Joan eduki nagusira

zoom Javier Gorricho Mendívil farmazialaria, NUPen

Javier Gorricho Mendívil farmazialaria, NUPen

Bisfosfonatoak hartzea, osteoporosia duten emakumeek izan ditzaketen aldaka-hausturei aurrea hartzeko erabiltzen diren sendagaiak, lotu egiten da giltzadura horren haustura atipikoen arrisku handiagoarekin. Haustura horiek toki ez ohikoetan gertatutakoak direla ulertu behar da.  Hala frogatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri duen doktoretza-tesian Javier Gorricho Mendívilek (Iruñea, 1969), Farmazian lizentziadunak. Prebentziozko beste neurri batzuk hartzearen aldekoa da, hala nola “estrategiak sustatzea erorikoak gutxitzeko eta bizitza aktibo bat sustatzea hezurren dentsitatea eta osasuna hobetzeko”.

“Aldaka-haustura da traumatologia eta ortopedia zerbitzuetan ospitaleratzeko arrazoi nagusia —esaten du Javier Gorrichok—. Heriotza-tasa handiekin eta bizi kalitatearen galerarekin lotuta daude haustura horiek, eta kostu handiak eragiten dituzte. Europar Batasunean, 2010ean, 620.000 aldaka-haustura egon zirela jotzen da, eta osteoporosiak eragindako hausturen kostuak 37.000 milioi eurotik gorakoak izan ziren”.

65 urtetik gorakoek izaten dituzte haustura gehienak, eta ohikoagoak dira emakumeengan. "Espainian, 65 urtetik gorakoen kopurua asko handitu da azken urteotan, 1997an % 14,92 izatetik 2008an % 16,62 izatera igaro baita. Horrek areagotu egiten du osasun arazo honen garrantzia”, esan du Gorrichok. Bere tesiaren izenburua hau da: “Eficacia de los bisfosfonatos orales en la prevención de las fracturas de cadera en mujeres mayores de 65 años en la práctica clínica habitual”.

Javier Gorrichoren arabera, Nafarroan, aldaka-haustura bat duten emakumeen batez besteko adina 80 urtetik gorakoa da, eta haustura tasa, 85 urtetik gorakoen artean, 20 baino handiagoa da 1.000 biztanleko urtean.

Saiakuntzak plazeboarekin

Arrisku handiko osteoporosia duten emakumeek izan ditzaketen aldaka-hausturei aurrea hartzeko, gehien erabiltzen diren sendagaietako bat ahotik hartzen diren bisfosfonatoak dira (alendronato, risedronato e ibandronato). "Sendagai horiek argi eta garbi frogatu dute hezurren dentsitate minerala handitzen dutela eta  erradiografietan atzemandako orno hausturak gutxitzen dituztela. Plazeboarekin saiakuntzak egin direnean, aztergai den laginaren parte batek inolako sendagairik hartu gabe, askoz ere gutxiago murrizten da aldaka-hausturen kopurua”, esan du Javier Gorrichok. Juan Erviti López, Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko ikertzailea izan da bere tesi-zuzendaria.

Azken urteotan, hainbat agentzien artean Europako, Estatu Batuetako eta Espainiako Sendagai Agentziek“zenbait alerta jo dituzte sendagai horien eta hezurren birsortze zuzenarekin lotutako hainbat arazoren (masailezurreko osteonekrosia eta aldakako haustura atipikoak) artean atzeman duten loturarengatik ”. “Azken alerta jo zenean, medikuei eskatu zitzaien, sendagaieikin bost urteko tratamendua egin eta gero, farmakologia tratamenduarekin jarraitzea egokia zen edo ez balioesteko berriro”, esan du Gorrichok.

Aldakako haustura atipikoei buruzko azterketak egin zirenez Ipar Amerikako eta Eskandinaviako populazioekin, eta ez zegoenez Europako hegoaldeko herrialdeei buruzko daturik, Javier Gorrichok Espainiko kasua aztertu zuen bere doktoretza tesian.

 Lehen Arretako Ikerketa Farmakoepidemiologikorako Datu Basea (BIFAP) erabili zuen horretarako. Datu-baseak Espainiako Osasun Zerbitzu Nazionaleko 4,8 milioi historia kliniko ditu, 18.000tik gora medikuk emandakoak. Beraz, urtean 25 milioi pertsonaren jarraipena. “Populazioaren luzetarako base hau 2001ean hasi zen, eta historia klinikoen informazio anonimoa dauka. Beraz, ikertzaileek ezin dute jakin nor diren pazienteak eta pertsonen osasun datuak isilpean gordetzen dira”, azaldu du. Sendagaien eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak (AEMPS) zuzenduta eta diseinatuta dago datu-base hau, azterketa mota hauek egin ahal izateko, eta autonomia-erkidegoen eta esku-hartzen duten elkarte zientifiko nagusien laguntza dute.

Hiru urteko datuak

Gorrichoren azterketak Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren beka bat izan zuen 2009an, eta 65 urte baino gehiago zituzten emakumeen aldaka-hausturak, 2005eko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra bitartekoak izan zituen aztergai.  aldaka-haustura tipikoa zuten 2.009 emakume eta haustura atipikoa zuten 44 emakume, batez beste 82 urte zituztenak, identifikatu zituen Javier Gorricho.

Tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa erdietsi du, eta bere ondorioen artean aipatzekoa da ahotik hartutako bisfosfonatoen erabilera ez zegoela lotuta 65 urteko emakumeek aldaka-haustura gutxiago izatearekin, baizik eta aldaka-haustura atipikoak (subtrokanterreko eta diafasiko hausturak) izateko arrisku handiagoarekin. "Arrisku hori areagotu egiten da bisfosfonatoekiko esposizioa handitzen denean. Zenbat eta denbora gehiago egon tratamenduan, haustura atipikoa izateko arrisku handiagoa”, laburbildu du Javier Gorrichok.

Javier Gorrichoren arabera, azterketa horrek, lehenengo aldiz, beste herrialde batzuetako (Estatu Batuak eta Europa iparraldea) korrelazio bera aurkitu du gure herrialdean aldaka-haustura atipikoen eta bisfosfonatoen erabileraren artean, eta Sendagaiaren Espainiako Agentziak sendagai horiei buruz hartutako kontrol neurriak sendotzen ditu.

Horretaz gainera, Javier Gorrichok azaldu duenez, aldaka-hausturen batez besteko  adinak (82 urte) eta sendagaiaren erabileraren eta aldaka-hausturetarako onuren arteko korrelaziorik ezak erakusten dute “oso garrantzitsua dela 75 eta 80 urteko bitarteko populazio horretan azterketak egitea, sendagaien eraginkortasuna ikusteko, esaterako, Estatu Batuetan duela gutxi egindako azterketa batean, ez baitzen inolako onurarik ikusi aldaka-hausturetan”.

Aldi berean azterketak, egilearen iritzian, aldaka-hausturak gutxiagotzeko “beste neurri batzuk bultzatzea” beharrezkoa dela azpimarratzen duen ideia sendotzen du. Neurri horien artean daude “erorikoak gutxitzeko estrategiak sustatzea edo bizi aktibo bat izatea hezurren dentsitatea eta osasuna hobetzeko”. Javier Gorrichok eta bere tesi zuzendariak, Juan Ervitik, artikulu bat argitaratu dute “BMJ”-n (“British Medical Journal”), Eskandinaviako eta Kanadako ikertzaileekin batera, eta ikuspegi berri honen aldeko jarrera agertzen dute artikuluan.

Curriculum laburra

Javier Gorricho Mendívil, Ospitale Farmazian eta Mikrobiologia eta Parasitologian espezialista da, eta Farmazian lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean 1992an. Egun, Nafarroako Gobernuko Osasuneko Zuzendaritza Nagusiko Osasun Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzako Zerbitzuko Ebaluazio Estrategikorako Atalaren burua da.

Horretaz gainera, sendagaien ebaluazioko aditu gisa lan egin du Sendagaiaren Espainiako Agentzian (Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioa) eta lehen arretako farmazialari gisa Osasunbideko Farmazia Prestazioen Zerbitzuan.

Halaber, Javier Gorrichok ikertzaile gisa parte hartu du bai Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren, bai Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuaren beka jaso duten hainbat proiektutan. 34 argitalpenen egilea da nazioarteko eta nazioko hainbat aldizkaritan, bai eta kapitulu batzuen egilea ere hainbat liburutan, eta, horretaz gainera, praktika klinikoko gida batzuen kanpoko berrikuslea da eta lau sari lortu ditu biltzar zientifikoetan.