Joan eduki nagusira

Campus Iberusek, zeinaren kidea baita Nafarroako Unibertsitate Publikoa, bere baterako lehen titulua jarri du abian: Ekintzailetzako Master bat, enpresa proiektu bideragarri eta iraunkor bat sortzeko eta abian jartzeko behar diren ezagutza, trebetasun eta kudeaketa tekniketan prestatzera zuzendua. Unibertsitateko titulu horrek 60 ECTS kreditu ditu eta ikasturte bateko iraupena (urriaren 30etik ekainera arte). Urriaren 23a da aurreinskripzio-epearen azken eguna.

Matrikularen zenbatekoa 2.500 eurokoa da, baina Campus Iberusek (Errioxa, Lleida eta Zaragozako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatua) zenbait beka oso eta/edo partzial emango ditu.

Unibertsitateko tituludunek baino ez dute izango masterra egiteko aukera. Salbuespen gisa, ekintzailetza jardueretan esperientzia handia dutela agirien bidez egiaztatzen dutenek ez dute betekizun hori bete beharko.

Ekintzailetzako Masterrak lau modulu ditu: Ekintzailetza gaitasunak (15 ECTS), negozio ideiak eta zuzendaritza- eta ekintzailetza-gaitasunak hartzea bezalako gaiak lantzen dituena; Negozio planaren diseinua (15 ECTS), marketinari, lege kontuei, gizabanakoen kudeaketari edo ekonomia eta finantza kontuei buruzko prestakuntza barne hartzen duena; Balio sorrera eta enpresa hazkundea (15 ECTS), ekintzailetza teknologikoa edo soziala, nazioartekotzea, berrikuntza edo frankizien bidezko hazkundea bezalako gaiak hautatzeko aukera ematen duena; eta master amaierako lan bat (15 ECTS), eskuratutako ezagutzak eta esperientziak praktikan jartzeko.

Master praktikoa

Metodologiaren oinarria dira  “learning by doing” (eginez ikasi) eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntza (POI) irakaskuntza praktiko bat lortzeko, eta irakaskuntza hori osatzen da oinarrizko azalpen teorikoekin, bisitekin, benetako testuinguruetan profesionalekin egindako bilerekin eta  sektore eta jarduera ekonomikoetara egindako hurbilketekin hainbat ekintzailetza jardueren garapena aztertzeko. Ikuspegi honek ikasleek eskolan modu aktiboan parte hartzea eta horrek sortzen duen “networking” -a (harreman sarea) sustatzen ditu. Tituluaren 60  kredituetatik 32,25 teorikoak dira eta 27,75 praktikoak.

Ebaluazio jarraitua egingo da masterraren lau moduluetan. José Alberto Molina Chueca irakaslea (Zaragozako Unibertsitatea) da masterraren zuzendaria.

Koordinatzailea, berriz, Martín Larraza Kintana irakaslea da, eta masterrak bi deialdi ditu (ohikoa eta ohiz kanpokoa). Horretaz gainera, egindako banakako proiektuaren edo “business plan”-aren defentsa publikoa egitea nahitaezkoa da.

Campus Iberus osatzen duten unibertsitateen artean beren bizilekutik gertuen duten unibertsitateko klaseetara joaten dira matrikulatutako ikasleak. Saioak presentzialak edo bideokonferentziaren bidez egingo dira unibertsitateko ikasgelan bertan, astean bitan, astearte eta ostegunetan, 16:00etatik 21:00etara. Nolanahi ere, zenbait ostiraletan saio trinkoak egingo dira, goizez eta arratsaldez, lau unibertsitateetako batean.

Argibide gehiago nahi baduzu, deitu Zaragozako Unibertsitatera, 876 554 644 telefono zenbakira, edo master.emprendimiento@campusiberus.es helbide elektronikoaren bidez.