Joan eduki nagusira

zoom Ángel García-Sanz Marcotegui eta Ana María González Gil, NUPen.

Ángel García-Sanz Marcotegui eta Ana María González Gil, NUPen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak “Diccionario biográfico del socialismo histórico navarro” delakoaren hirugarren liburukia argitaratu du. Ángel García-Sanz Marcoteguik eta Ana María González Gilek egin dute liburua, eta ideologia honekin hala edo nola lotuta egon ziren 730 pertsonaren baino gehiagoren ibilbidea dakar. Liburu hau Historia bildumako 34. alea da, eta 25 eurotan dago salgai.

“Diccionario biográfico del socialismo histórico navarro” delakoaren lehen liburukia 2007an argitaratu zen. Liburuaren helburua zen Nafarroako sozialismoaren garapena ezagutzera ematea, probintziako eta tokian tokiko buruzagien ibilbide aski ezezagunaren bidez. Lehen edizio honetan 220 nafarren bizitzaren ibilbidea ikusi zen (A-tik F-ra zihoazen deiturekin), denak sozialistak izandakoak edo, uneren batean, sozialismotik gertu ibilitakoak.

Bigarren liburukian, zeina 2012an argitaratu baitzen, bikoiztu egin zen sarrera kopurua, egileak ez baitzituen aintzat hartu bakarrik Nafarroakoak ziren pertsonak baizik eta Foru Erkidegora Espainiako beste hainbat tokitatik etorri zirenak ere bai. Hala 424 izen bereziko kopurura iritsi ziren, G eta H letrarekin hasten zen lehen abizena zeukaten pertsonenak bakarrik.

Lehen liburukian bezala, profil apaleko eta eremu lokaleko sozialistak eta sinpatizanteak  nabarmendu ziren. "Egia da irizpidea eztabaidagarria dela, baina ez dirudi dagoenik irmoagoa den beste bat, gizartearen zati honen jatorria, jokabideak eta gorabeherak ezagutzeko, Nafarroa garaikidearen ikerketetatik kanpo egon direnak, gainera, beste gai batzuk lehenetsi direlako", aipatu du Ángel García Sanzek.

730 pertsonaren bizi-ibilbideak

Hirugarren liburuki honek I-tik L-ra bitarteko letrekin hasitako abizenak dituzten 730 pertsonen sarrerak dauzka, eta lehen bi liburukien antzeko egitura. Azalpen bakoitzean egileek  bizi-ibilbidea (jaiotza, ezkontza eta heriotza ezagutzen badira), lanbidea, karguak eta idazkiak (baldin badituzte) azaltzen dituzte, pertsona horien arazoak, ideiak eta abar ezagutzera emateko. Horretaz gainera, jatorrizko dokumentuen argazki eta erreprodukzio batzuk ere badituzte.

Ana María González Gilen egilekidetzari esker hirugarren liburuki honetan, Ángel García-Sanzen hasierako aurreikuspenak –lan osoa 600 ahots sartzea aurreikusten zuen–  motz geratu dira, ikerketa bukatzen denean, 2.000 sarrerako kopurua aise gaindituko baita. “Jakina, haietako askori buruzko berriak oso urriak izango dira, baina pertsona horiei buruz bildu den informazio guztia, jite hagiografikoan jausi gabe, nahitaezkoa izango da baztertua izan den nafar populazioaren segmentu baten gorabeherak ezagutzeko eta probintziako sozialismoaren eta historia garaikidearen ezagutzari ekarpen bat egiteko”, idatzi du García-Sanzek lan honen sarreran.

Lehen mailako iturririk ez

Lehenengo bi liburukietan bezala, lan egiteko prozesua “zailtasunez betea” egon da. Iturri zuzenen gabezia izan da egileek izan duten zailtasuna. Langile erakunde guztiei gertatzen zaie gauza bera. PSOE eta UGT bezalako erakundeen barne-agirien falta ia erabatekoa denez gero, ez dago informaziorik nekazariei, fabrikako langileei eta enplegatuei buruz, beren jatorrizko herrietatik edo bizi ziren herrietatik aparte oso ezagunak ez zirenak. Horregatik, azalpenetan, batzuetan, erakunde hauekiko atxikimendua edo zaletasuna baizik ez da jasotzen.

Nolanahi ere, hiru liburuki hauek idazteko egin diren ikerketen bidez egiaztatu da langile askok prentsa sozialistan artikuluak idazten zituztela, batez ere “¡¡Trabajadores!!” astekariko "Nuestros pueblos" atalean. Astekaria UGTk Bigarren Errepublikan Nafarroan zuen argitalpen ofiziala zen.   Beren idazkietan hainbat gairen inguruko kezka agertzen zuten, hala nola, soldatak, lan baldintzak, langabezia, grebak, etab., bai eta bere lurraldearen eta Espainia osoaren egoera sozio-politikoari buruzko iritziak ere.

Bestalde, egileek egiaztatu dute PSOEk eta UGTk ezarpen goiztiarra izan zutela Nafarroan, eta XX. mendearen erdialdera arte industrializatu gabeko probintzietan izandako bilakaeraren antzekoa izan zutela.

Egileak

Ángel García-Sanz Marcotegui Historia Garaikideko katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidego garaikideei buruzko ikerketa lan ugariren egilea da. Hogeitik gora libururen eta gai honi buruzko liburuko hamar bat kapituluren egilea da, eta beste zenbait argitalpen koordinatu ditu.  Era berean, berrogeita hamar artikulu argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, eta bederatzi doktoretza tesi zuzendu ditu. Honako hauek dira bere azken liburuak: Matilde Huici (1890-1965). Una “intelectual moderna” socialista (2010), El fuerismo constitucional y la Diputación de Navarra (1841-1923) (2011), La identidad de Navarra. Las razones del navarrismo (1866-1936) (2012) eta Liberales navarros en la primera guerra carlista. Los cuerpos francos y el motín de 1837 (2014).

Bestalde, Ana María González Gil  Arte Ederretan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Gizarte eta Kultura Antropologian UHUNen. Halaber, Historia, Espazio eta Ondareari buruzko Ikerketa Masterra egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan.