Joan eduki nagusira

zoom Enric Trillas, liburuaren egilea, NUPeko "honoris causa" doktorea izendatu zutenean.

Enric Trillas, liburuaren egilea, NUPeko "honoris causa" doktorea izendatu zutenean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak "Arrazoibidea; esanahia, ziurgabetasuna eta lausotasuna" izeneko liburu bat argitaratu du. Enric Trillas (Bartzelona, 1940) da liburuaren egilea, eta liburuan arrazoibide arruntera, ez deduktiboa halabeharrez,  hurbildu da, konputazio zientzien oinarria delakoan, eta arrazoibide arrunta eredu matematikoetan kodetzera ere, horrek balio duelakoan zientifikoki ezagutzeko. Egilea Espainian aitzindaria izan zen logika lausoan (“fuzzy logic”) eta zientziaren esparru honetan aritu zen lehenengo europarretakoa. Egileak makinek gizakien arrazoitzeko modua nola lortzen ahal duten aztertu nahi du.

"Arrazoibide arrunta, funtsean, uste izatean eta gezurtatzean datza —dio egileak—. Okerrik gabea ez bada ere, arrazoibide horrek eraman du giza espeziea beste edozein iritsi ez den tokietara. Beraz, zientifikoki menderatzeko ahalegina merezi du. Menderakuntza hori lortzeko oraindik hainbat misterio argitu behar da, baina menderakuntzarik gabe ordenagailuek nekez lortuko dute pertsonek bezala arrazoitzea".

Makinek erabiltzen ahal dute informazio zehaztugabea, eta erabakiak hartzen ahal dituzte giza garunak egiten duen modu bertsuan, zientzialariek diseinatzen dituzten eredu teorikoei esker; horregatik, logika lausoan lortzen diren aurrerapenak bereziki baliagarriak dira adimen artifiziala garatzeko. Esaterako, aurrerapen horiei esker, ikuzgailu automatiko batek behar bezala aukeratzen du programa arropek daukaten zamaren, zikinkeriaren eta ezaugarrien arabera.

"Hizkuntza-termino askoren zehazgabetasunari eta zalantzari aurre egiten dieten konputazio zientzien aurrerakuntza ematen ari da zientzia eta teknologia, biak batera, arrazoibidea ikertzera —esan du Trillasek—. Garaien ezaugarri bat da, aukera ematen duena pentsatzeko hizkuntzaren eta arrazoibidearen zientzia tekniko-esperimental berri baten bezperan gaudela. Hala ere, hizkuntzak eta arrazoibide arruntak lehengo ereduek ematen zituztenak baino aukera gehiago behar dituzte; eredu matematikoak beharrezkoak dira, zenbaki-neurriekin, ezagutza zientifikoan aurrera egiteko. Neurketarik gabe, nekez hitz egin dezakegu zientziaz.

Zenbaki magnitudeak

Liburuak 143 orri baino ez ditu, baina Trillasek dioenez, "arrazoibide arruntari dagozkion esanahia, zehazgabetasuna eta zalantza adierazten ditu, zenbaki maginitude gisa".

Liburuak “Arrazoibidea, esanahia, ziurgabetasuna eta lausotasuna” izenburukoak, 16 euro balio du paperean eta 11 formatu elektronikoan, eta bertan egileak bideratzen du bere gogoeta kritikoa arrazoibide arrunta eta ez halabeharrez deduktiboa ikertzeko joeretara. Arrazoibide hori egunerokoa da, pertsona arruntena. Horregatik, liburua interesgarria da, batez ere, matematikarientzat, zientzialarientzak eta ingeniarientzat, baina baita ere legelari, filosofo, mediku, ekonomilari edo pedagogoentzat ere, horiei denei interesatzen zaielako, aldez edo moldez, pertsonen arrazoibidea.

Egilearen biografia laburra

Enric Trillas Kataluniako eta Madrilgo unibertsitate politektinoetako katedradun ohia da, eta Mieresko (Asturias) European Center for Soft Computing (Europako Konputazio Malgurako Zentroa) zentroko ikertzaile emeritua da. Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) burua izan zen, Teknika Aeroespazialeko Nazioko Institutuko (INTA) zuzendari nagusia eta Ikerketa Zientifiko eta Teknologikoaren Plan Nazionalaren idazkari nagusia.

"Honoris causa doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta hainbat domina jaso du, Espainian eta atzerrian, esaterako Monturiol eta Kaufmann domina, baita Outstanding Achievement Award eta Fuzzy Pioneer Award dominak ere, nazioarteko, Europako eta Estatu Batuetako logika eta "fuzzy" teknologiaren elkarteek, hurrenez hurren, emandakoak. Aipatu lehen elkartearen "fellow" da, eta bigarrenaren ohorezko kidea.

Hasieran espazio metriko orokortuen ikerketan aritu zen, eta gero logika lausora pasatu zen, eta are hau Espainian sartu zuena izan zela denek aitortzen dute. Laurehun artikulu eta dozena bat liburu argitaratu ditu, eta gaur egun arrazoibide arrunteko eredu matematikoak iketzen ditu.