Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Campo, Iriarte, Supervía, María Jesús Laquidáin Imirizaldu NUPeko irakaslea, Loperena eta Arregui, Amma Mutilva egoitzan.

Ezkerretik eskuinera: Campo, Iriarte, Supervía, María Jesús Laquidáin Imirizaldu NUPeko irakaslea, Loperena eta Arregui, Amma Mutilva egoitzan.

Diego Supervía Maestrek (Huesca, 1991) Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta gradu amaierako proiektu gisa, baratze okupazional bat diseinatu du Amma Mutilva adinekoen egoitzarako (izen bereko udalean dagoena, Aranguren ibarrean, Nafarroan). Lanak Oso ongi kalifikazioa erdietsi du, eta adinekoentzat egokitutako lana eta instalazioak ezartzen ditu.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko bi irakasle izan dira proiektuaren zuzendariak: Luis Miguel Arregui Odériz eta Miguel Ángel Campo Bescós. Ikasleak eta irakasleek proiektua aurkeztu diete Amma Mutilva egoitzako arduradunei, hau da, María Loperena Zabalza zuzendariari eta Resurección Iriarte Delgado animatzaile soziokulturalari.

"Proiektuaren helburua zen egoiliarrek beren astiaren parte bat egoitzan bertan pasatu ahal izateko moduko espazio bat diseinatzea —esan du Diego Supervía egileak—. Are gehiago, baratzera joateko ohitura berriz har dezaten balio ahal du, edo baratzearekin zaletzeko".

Erabiltzaileak adinekoak izango zirela kontuan hartuta, Diego Supervíak baratzearen diseinua egokitu egin du. "Laborantza goian egin behar da, adinekoak erosoagoak egon daitezen. Gainera, egoiliarrek ahalik eta traba gutxien aurkitu behar dute instalaziotik zehar higitzeko. Eta arazoak saihesteko, ez da pestizidarik erabili", dio Diego Supervíak, zeinak Valdorba zereal-kooperatiban (Barasoainen) praktikak egin baititu.

zoom Diego Supervíak azaldu du nolakoa den Amma Mutilva egoitzean diseinatu duen baratzea.

Diego Supervíak azaldu du nolakoa den Amma Mutilva egoitzean diseinatu duen baratzea.

Horrela, proiektuaren egileak PVCko 16 laborantza-mahai jartzea pentsatu du, sarrera zabalak, eskudelak eta hoirmigoizko zorua dituen espazio batean, "hormigoia gainazale egonkorra baita, egoiliarrak eroso ibiltzeko". Inguruan, zurezko hamar banku jartzea proiektatu du, "baratze-lanaren neketik atseden hartzeko eta lanaren emaitza ikusi ahal izateko", eta armairu bat, lanabesak gordetzeko.

Izurrien kontrol biologikoa eta konpostatzaileak

Diego Supervíak bederatzi baratze-laborantza aukeratu ditu (tomateak, letxugak, alberjiniak, lekak, erremolatxak...), horiek lantzeko ez delako aldez aurretik ezer jakin behar, eta altueraren arabera antolatu ditu (altuenak direnak alde batetik, eta baxuenak beste alde batetik); bestalde, tantakako ureztatze sistema jarri du, "eraginkorragoa" delako, eta abonu minerala erabiliko dutela dio. Horretaz aparte, izurrien kontrol biologikoaren aldeko apustua egin du, baratzeko lorontzietan jarri den eta harrak uxatzen dituen landaredi laguntzailearen bidez. Gradu amaierako lan honetan konpostatzaile batzuk ere badaude, baratzeko hondakinak eta egoitzako gainerako lorategietako hondakinak ere baliatzeko.

Proiektu hau Amma Mutilva egoitzarentzat pentsatuta dago. Egoitza Amma Taldekoa da. Taldea 1997an sortu zen, Nafarroan, eta akzionista nagusiak  CaixaBank eta Caja Duero Enpresa Talde Korporatiboa dira. Taldeak hogeita hamar egoitza kudeatzen ditu, horien artean Mutiloakoa, eta 5.300 postu dauzka (bertan bizitzekoak eta eguneko zentrokoak, biak kontuan hartuta) zortzi autonomia-erkidegoetan. Amma Mutilvak bertan bizitzeko 180 postu dauzka, eta eguneko zentroko beste 18, eta horietako batzuk kontzertatuta daude Nafarroako Gobernuarekin.