Txertoak % 53ko batez besteko babesa izan zuen Foru Erkidegoan 2010etik 2012ra bitartean, Iván Martínez Baz estatistikalariak (A Guarda, Pontevedra, 1982) Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurritako doktoretza-tesiaren arabera. Gripearen txertoak batez besteko eraginkortasun handia izan du, batez ere, B gripearen kasu egiaztatuei aurre egiteko (% 73), Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuan teknikari gisa lan egiten duen ikertzaile honek egindako azterketaren arabera.
“Gripea osasun publikoko arazo handi bat da –dio Iván Martínez Bazek-, eta txertoa da gripearei aurre egiteko dugun neurri nagusia. Gripearen birusaren etengabeko bilakaera dela-eta, txertoaren osaera urtero berritzen da, eta, hortaz, bere eraginkortasuna aldatu egiten da denboraldi bakoitzean”.
Bere ikerketaren emaitzen arabera, “birus zirkulatzaileak eta txertoaren birusak ongi egokitu diren denboraldietan, txertoak % 67ko eraginkortasuna izan zuen 2010-2011 denboraldian; eta % 63koa, 2012-2013 denboraldian”, esan du NUPeko doktore berriak. Honako hau da bere tesiaren izenburua: “Evaluación de la efectividad de la vacuna antigripal: Diseño de casos confirmados por laboratorio y controles negativos a gripe”.
Horretaz gainera, birus zirkulatzaile berdinak badaude, “aurreko denboraldietako txertaketak halako babes bat eman dezake”. “2010-2011 denboraldian –gehitu du Martínez Bazek-, aurreko denboraldian erabili zen txerto pandemikoak % 21eko hondar eragina izan zuen”.
Alabaina, “gripearen birusa berandu hasi denean zirkulatzen, eta txertoaren anduien eta andui zirkulatzaileen artean desberdintasunak egon direnean, txertaketa egin denetik igarotako denbora tartean izan den eraginkortasunaren pixkanakako galerak garrantzia praktikoa izan dezake osasun publikoan”. “2011-2012 gripe denboraldian, eraginkortasuna %61ekoa izan zen gripearen txertoa jarri eta ondorengo lehenengo 100 egunetan, baina % 42ra jaitsi zen 100. egunetik 119. egunera bitartean, eta txertoak babesa emateari utzi zion 120. eguna eta gero”, esan du Martínez Bazek.
Eraginkortasuna gripe motaren arabera
Emaitzak gripe motaren arabera ere aldatzen dira: "Gripearen txertoaren batez besteko eraginkortasuna handia izan zen, % 73koa, B gripearen kasuei aurre egiteko; erdi mailako eraginkortasuna, % 54koa, izan zen A(H1N1)pdm09 gripearen aurrean; eta eraginkortasun txikia izan zen A(H3N2) gripearen aurrean, zehazki, % 28koa. A(H3N2) birusak mutatzeko gaitasun handiagoa dauka, eta intentsitate handiagoko gripe-uhinekin eta ospitaleratze tasa handiagoarekin lotura duena da”, argitu du adituak.
Aldiz, txertoaren eraginkortasuna antzekoa izan zen hainbat adin-taldetan eta gripeari aurre egiteko txertatzeko aholkatzen dieten gaixoen artean (zehazki, % 53koa).
Martínez Bazen arabera, gripearen txertoak “gripeari eta bere ondorioei aurreko egiteko neurri eraginkorrena izaten jarraitzen du”. “Gripe kasuak eta arrazoi hori dela-eta izaten diren ospitaleratzeak oso ohikoak dira herritarren artean –esan du doktore berriak-. Txertoaren eraginkortasuna osoa ez bada ere, oso lagungarria da lehen arretako kontsulten eta ospitaleratzeen kopurua jaisteko".
Emaitza horiek kontuan hartuta, eta “gripearen birusetan denboraldi bakoitzean gertatzen den antigeno-aldaketagatik eta gripearen txertoa urtero birformulatzen denez”, nahitaezkoa da “txertoak gripearen aurrean duen eraginkortasuna monitorizatzen jarraitzea”. “Arrisku handiko populazioan gripearen aurkako urteroko txertaketak duen garrantzia nabarmentzen duten beste azterketei gehitzen zaizkie azterketa hauek. Txertaketarekin batera beste higiene neurri batzuk ere beharrezkoak dira, hala nola eskuak sarri garbitzea edo gripea daukaten beste pertsona batzuk ez ukitzea”, esan du Iván Martínez Bazek.
Azterketan parte hartu duten erakundeak
Honako erakunde hauek parte hartu dute azterketan: Nafarroan gripea zaintzeko lantaldea, zeinaren barnean baitago lehen arretan gripea zaintzeko mediku zentinelen Sarea; ospitaletan gripea zaintzeko medikuen sarea; ospitaletako mikrobiologia zerbitzuak; Osasun Departamentuko Lehen Arretako Zuzendaritza; eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutua.
Doktoretza tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa erdietsi du, eta Jesús Castilla Catalán Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko doktoreak zuzendu du. Ikerketa erakunde horretan egin du.
Doktoretza tesian egiten ari zen bitartean, Ivan Martínez Bazek zientzia eta irakaskuntza bileretan aurkeztu ditu emaitzak, eta bi sari irabazi ditu: Epidemiologiako eta Osasun Publikoko 2012ko tesina onenaren saria, Epidemiologiako Espainiar Elkarteak emana; eta Unibertsitateen 9 Taldeak (G-9) 2014an Almagron (Ciudad Real) egindako III. Doktoretza Jardunaldietako Epaimahaiak Osasun Zientzien arloko poster onenari emandako saria.
Horretaz gainera, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak, Carlos III Institutuak, Epidemiologia eta Osasun Publikoko CIBER-ak eta Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Haiei Aurre Egiteko Europar Zentroaren I-MOVE (Influenza Monitoring Vaccine Effectiveness in Europe) Programak Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuari emandako funts publikoen lehiaketa-deialdietan lortutako finantzaketa izan du Iván Martínez Bazek bere azterketa egiteko.
Curriculum laburra
Iván Martínez Baz Estatistikan diplomaduna da Salamancako Unibertsitatean (2007), Estatistika Zientzietan eta Tekniketan lizentziaduna Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatean (2009) eta Unibertsitateko Masterra Osasun Zientzietako Ikerketan NUPen (2012).
2010eko irailaz geroztik, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko teknikari ikertzailea, lehenengo, Epidemiologia eta Osasun Publikoko CIBERaren bidez; eta egun Navarrabiomed-Fundación Miguel Servet-en bidez. Horretaz gainera, estatistikalari gisa lan egin du enpresa pribatuan eta Burgosko Unibertsitatean.
Martínez Baz zientzia-aldizkarietan argitaratutako hogei bat artkuluren egilekidea da, eta hogeita hamar bat aurkezpen egin ditu biltzar eta bilera zientifikoetan.