Joan eduki nagusira

zoom Ekintzaileak, CEINeko teknikariak eta Bayona errektoreordea, jardunaldiaren hasieran.

Ekintzaileak, CEINeko teknikariak eta Bayona errektoreordea, jardunaldiaren hasieran.

Nafarroako Gobernuak sustatzen du Ekintzailetza Bultzatzeko programa, Foru Komunitatean enpresa berritzaileak sor daitezela errazteko helburuarekin. Programaren hirugarren edizioan aukeratutako ekintzaileek NUPeko masterretako ikasleei azaldu diete nola egin aurre enpresa proiektu berri bati. Enpresak Sortzeko Unibertsitate Laborategiak (LUCE) antolatu du jardunaldi hau, zeinean parte hartu duten hizlarietako batzuk erakunde honekin lotura baitute, ikerketa taldeetakoak direlako, edo egresatuak direlako.

Ekintzailetza Bultzatzeko programan aukeratu diren zortzi proiektuetatik, seik lotura daukate Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin. Hauek dira: Eversens, Movalsys eta Up Technologies, zeinetan irakasleak eta ikertzaileak baitaude; eta IAR (Industrial Augmented Reality), egresatuek bultzatu dutena. Gainera, beste bi kasuetan (Multihelpers.com eta Kivafoods), bultzatzaileetako batzuek titulua NUPen lortu dute.

zoom Ekintzailetza jardunaldira joandako publikoaren irudia.

Ekintzailetza jardunaldira joandako publikoaren irudia.

Eversens proiektuaren helburua inbaditzailea ez den diagnostiko klinikorako sistemak diseinatu, garatu eta fabrikatzea da, arnasarekin botatzen diren biomarkatzaileak atzematearen bidez (giza hatsean baitaude). Proiektu honen bultzatzaileak Francisco Javier Arregui, Ignacio Matías eta Juan María Pérez dira.

Marisol Gómezek, Mikel Izquierdok, Pablo Lecumberrik, Alicia Martínezek, Nora Millorek eta Mariano Velascok  bultzatzen dute Movalsys proiektua. Honen helburua da "software" sistema bat  garatzea, zeinak, gaixoarengan ezarritako sentsore inertzial batek jasotzen dituen datuetatik abiatuz, informazio objektiboa eta fidagarria eskainiko baitu, hainbat eritasunen zenbaketa eta jarraipenean laguntzeko.

Alayn Loayssak eta Javier Urricelquik bultzatzen dute Up Technologies, zeinaren helburua baita zuntz optikozko sentsore zabalduak garatu, inplementatu eta instalatzea, egitura handietako tenperatura edo elongazioa monitorizatzeko, honek hainbat aplikazio baitu industriaren eremuan.

Egresatuen proiektuak

Miguel Ángel Llorente, Ana Monreal eta Jon Navarlaz  egresatuek IAR (Industrial Augmented Reality) bultzatzen dute. Honen helburua da industria kudeaketarako eta makineriaren eragiketa eta kontrolerako "software"a garatzea gailu mugikorretan (tabletak, telefonoak eta betaurrekoak), errealitate handiagotuko teknologiaren bidez.

zoom Ekitaldiaren inaugurazioa, Sanz de Galdeano (ezk.), Bayona eta Pilar Tellechea Sagasetarekin (CEINeko Enpresak Sortzeko Ataleko burua).

Ekitaldiaren inaugurazioa, Sanz de Galdeano (ezk.), Bayona eta Pilar Tellechea Sagasetarekin (CEINeko Enpresak Sortzeko Ataleko burua).

Multihelpers.com proiektuari dagokionez, lankidetza-ekonomiaren gaineko web plataforma bat da, pertsonen arteko harremanerako bidea ematen duena eguneroko lanak egiteko, bitartekaritza-komisiorik gabe. Sustatzaileetako bat (Adrián Miranda) egresatua da. Proiektu honetan Alberto Aguado, Javier Guembe eta Ramón Sola ere badaude.

Bestalde, Pedro Mecoletak eta María José Solak, NUPen graduondo bat egin zuenak,  bultzatzen dute Kivafoods. Proiektu honen funtsa da "kit"ak eta osagai naturalen edo/eta ekologikoen bestelako nahasketak prestatzea etxean modu errazean mota guztietako platerak prestatzeko.

CEINen laguntzarako programa integrala

Ekintzailetza Bultzatzeko Programak, CEINeren bidez (Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroa), lau hilabeteko programa integral bat eskaintzen du, urrian amaituko dena, aukeratutako enpresa ekimenak garatzeko eta abian jartzeko. Hauek jasotzen ditu: Enpresa azeleraziorako programa espezifiko bat; CEINeko Berrikuntzarako Mintegiko sei hilabeteko doako alokairua; tutoretza indibidualak; elkarrekin erabiltzeko lan-espazioak; baita Sodenaren (Nafarroako Garapenerako Elkartea) finantzaketa eskuratzeko lehentasuna ere.

Ekintzailetza Bultzatzeko programan 164 proiektu aurkeztu ziren, eta zortzi aukeratu ziren. Proiektu hauek zortzi enpresa lankideren tutoretza ere badute. Enpresa hauek beren esperientzia eta enpresa-ikuspegia ekartzen dute, eta gainera 8.000 euroko laguntza bat proiektuko. Horrela, Cinfa eta Jofemar enpresek Eversens babesten dute; Mutua Navarrak, Movalsys; Corporación Mondragónek, Up Techonologies; Nafarroako Rural Kutxak, Multihelpers.com; Cinfak eta Jofemarrek, Kivafoods; Correosek eta MTorresek, IAR (Industrial Augmented Reality) eta Escribete.es (hau web-orrialde bat da, beren obra argitaratu nahi duten idazleak eta edizio zerbitzuak eskaintzen dituzten hornitzaileak harremanetan jartzen dituena, enkantearen bidez); eta Viscofanek, NewBornMat (ume txikien garezurretako itxuragabekeriei aurre egiteko koltxoiak).

Jardunaldiko partaideak

Jardunaldia Unibertsitateko Arrosadia campusean egin da, unibertsitate komunitatearen ekintzailetza espiritua bultzatzeko. Bertan egon dira Cristina Bayona Sáez Ikasleen, Enpleguaren eta Ekintzailetzaren errektoreordea eta María Sanz de Galdeano Arocena, CEINeko koordinatzailea.

Ekintzaileek berek aurkeztu dituzte beren proiektuak saioan zehar. Saiora bertaratu direnen artean, bazeuden Enpresen Zuzendaritza, Telekomunikazio Ingeniaritza eta Informatika Ingeniaritzako masterretako ikasleak eta LUCErekin lankidetzan aritzen diren irakasleak. Denek proeiktuak ebaluatu dituzte.

LUCE Nafarroako Unibertsitate Publiko osoarentzako zerbitzu bat da, ekintzailetza sustatu eta enpresak sortzea bultzatu nahi dituena. CEIN LUCEk eskaintzen duen zerbitzua gauzatzen duena da, Enpresa proiektuei aholkularitza emanez, eta horretaz gainera, ikasgelan ekintzailetzari lotutako jarduerak eta lantegiak, eta ekintzaileen bisitaldiak eta jardunaldiak eginez. LUCE 2006. urtean jarri zen abian, CEINen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen eta Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkartearen (AJE) arteko lankidetzari esker. Nafarroako Gobernuak finantzatzen du, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez.