Joan eduki nagusira

zoom Patricia Aranguren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzailea.

Patricia Aranguren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzailea.

Patricia Aranguren Garacochea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza ikaslea da eta International Thermoelectric Society (ITS)  elkarteak ikertzaile gazteen saileko sari bat eman dio, termoelektrizitatearen eremuan originala eta oihartzun handikoa den lan eta ibilbide bati ematen diona. Neska nafar gazte honek NUPeko Ingeniaritza Termikoa eta Jariakinena Ikerketa Taldean lan egiten du, talde horretan ari baita doktoretza tesia egiten. David Astráin Ulibarrena irakasleak zuzentzen du tesi hori, eta haren gaia da hondar-beroa aprobetxatzea elektrizitatea sortzeko.

Patricia Arangurenek  ITS Graduate Student Award bigarren saria lortu zuen, ex aequo, Yinglu Tang-ekin (California Institute of Technology, Estatu Batuetakoa) eta Ying He-rekin batera (Shanghai Institute of Ceramics, Txinakoa). Lipeng Hu-k (Zhejiang University, Txinakoa) eskuratu zuen lehen saria, 1.000 dolarrekoa.

Nafarroako ikertzaileak  34th International Conference on Thermoelectrics / 13th European Conference on Thermoelectrics topaketan jaso zuen saria. Topaketa hau urtero egiten da Dresden (Alemania) eta bertan termoelektrizitateari buruzko ikertzaile nagusiak biltzen dira. Termoelektrizitatea beroak sortutako elektrizitatea ikertzeaz arduratzen den zientzia da.

Patricia Arangurenek Industria Ingeniaritza eta Masterra Ingeniaritza Mekaniko, Aplikatu eta Konputazionalean ikasi zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Doktoretza aurreko IPB beka (Ikertzaileak Prestatzeko Beka) bat jaso du eta, haren bidez, 2012. urtetik dabil lanean NUPeko Ingeniaritza Termikoa eta Jariakinena Ikerketa Taldean. Sorkuntza termoelektrikoan bero-trukaketa sistema aztertu eta optimizatzeari, eta hondar-beroa elektrizitatea sortzeko aprobetxatzeari buruzko  doktoretza-tesia egiten ari da.

Ministerioaren finantzabidea daukaten bi proiektu

Tesi hau Ingeniaritza Termiko eta Jariakinena aipatu taldeari esleitutako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Ikerketa Zientifiko, Tekniko eta Berrikuntzakoaren Estatuaren Planeko bi ikerketa-proiektuetan kokatzen da. Proiektu hauetan lan egiten da errekuntzatik ateratako keen bero-energia, gehienetan alferrik galtzen eta ingurumenera isurtzen dena, zuzen-zuzenean erabil daitekeen energia elektriko bihurtzeko xedez. Horretarako, Seebeck efektuan oinarritutako gailu termoelektrikoak erabiltzen dira. Horien abantaila da ez dituztela atal mugikorrak erabiltzen, eta horrek mantentze-lan minimoa eta iraupen luzea daukaten oso ekipo sendo bihurtzen ditu.  Gainera, eskalagarriak dira eta egokiak tenperatura baxuko (250º C-tik beherako) hondar-beroen aprobetxamendurako. Gogoan hartu behar da kalkulatzen dela gizakiok kontsumitzen dugun energiaren % 40 hondar-bero forman galtzen dela.

Patricia Arangurenentzat, sari hau International Thermoelectric Society (ITS) elkartearen bigarren aitorpena da. Joan den urtean, Nashville hirian (AEB) egin zen 33th International Conference on Thermoelectrics topaketan NUPeko ikertzaileak (ITS Outstanding Poster Award) poster onenaren saria jaso zuen Ingeniaritza Termiko eta Jariakinena Ikerketa Taldearen aipatu ikerketa proiektuan kokatzen den lan batekin.

Patricia Arangurenek uda honetan bukatu du hamabost asteko doktoretza aurreko ikerketa egonaldi bat Dresdeko Fraunhofer Institute for Material and Beam Technology institutuan, eta material termoelektriko malgu berrien ikerketan aritu da bertan.