (Gizarte Lana), Rebeca Sánchez Ruiz (Lehen Hezkuntza) eta Saray Soldado Medida (Gizarte Lana).

Heldu den maiatzeraino luzatuko den programaren helburua da harremanean jartzea gazteak kultura eta testuinguru sozial ezberdinetako haurrekin, abiapuntutzat hartuta bien arteko harremana aukera egokia dela esperientzia berriak edukitzeko, trebetasunak jorratzeko eta pertsonen arteko harreman moduak lantzeko. Xedea da esperientziak onura ekartzea adingabeei, haien familiei, ikastetxeari, unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.

Gaztelaniaz eta euskaraz

Mentoretza gaztelaniaz eta euskaraz egingo da (adingabeak zer hizkuntzatan ikasten duen, horren arabera), eta unibertsitarioek aldez aurretik jaso dute prestakuntza, haurrekin egokituko zaizkien egoerei aurre egiteko edo familiarekin zer nolako harremana landu jakiteko. Laguntzeko lanean jarduera ludikoak eta kulturalak egingo dituzte adingabeen aisialdian, astean bizpahiru orduz, eta Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitatean gainbegiratuko diren hainbat irizpideri jarraikiz.

Mentore izateak berarekin dakar haurrekin denbora partekatzea eta kalitatezko arreta ematea, espektatiba gehiago izan ditzaten eta bizitzan esperientzia berriak edukitzeko aukera izan dezaten. Jarduera bukatzean, ikasleek beren parte hartzearen ebaluazio txosten bat egingo dute. Parte hartzaile bakoitzak beka bat jasoko du, jarduerak egiten diren bitartean sortzen diren gastuak ordaintzeko xedez.