Nafarroako Unibertsitate Publikoak Erradioaren Nazioarteko Zientzia Batasunaren XXX. Nazio Sinposiuma (URSI 2015) antolatu du, eta irailaren 2tik 4ra bitartean egingo da Iruñeko Baluarte Biltzar-jauregi eta Entzun-aretoan. Horretaz gainera, THz-en (terahertzak) Ingeniaritzako Nazioarteko Mintegi bat antolatu du, eta irailaren 1ean egingo da. Unibertsitateko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (ETSIIT) eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailak antolatu dituzte bi topaketak.
Nazio sinposiumaren helburua da telekomunikazioen arlorako ereduzkoa izango den foro tekniko bat eratzea, bai eta unibertsitate eta enpresetako tekonologoen arteko lankidetza ere telekomunikazioen eta zientzia elektronikoen esparruan.
Halaber, plataforma bat eskaini nahi du eztabaidatzeko, esperientziak trukatzeko eta ingeniaritzaren eta fisikaren arloetan dauden lantaldeen arteko elkarlanerako aukerak zabaltzeko, bai eta ikertzaile gazteak beren lanak argitaratzeko eta ezagutzera emateko lanetan eta ikerketa-ekarpenetan trebatzeko ere.
Hitzaldiek gai hauek izango dituzte aztergai: antenak, aplikazio biomedikoak, aplikazio matematikoak: modelatua eta simulazioa; mikrouhinen osagai eta zirkuitu aktiboak eta pasiboak; komunikazio higikorrak eta hari gabekoak eta komunikazio-sistemak; teknologia berriak hezkuntzan; elektromagnetismoa; fotonika eta komunikazio optikoak; metamaterialak; seinalearen prozesatua; ahotsaren eta irudiaren tratamendua; erradiazioa, dispertsioa eta erradiohedapena; teknologiak eta aplikazioak THz-etan (beyond 74 GHz); telematika eta zerbitzu berriak eta segurtasuna komunikazioetan.
Hiru saio berezi
Gainera, edizio honetan, hiru saio berezi eskainiko dituzte: Ingeniaritza egiten bitarteko artifizialekin: omenaldia Mario Sorollari; “Smart cities”: testuinguruaren araberako inguruneak inplementatzea; eta aurrerabideak 5. belaunaldiko sareetan: ARCO5G.
Horretaz gainera, eta simposiuma egin baino lehen, irailaren 1ean, asteartean, THz-en Ingeniaritzako Nazioarteko Mintegi bat (International Workshop on THz Engineering) egingo da, eta bertan parte hartuko dute esparru honetan nazioartean entzute handiena duten ikertzaileetako bostek. Horien artean aipatzekoak dira Peter de Maagt, Europako Espazio Agentziakoa eta Tadao Nagatsuma irakaslea, Osakako Unibertsitatekoa (Japonia).
Programa osoa URSI 2015 sinposiumaren web-orrialdean dago kontsultatzeko.