Lurzoruen eta Uren Kudeaketaren Unibertsitatearteko Masterreko ikasle batzuk finalerdietan sartu dira lurzoruen sailkapenaren munduko lehiaketa batean, zelaian. Lurzoruen Zientziaren Espainiako Elkarteak lau pertsona aukeratu zituen taldea osatzeko lehiaketa honetarako, eta horietako bat Irati Laiseca izan zen. Ingurumen Zientzietan Lizentziaduna da EHUn, eta master amaierako lana NUPeko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan egin zuen, Lurzoruen kudeaketa eta erabilera iraunkorraren ikerketa taldean.
Lehiaketa hau lehen aldiz Europan jokatu da. Irailaren hasieran izan zen eta Budapesteko Szent István unibertsitateak antolatu zuen. Hauek izan ziren Espainiako taldearen kideak: Irati Laiseca, Noemí Mateo, Andrés García eta Joaquín Cámara. Lehen hirurak Ingurumen Zientzietako lizentziadunak dira, eta laugarrena nekazaritza ingeniaria da.
16 talde aritu ziren, 76 parte-hartzaile eta entrenatzailerekin. Taldeak bost kontinenteetako 23 herrialdetatik etorri ziren. Proba honela zegoen antolatuta: lau egunetan lurzoruak deskribatzeko eta balioesteko ikastaro bat, eta gero lehiaketa egun bat. Lehen bi egunetako eskola teorikoetan gai hauei buruzko edukiak izan ziren: karbonatoen egituraren eta metaketaren deskribapenak, eta buztinezko ilubiazioa daukaten lurzoruen sailkapena. Gainera, Unibertsitateko campusetik gertu zeuden lau lurzoru deskribatu, sailkatu eta balioetsi egin ziren. Bigarren eta hirugarren egunean parte-hartzaileak hainbat eskualdetara joan ziren, eta han zortzi lurzoru-profil aztertu zituzten. Laugarren egunean lehiaketa izan zen, lehiaketa babesten zuen enpresetako baten lursailetan.
AEB, buru
Lehiaketan, taldeek ordubete zeukaten, gehienez, lurzoru baten profila deskribatu, sailkatu eta balioesteko, lurzoru horri buruzko datu jakin batzuk aurretik emanda. Horrela, zehaztu behar zituzten lurzorua zegoen tokiaren ezaugarriak, azalera nola zegoen, horizonte genetikoen sakonera eta motak, koloreak, metaketak, egitura eta abar. Balioetsi behar zituzten, halaber, buztin, harea eta karbonatoen kopuruak, lurzoruaren sakonera eraginkorra, drainatzearen nolakoa, ur erabilgarriari atxikitzeko gaitasuna, ebaluazioa patatarako, ureztaketa gutxiko artorako eta errepideen eraikuntzarako, eta abar.
Lurzoruen Zientziaren Espainiako Elkarteak bigarren postua lortu zuen sailkapen orokorrean, EABren atzetik, eta laugarren postua taldeen sailkapenean. Gainera, Andrés Garcíak bigarren postua lortu zuen banakako sailkapenean, parte-hartzaile guztien artean, eta gehieneko puntuazioaren % 75eko batez bestekoa lortu zuen deskribatu zituen lurzoruetan. AEBko parte-hartzaile batek baino ez zuen gainditu.