Zigor Zuzenbidean zenbait adituk hiri segurtasuneko legeari buruz, herritarren artean mozal legea bezala ezagutzen den legeari buruz, hitz egingo dute “Solasaldiak” zikloaren bigarren saioan. Intereseko gaiak aztertzen dituzten mahai-inguru eta eztabaida sail batek osatzen du zikloa. Hitzaldia edonori zuzenduta dago, eta irailaren 28an, astelehenean, 19:00etan egingo da, Nafarroako Parlamentuan. Bere izenburua honako hau da: “Hiri segurtasuneko lege berria: urduritasun demokratikorako lege bat”
Inés Olaizola Nogalesek, NUPeko Zigor Zuzenbideko katedraduna, koordinatuko du saio hau. Azaldu duenez, hiri segurtasuneko legearen edukia kaleko protesta sozialaren aurkako errepresiozko erantzun bat dela uste dute Zuzenbideko aditu askok, bai teorikoak, bai praktikoak. “Hori horrela bada —esaten du—, gogoeta egin behar dugu gobernu demokratiko batek legitimazioa daukan hori egiteko”. Bere iritzian, “erantzunak ezezkoa izan behar du beti. Ezin dugu inolaz ere onartu botereak protesta egiten duten ahotsak isilaraztea zehapenen bidez. Are gutxiago kontuan hartzen badugu zehapen administratiboak direnez, ez daukatela epaileak jarritako zehapen batek duen bermerik”.
Testuinguru horretan, Olaizolaren iritzian garrantzitsua da lege berri hau aurrekoarekin, Corcuera legea izenekoarekin konparatzea, Corcuera legeak ere protesta ugari eragin baitzituen onartu zenean. “Aurreko legearekin konparatuta, lege berria atzerapauso bat da askatasunari dagokionez? Horrek kezkatu behar gaitu?”, galdetzen dio bere buruari. Auzi horiei buruz, askatasuna eta segurtasuna bezalako balioen arteko gatazkari buruz eta beste hainbat gairi buruz hitz egingo da Solasaldiak zikloaren hurrengo saioan.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Solasaldiak 2015 zikloari ekin dio berriro. "krisi etikoa, balio krisia: komunikabideen eta politikaren arteko harremana" hitzaldiak hasiera eman zion zikloari, eta Daniel Innerarity filosofoak eta Gervasio Sánchez argazkilari eta kazetariak parte hartu zuten bertan. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak jarduerak batera garatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez antolatu da zikloa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batek koordinatzen du mahai bakoitza, eta beren diziplinetan adituak direnek eta pertsona ospetsuek parte hartzen dute mahaietan, eta aztergai diren arloetan dituzten ikuspuntuak eta esperientziak azaltzen dituzte. Gero, eztabaida txanda bat irekiko da parte-hartzaileekin.
Hizlari gonbidatuak
Inés Olaizolarekin batera honako hauek parte hartuko dute mahai-inguruan: Xabier Etxebarria Zarrabeitia, Deustoko Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko irakaslea eta José Manuel Paredes Castañón, Oviedoko Zigor Zuzenbideko katedraduna.
Xabier Etxebarria Deustuko Unibertsitateko Zigor Zuzenbidearen arloaz arduratzen den irakaslea izateaz gainera, ICAMeko (Madrilgo Abokatuen Elkargo Ospetsua) abokatua da. “Otro derecho penal es posible” plataformaren sortzailea ere bada; terrorista ohien eta ETAren biktimen arteko topaketa lehengoratzaileez arduratzen den taldeko kidea izan da eta Huffington Posteko kolaboratzailea da egun.
José Manuel Paredes katedradunak irakaskuntza eman du Zigor Zuzenbidearen, Espetxe Zuzenbidearen, Kriminologiaren eta Krimen Politikaren arloan Alcalá, Leon, Vigo eta Oviedoko unibertsitateetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Euskal Herriko Unibertsitatean. El riesgo permitido en Derecho Penal (1995), El caso de la colza (1995), La protección penal de las patentes e innovaciones tecnológicas (2001) eta La justificación de las leyes penales (2013) liburuen egilea da, eta liburuko 85 kapitulu argitaratu ditu liburuki kolektiboetan eta artikuluak hainbat aldizkari espezializatutan.