Joan eduki nagusira

zoom Manuel Ledesma eta Leticia Jerico

Manuel Ledesma eta Leticia Jerico

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak Justizia Leheneratzaileari buruzko II. Jardunaldiak antolatu ditu, eta oraingo honetan bitartekaritza penala izango dute ardatz.    Saioak astearte honetan, irailaren 22an, egingo dira arratsaldeko 16:30ean, Ada Byron aretoan (Arteak eraikina), eta adituak eta protagonistak erasotzaileen eta biktimen arteko bitartekaritzaren esperientziari buruz mintzatuko dira.

Erasotzaileen eta biktimen arteko bitartekaritza penalerako programa duela zortzi urte hasi zen Nafarroan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren babesean eta Justizia Leheneratzailearen printzipioen esparruan. Programa hori aitzindaria zen Espainian, eta praktikan jarri nahi zituen europar zuzentarauak, herritarrengandik hurbilago egongo zen justizia baten aldekoak zirenak.

Hasiera batean Nafarroako Bitartekaritza Elkarteak (ANAME) modu boluntarioan kudeatu zuen eta geroago Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak lagundu zioten aurrekontuen bidez. Programa Iruñeko Instrukzioko 3. epaitegian jarri zen praktikan, eta pixkanaka ezartzen joan da. Joan den 2014. urtean 300 kasutik gora bidali zituzten zerbitzu honetara erakunde judizialetatik (% 42 hazi ziren eratorritako auziak). Horrek esan nahi du Espainian gisa honetako esperientzietan buru dagoela.

Zortzi urteko esperientziaren ondoren, jardunaldi hauek sustatzen dituzten entitateek interesgarri jo dute parte hartzen duten eragile guztiekin batera (epaile, fiskal, bitartekari, etab.) aztertzea zer ekarri duen bitartekaritza penalaren garapenak Nafarroan. Halaber, entzungo dira egiazko protagonistek diotena, bitartekaritza penaleko prozesuetan parte hartu duten pertsonak, beren ahotik ezagutzeko haien esperientzia, bitartekaritzako profesionalei jakinarazteko eta bihar edo etziko bitartekariei helarazteko xedez.

Programa

Jardunaldi hauei hasiera emango zaie 16:30ean, eta bertan parte-hartuko dute Alfonso Carlosena NUPeko errektoreak; María José Beaumont Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak; Francisco José Alenza Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoak; eta, batzorde antolatzailearen ordezkaritzan, María Dolores Figueiras San Martín, Iruñeko bitartekaritza penaleko zerbitzuaren bitartekaria.

Lehenbiziko saioak Iruñeko bitartekaritza penaleko 8 urteetako zerbitzuaren ebaluazioa azalduko du. Parte hartuko dute Mari Paz Benito Osés Iruñeko Instrukzioko 3. Epaitegiko epaile dekano eta titularrak; Elena Cerdán Urra Nafarroako Foru Erkidegoaren Goi Fiskaltzako fiskalak, Nafarroako Fiskaltzaren Adostasunen eta Bitartekaritza Penalaren Zerbitzuari atxikiak; eta Manuel Ledesma Moreno Iruñeko bitartekaritza penaleko zerbitzuaren koordinatzaileak. Leticia Jericó Ojer Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Penaleko kontratupeko irakasle doktoreak koordinatuko du lehen mahai-ingurua.

Kafea hartzeko atsedenaldi baten ondoren, hasiko da  "Bitartekaritzari buruzko elkarrizketak: bi kasu erreal" izeneko saioa. Parte hartuko dute Iñaki Huarte Sala abokatuak eta Maite Virto Ibánez gizarte-langileak. Izan ere, biak dira bitartekariak Iruñeko bitartekaritza penaleko zerbitzuan. Haiekin batera, bitartekaritzan dabiltzan pertsonek beren esperientzia azalduko dute.  José Luis Otano López zerbitzu horretako psikologo eta bitartekariak dinamizatuko du hitzaldia.

Paz Francés Lecumberri Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Publikoko Saileko irakasle eta ANAMEko buruak emango die amaiera jardunaldiei.