

Ezkerretik eskuinera, Manuel López, Alfonso Carlosena, José Arnáez eta Roberto Fernández errektoreak.
Laurehun pertsonak baino gehiagok hartu dute parte, gaur, goizean, Riojaforum auditorioan, Campus Iberusen 2015-2016 ikasturtearen hasiera ekitaldian. Hau izan da Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campuseko lau unibertsitateek elkarrekin egin duten lehen hasiera-ekitaldia. Lau unibertsitateak hauek dira: Zaragozakoa, Nafarroako Publikoa, Lleidako eta Errioxakoa.
Gonbidatuen artean, Errioxako gizartearen ordezkari nagusiez aparte, lau unibertsitateen agintari akademikoak eta komunitateen ordezkariak zeuden, baita lau lurraldeetako ordezkari instituzional, enpresarial eta sozialak ere. NUP ordezkatzeko hogei bat lagun joan dira, gehienak ikertzaileak. Ordekaritzaren burua Alfonso Carlosena errektorea izan da, eta harekin batera ikerketa errektoreordea Ramón Gonzalo eta nazioartekotzeko errektoreordea Hugo Lopez egon dira. Roman Felones NUPeko Gizarte Kontseiluko burua ere izan da. Nafarroako Gobernua ordezkatzeko, José Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria eta Nekane Oroz Unibertsitateen Zerbitzuko burua izan dira.
Ikasturtearen hasiera ofiziala 'Riojaforum' Errioxako BIltzarretako Jauregian egin da, eta 12:00etan hasi da segizio akademikoaren desfilearekin. José Ignacio Ceniceros Errioxako Gobernuko buruak zuzendu du ekitaldia. Harekin batera lau unibertsitateetako errektoreak egon dira: Alfonso Carlosena (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Manuel López (Zaragozako Unibertsitatea), Roberto Fernández (Lleidako Unibertsitatea) eta José Arnáez Vadillo (Errioxako Unibertsitatea).
Ekitaldian bideo bat eman da. Bideo horretan, errektore bakoitzaren hitzaldi bat erakusten zen, zeinetan lau campusak elkartzeak zer nolako abantailak dakartzan bai ikerketan, baita irakaskuntzan, prestakuntzan, ezagutzaren transferentzian eta unibertsitatearen proiekzioan ere adierazten baitzuten.
Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen Palentologia katedraduna den Juan Luis Arsuagak eman du hasierako irakasgaia, izenburu hau zeukana: "Kontzientziaren atalasea". Arsuaga Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Asturias Printze Saria da (1997), eta Atapuerca mendizerrako aztarnategietako ikerketa taldearen zuzendaritzako kidea da.
Bikaintasun campusa
Campus Iberusek 58.724 unibertsitate ikasle biltzen ditu, lau unibertsitateetan ematen diren 158 titulu, 131 master ofizial eta 72 doktoretza programa eta titulu berekietan. Campus Iberusen 5.542 Irakasle eta Ikertzaileek (II) irakasten dute, eta 2.949 administrazio eta zerbitzuetako langilek (AZL) lan egiten dute. Lau unibertsitateek 512 patente erregistratu dituzte, eta joan den urtean 572 tesi defenditu dira unibertsitateotan.