Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Enrique Santamaría ikertzailea, Esther Vicente irakaslea  eta Joaquín Fernández ikertzailea, ikastaroko parte-hartzaileak.

Ezkerretik eskuinera, Enrique Santamaría ikertzailea, Esther Vicente irakaslea eta Joaquín Fernández ikertzailea, ikastaroko parte-hartzaileak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak "Proteinak, geneak eta datuak" izenburua duen udako ikastaroa egingo du hurrengo astean. Proteinak eta geneak eskala handian analizatzeko teknologiak eta hainbat esparrutan dituzten aplikazioak (nekazaritzako elikagaiak, osasuna, farmazia, etab.) aztertuko dituzte ikastaroan. Navarrabiomed-Fundación Miguel Servet-ek ere parte hartzen du monografikoaren antolaketan, hamabost ordukoa da, eta abuztuaren 25etik 27ra arte egingo da (goizez) Osasun Zientzien Fakultatean (Barañaingo etorbidea, z/g).

Esther Vicente Cemboráin NUPeko Biokimika eta Biologia Molekularreko irakaslea Osasun Zientzien Fakultatean eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko teknikaria izango da ikastaroaren zuzendaria. Honako hauek izango dira hizlariak: Joaquín Fernández Irigoyen eta Enrique Santamaría Martínez, Navarrabiomedeko Proteomika Unitateko teknologia eta zientzia arduraduna, hurrenez hurren. Unitate hori Giza Proteoma Proiektuaren nazioarteko partzuergokoa da.

Ikastaroaren helburua da parte-hartzaileak adar omiko bakoitzean (genomika, proteomika, metabolomika...) erabilitako egungo teknologia eta metodologietan trebatzea, bai eta adar horietako bakoitzean lortutako informazio mota ezagutzea ere. Horretaz gainera, nazioarteko ekimenak aztertuko dira, hala nola Giza Proteoma Proiektua, egun garatzen ari direna. Beren helburuak, lan metodologiak, nazioarteko antolaketa eta etorkizunean izango dituzten ondorioak aztertuko dira.

Ikastaroa unibertsitateko eta bigarren hezkuntzako irakasle eta ikasleei eta nekazaritzako elikagaien zientzietako, osasun zientzietako eta enpresa bioteknologikoetako eta farmazeutikoetako profesionalei zuzenduta dago, eta ikastaroan parte hartzen dutenek Navarrabiomedek Nafarroako Ospitalegunean daukan Proteomika laborategira bisitaldia egiteko aukera izango dute. Programa osoa  Nafarroako Unibertsitate Publikoko webgunean dago kontsultatzeko.

Mugarri zientifiko handia

2010. urtearen amaieran hasiera eman zitzaion Giza Proteoma proiektuari, Giza Genoma Proiektuaren jarraipen naturala: gizakiaren DNAren sekuentziazioa. Azken proiektu honen emaitzak 2001ean ezagutarazi ziren, eta zientziaren historiako mugarri handienetako bat izan dira. Gure DNAren sekuentziazioaren ezagutzari esker ezin konta ahala tresna eta teknologia garatu dira, eta horien bidez eritasun askori aurrea hartu, eta sendatzeko ikerketa aurrerapenak egin dira. Baina beste esparru batzuetan ere aurrerapenak egin dira aplikazio horien bidez. Esaterako, nekazaritzako elikagaien industria eta bioenergetika. Beraz, proiektu honen emaitzek, mundu zientifiko eta biomedikoan eragin zuzena izateaz gain, iraultza ekarri dute arlo sozial eta ekonomikora.

Giza Proteoma proiektuaren helburu nagusiak hauek dira: giza proteinen mapa bat eskaintzea bere testuinguru biologikoan; zientzia-komunitateari tresnak ematea, ikertzaileei beren esperimentuak modu arrazionalagoan diseinatzen laguntzeko; eta zientzia-komunitatea eta interesa duten beste zientzia-eragile batzuk inspiratzea gaixotasunak sendatzeko eta giza osasuna hobetzeko erabilgarriak diren diagnostiko, prebentzio eta tratamendu metodoak garatzeko.