28 herrialdetako 125 ikasle atzerritarrek Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo dute 2015-2016 ikasturteko udazkeneko seihilekoa irakaskuntza-erakundeak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko bost programen barruan. Gazte atzerritarrei Foru Erkidegorako etorrera errazteko, beste 52 gaztek, nafar unibertsitateko boluntarioek, Buddy Programan parte hartzen dute. Nazioartekotze Errektoreordetzak sustatutako harrera-ekimen bat da programa hori.
Buddy programan, NUPeko 52 ikasleen egitekoa atzerritarrei Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen laguntzea da eta beste hainbat kontutan laguntzea, hala nola egoitza bilatzen edo zenbait tramite egiten. Ikasle guztiek edo mugikortasun programa batean parte hartu dute edo aurki parte hartuko dute.
Kanpo Harremanetarako Atalak eta Ikasleentzako Argibide Bulegoak jarri dute abian ekimen hori, eta Unibertsitateak ikasle atzerritarrei seihileko bakoitzean egiten dien ongietorria osatzen du. Ongietorriaren barnean ematen zaizkien zerbitzuen artean dago astebeteko iraupena duen espainierako doako ikastaro trinko bat Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian. Hain zuzen ere ikasle horietako 80k astelehen honetan, abuztuak 31, hasiko dute aipatu monografikoa. Harrera-saio bat, Iruñera bisita bat eta Nafarroan barna txango bat ere egiten dira.
NUPeko ikasleen eta ikasle atzerritarren arteko parekatzea egiteko kontuan hartu dira, ahal den neurrian, jatorrizko unibertsitateak eta unibertsitate hartzaileak, egiten ari diren titulazioak eta hizkuntza-gaitasuna. Horri esker talde txikiak eratu dira. Hala, unibertsitate nafarreko ikasle bakoitzeko, nazioarteko bi edo hiru ikasle daude.
Txina, bigarren herrialdea ikasle kopuruari dagokionez
Nazioarteko ikasleak (87 emakume eta 38 gizon) 28 herrialdetakoak dira, europarrak gehienak, baina programetan gazte gehien dituen bigarren herrialdea Txina da 24 ikaslerekin. Zifrak xehatzen badira, emaitza hauek ditugu: Europako 60 ikasle; Amerikako 33; Asiako 29; eta Ozeaniako hiru.
Jatorriari begira, europarrak honela banatzen dira: Frantzia (26), Italia (8), Austria, Irlanda, Txekiar Errepublika eta Suedia (bakoitza 3rekin), Alemania, Portugal eta Turkia (bakoitza 2rekin) eta gainerakoak, batekin: Belgika, Eslovenia, Hungaria, Lituania, Norvegia, Polonia, Errusia eta Suitza.
Amerikako herrialdeetan ikasle gehien bidali dituena Mexiko da (12 ikasle), eta haren atzetik Estatu Batuak, 6rekin. Horiez gainera, Brasilek eta Uruguaik launa ikasle bidali dituzte, Kanadak eta Txilek hiruna eta Peruk bat.
Ikasle gehien bidali dituen Asiako herrialdea Txina da, aipatu 24 ikaslerekin; atzetik datoz Taiwan hirurekin eta Hego Korea birekin. Azkenik, Australiako hiru ikasle dator Ozeaniatik.
Erasmus programako 59 ikasle daude (Europako ikasleekin trukea egiteko), eta ikasle horiek Europako hamazazpi herrialdetakoak dira. Beste gainerako 66 ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak diren bi programa berekikoak dira (Palafox, Amerika Latinorekin trukatzeko, 23 ikaslerekin; eta Martín de Rada, Asia eta Itsaso Bareko herrialdeekin trukatzeko, 29 ikaslerekin), edo bestela hauetako batekoak: ISEP (Estatu Batuekin eta munduko gainerako herrialdeekin), ikasle bisitariak eta aldebiko hitzarmenak. Programa hauek aurrera eraman daitezke Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmenak izenpetu dituelako 50 naziotako goi mailako 300 erakunderekin.
Gehien eskatzen diren titulazioak
Titulazioen arabera, aipatzekoa da nazioarteko ikasleen % 48k Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean egingo dituela ikasketak eta % 20k Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean.
Mugikortasun programetako ikasleak udazkeneko seihilekoan egongo dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta graduko ikasketak egingo dituzte Iruñeko eta Tuterako campusetan.
Atzerriko 125 ikasle horietatik, 37 geratuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan udaberriko seihilekoa egitera. Seihileko hau datorren urteko otsail hasieran hasiko da.