

Ikerketa taldea: ezkerretik eskuinera, Álvaro Martínez Echeverri, Gurutze Pérez Artieda, Patxi Sorbet Presentación, David Astrain Ulibarrena, Patricia Aranguren Garacochea eta Antonio Rodríguez García.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek lanean dihardute, industria eta etxeko prozesuetan, errekuntzaren ondoriozko keen bidez isuritako bero-energia berreskuratzeko bihurgailu termoelektrikoen garapenean eta zuzenean erabilgarria den energia elektrikoa ekoizteko. David Astrain Ulibarrena irakasleak zuzentzen du ikerketa proiektua, eta 50.820 euroko finantzaketa dauka Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak egin duen azken deialdian I+G+b proiektuak finantzatzeko, Ikerketa Zientifiko eta Teknologiako eta Berrikuntzako 2013-2016 Estatu Planetik.
Sorkuntza termoelektrikoa “ hondar-beroaren iturrietatik energia sortzeko gaitasuna duen teknologia bat da, eta, hortaz, energia berreskuratzeko aukera bat da bai industria sistema handietan, bai etxebizitza-eraikinetan”, azaldu du David Astrainek. Termoelektrizitateak aplikazio arrakastatsua izan du hainbat arlotan, hala nola, autogintzan, eta are teknologia espaziala bezalako arloetan (esaterako, Marte planetara bidalitako NASAren Curiosity esplorazio-ibilgailua). Horren atzean dagoen arrazoia da “bere sendotasuna, fidagarritasuna eta parte mugikorrik eza dela-eta ia ez duela behar mantentzerik”, argitu du proiektuaren ikertzaile nagusiak. Nolanahi ere, teknologia honen muga nagusia da “eraginkortasun txikia, eta alderdi horri buruzko ikerketa sakon bat egiten ari gara egun”.
Hor du sorburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek bihurgailu termoelektrikoak garatzeko abian jarritako ikerketa honek. Izan ere “konponbide tekniko berri bat da, bai errendimendu energetikoari, bai epe ertainean teknologia honekin lotutako produktu berrien garapenari ekarpenak egin ahal dizkiena”, esan du David Astrainek, Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saileko irakasleak.
250º C baino baxuagoa den hondar-beroa baliatzea
Proiektu honek GETER (Sorkuntza termoelektrikoa hondar- beroaren energiaren bidez) izeneko beste proiektu batek irekitako ildoari jarraitzen dio. GETERen helburu orokorra zen maila termiko baxuko bero energia, hau da, 250º C baino baxuagoko tenperatura duten hondar-beroaren fluxuak. Gizakiok erabiltzen dugun energia primarioa % 40 hondar-bero gisa galtzen dela eta kopuru horren % 72 maila termiko baxukoa dela jotzen da.
Proiektu horretan sorgailu termoelektriko bat egin eta berarekin probak egin zituzten, gas naturaleko galdara baten tximinian jarrita. Esperimentuen bidez frogatu zen termoelektrizitatearen ahalmena keen beroa baliatuz energia elektrikoa lortzeko. Zehazki, 128 W/m2 gehieneko potentzia erdietsi zen, eta hobekuntza lerro argiak hauteman ziren. Esaterako, alde beroaren bero trukagailua optimizatuz energia elektrikoaren ekoizpena % 50 handiagotu litekeela ikusi zen.
Hori dela-eta, proiektu honetan energia elektrikoaren ekoizpena aurreko prototipoarekin alderatuz % 80 handiagotzea espero dute 230 W/m2erdietsi arte. Horrek, gainera, “teknologia hau produkzio sektoreko industria instalazioetan aplikatzeko aukera emango luke”, esan du David Astráinek. Ikerketa taldeak harremana dauka enpresa sareko lantegi nagusiekin, hala nola Fagor Ederlan, Acciona Energía, Grupo Dalkia, Factor 4 eta Smurfit Kappa, eta CENER (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala), eta kerketetan garatutako dispositiboak benetako ekoizpen baldintzetan balidatzeko eta esperimentuen bidez egindako frogen bidez sistema honek eraginkortasun energetikoari egin ahal dion ekarpena frogatzeko aukera ematen du horrek.
NUPeko hainbat ikertzaile
David Astrainez gainera honako ikertzaile hauek osatzen dute proiektuaren ikerketa-taldea –Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Termikoa eta Jariakinena ikerketa taldeko kideak dira denak–: Patricia Aranguren Garacochea, Álvaro Martínez Echeverri, Gurutze Pérez Artieda, Antonio Rodríguez García eta Francisco Javier Sorbet Presentación.
Ikerketa talde honek ia hogei urte daramatza lanean hozketa termoelektrikoaren esparruan. Denbora horretan, besteak beste, garatu ditu bi bero trukagailu, fase aldakorreko termosifoia dutenak, Peltier moduluen alde berorako eta hotzerako, eta horrek aukera eman zuen hozkailu termoelektrikoen eraginkortasuna % 66 areagotzeko. Taldeak nazioarteko bost patente ere garatu ditu, eta Bosch Siemens multinazionalaren jabetzakok dira.