Joan eduki nagusira

zoom María Ángeles Egúsquiza katedraduna NUPen.

María Ángeles Egúsquiza katedraduna NUPen.

María Ángeles Egusquiza Balmaseda Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Zibileko katedradunak, liburu batean aztertu du oinordetza zuzenbidearen problema, berrosatutako familiei aplikaturik, hau da, ezkontideek edo bikoteak eta komunean eta/edo beste harreman batzuetatik dauzkaten seme-alabek osatzen dutena. Testamentua egiteko askatasunaren irismena, seme-alaben berdintasun-exijentzia oinordetza boluntarioan edo testamentugileak familia taldeko kide ahulenak ekonomikoki babesteko dauzkan mekanismoak aztertu dira ikuspegi teoriko eta praktiko batetik.

 Liburuaren izenburua “Sucesión ‘mortis causa’ de la familia recompuesta (de la reserva vidual a la fiducia sucesoria)” (Familia berrosatuaren ‘mortis causa’ ondorengotza, alargunaren erreserbatik oinordetza fiduziara) da, eta Thomson Reuters Aranzadik argitaratu du. Dibortzio tasak eta bikote-harremanen hausturek eraginda, gero eta ugariagoak dira mota honetako familiak gizartean, eta lanean aztertu dira familia horien ondorengotzan biltzen diren interes anitzek sortzen dituzten gai ohikoenak eta horri buruz dagoen doktrina eta jurisprudentzia.

Afektu berrien jaiotzagatik familia talde baten bazterketak sorrarazten duen problema konstante bat izan da historian zehar, eta oinordetza zuzenbideak hainbat instituzioren bidez eman dio erantzuna, esaterako, erreserba klasikoa edo alargunaren erreserba (ezkontide alargunak daukan betebeharra ondasun jakin batzuk ez erabiltzeko). Hala ere, egileak “mortis causa” oinordetza araubidea aztertu du (hildako pertsona batek transmisioan utz ditzakeen ondasunak, eskubideak eta betebeharrak), legezko eskubideak jasotzea odol lotura dauzkaten familia harremanetara mugatzen duena, bizikidetza eta komunak ez diren seme-alaben arteko harremanak baztertuz. 

Lotura afektiboak, ez odolezkoak

"Ordenamendu juridiko gehienek, legezko ondorengotzan, ahaztu egiten dituzte hildako pertsonarekin harreman bereziki esanguratsua eduki duten subjektuak, harekin bizikidetzan jardunez eta doako laguntza eskainiz hari, eta gertaera horrek sorrarazi du gai hau —dio María Ángeles Egusquizak—. Testamenturik gabeko oinordetzaren eskariaren oinarria bizikidetzatik sortutako lotura afektiboetan eta elkartasuneko loturetan justifikatzen da. Bikotekidearen edo ezkontidearen seme-alabek lotura hori daukate, bizitza eta afektua partekatu baitzituzten hildako pertsonarekin. Plano etikoan, argudiatze hori indartu egiten da bikoteko kide baten heriotzaren ondorioz, seme-alaben filiazio bikoitzak eraginda ondare estatutuen dibertsifikazioak dakarren injustiziari erreparatuz gero, bizi zen artean guztiek tratu berdina izan zutenean, familia nukleo bera partekatzen baitzuten".

Planteamendu honek "orain arte ez du arrakasta handirik izan arauetan, hala ere, etorkizunean bestelakoa izan daiteke, ematen duen moduan, familia berrosatua gure gizartearen eredu nagusi izatera pasatzen bada". "Ildo horretatik, urrats esanguratsuak eman dira zenbait herrialdetan eta esperientzia hori ez da baztertzekoa", dio egileak, sistema ingelesa edo Kaliforniakoa (Estatu Batuak) bezalako adibideak aipatuz. Espainiako ordenamendu juridikoa "aurrerapausuak" ematen ari da puntu horretan, gizartearen exijentzia berri horiei erantzun ahal izateko, katedradunak dioenez.

Nafarroako egoera

Interes berezia sortzen dute aurreko ezkontza bateko seme-alaben eskubideen tutoretzak eta Nafarroako egungo familia egituretara oinordetza erregimenaren egokitzapenak dakartzan arazoak. "Nafarroako Zuzenbide Zibilean askatasun zibilaren printzipioa oinarrizko zutabe bat da, eta horrek ahalbidetzen du pertsona batek, askatasun osoz, agintzea, hil ondoren, bere ondarearen transmisioa egiteko seme-alabei, ahaideei, lagunei, edo, are, ezezagunei", azaldu du.

Beste ezkontza bat egitea, aurreko ezkontza bateko seme-alabak utzita, testamentugileari "bere askatasuna urritzea" dakarkio, ordenamenduak ezartzen dion babes bat gauzatzeko (Nafarroako Foru Berria). "Erabakitzen badu bigarren ezkontzako ezkontidearen edo haren seme-alaben alde egitea, ekonomikoki berdindu beharko ditu lehenbizikoaren seme-alabak bigarrenaren hobekienarekin —azaldu du Egusquizak—. Era berean, behartuta dago gordetzera oinordetza horri bere aurreko ezkontidearengandik jasotako ondasun guztien jabetza, harekin edukitako seme-alabak edo horien ondorengoak".

"Foru Berria sortu zen testuinguru sozialean, deskribatutako erregimenak zentzua emateaz gainera, familia zabal eta tradizionalaren interesak babesteko asmoa zeukan, eta bat zetorren Espainian nagusi zen familia legitimo eta ezkontza hautsiezinaren erregimenarekin. Familiaren eraldatze juridiko/sozial sakonak, Nafarroan ere gertatu denak, aldatu egin ditu testamentua egiteko askatasunari mugak jartzen zizkion erregimenaren mugak. Horrek behartu egiten gaitu berraztertzera Nafarroako Foru Berriak jasotzen duen ‘mortis causa’ murrizketen sistema", bukatzen du katedradunak.

Curriculum Vitae laburra

Zuzenbidean lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean  (1985) eta doktorea La Lagunakoan (1988), María Ángeles Egusquizak irakaskuntza-jarduera kanariar unibertsitate hartan hasi zuen. 1994. urtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartu zen, eta 2007. urtetik Unibertsitateko Katedratikoen kidegokoa da.

Nafarroako Probintzia Auzitegian ordezko magistratu (1997-2003), Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Aholkularitza Batzordeko kide eta Nafarroako Enpresaritza Kidego Ofizialeko Kontseiluko kide izan da (2009-2012). Gaur egun, ANEP Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Agentzia Nazionala ebaluatzen duen Nafarroako Kontseiluko kidea, CNEAI Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionaleko 9. zenbakiko Aholkularitza Batzordeko kidea, eta UNIBASQen Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle-ikertzaileak Egiaztatzeko 5. zenbakiko (Gizarte Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Ekonomikoak) Ebaluazio Batzordeko kidea da.

Bere ikerketa-jarduera arlo hauetan gauzatzen da: Ondare Zuzenbidea, Familia Zuzenbidea eta Oinordetzak eta Nafarroako Zuzenbide Zibila, eta arreta berezia ematen die datuen babesari, kontratazioaren baldintza orokorrak eta kontsumo kontratuak, bikote egonkorrak eta ezkontza krisiak, oinordetza eskubideak, testamentua egiteko askatasuna eta ondarearen gaineko erantzukizuna.