Joan eduki nagusira

zoom Javier Arza, saria lortu duen irakaslea.

Javier Arza, saria lortu duen irakaslea.

Javier Arza Porrasek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Saileko irakasleak, akzesit bat lortu du Drogen aurkako Reina Sofía sarien 23. edizioan. Toxikomaniak Artatzeko Espainiako Gurutze Gorriaren Fundazioak (CREFAT) ematen ditu sariak. Ikerketa eta Saiakera atalean eman diote saria  bere doktoretza-tesiarengatik, “Estrategias para la atención sociosanitaria. El caso de las drogodependencias en Navarra (1993-2009)” izenburua duena,  “metodologia maila handiko ikerketa bat delako eta proposamenak eskaintzeko modua ematen duten kasuen analisia duelako”, epaimahaiaren aktaren arabera.

Javier Arzak 2013an defendatu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan bere doktoretza-tesia, José María Uribe Oyarbide NUPeko Gizarte Laneko Saileko Gizarte Antropologiako irakasle titularrak zuzendu zuen, eta Bikain "cum laude" kalifikazioa erdietsi zuen.

Bere lanean, Javier Arzak Nafarroako Drogamenpekotasunaren aurkako Foru Plana (1993-2009) analisirako kasu gisa erabiliz, tradizionalki drogamenpekotasunaren aurkako politikei lotuta egon ez diren jarduera edo eskuhartze esparruetan hobetzeko estrategiak proposatzen zituen: arreta soziosanitarioa eta kulturarteko gobernantza eta lehia.

Drogamenpekotasun Planaren analisian, “erakundeek drogamenpekotasunaren fenomenoari emandako erantzunetan ahulgune batzuk” atzeman zituen Javier Arzak. Haien artean, aipatzen zituen beste zerbitzu espezializatuekin dauden koordinazio gabeziak (zerbitzu sozialak, osasunaren oinarrizko arreta, etab.), ahuleziak detekzio goiztiarrean eta, ondorioz, drogamenpekotasunarekin batera agertzen diren beste premia batzuei erantzuteko zailtasunak: desgaitasuna, etxebizitza arazoak, langabezia, buruko gaixotasuna, etab.

Faktore horiekin batera, aipatzen zuen " drogamenpekoen multzo handi batek jaso duen arretan intentsitate eta diziplinartekotasun eskasa". Zehazki, 2008. urtean eman ziren arreten % 68 garbiki osasun arlokoak eta intentsitate txikikoak ziren tratamendu programetan egin ziren.

Proposatutako estrategiak

Drogamenpekotasunak arreta soziosanitarioaren esparru zabalean sartzeko eskatzen du Javier Arzak. Egia esan, proposatzen dituen estrategiak ere aplikagarriak zaizkie beste fenomeno misto (sozialak eta sanitarioak) batzuei ere, hala nola desgaitasuna, buru osasuna edo gaixotasun kronikoak.

Orain CREFATen saria erdietsi duen lan honetan gizabanakoan arreta jartzen duten eta hurbiltasunean oinarrituta dauden esku-hartze estrategiak (kasuen kudeaketa, gizarte-laguntza, etab.) garatzea proposatzen da; nahitaez sektoreartekoak eta integralak izan behar duten politiketan parte hartzen duten sektore guztiak zuzentzeko modua emango duen gobernantza mota bat; erabiltzaileak ordezkatzen dituzten erakunde eta kolektiboekin aliantzak egitea; eredu parte-hartzaile bat garatzea erabiltzaileek zentroen eta programen funtzionamendu arauak eta jarraibideak zehazten lagun dezaten; eta profesionalen prestakuntza jarraitua bere gaitasunak egoki gara ditzaten.

Javier Arza Gizarte Lanean diplomaduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1989). Hamar urtez gizarte langile izan zen, funtsean drogamenpekotasunen arloan, eta 2000. urtean bere lana bideratu zuen gizarte aholkularitzara arlo soziosanitarioan eta gizarte eta hezkuntza arloan. 2003. urtetik irakaslea da NUPeko Gizarte Laneko Sailean eta Alter ikerketa taldeko kidea, gizarte bazterketaren esparruan espezializatua dagoena.

Era berean, Instituto Interuniversitario de Desarrollo Social y Paz institutuko kidea da eta, erakunde honekin lankidetzan, Centre on Social Inclusion and Health zentroaren sorreran parte hartu du, zeina Osasunaren Munduko Erakundearen Europako zentro laguntzailea baita.