

Ezkerretik eskuinera: Ana Ansa Ascunce, Osasun Laguntzarako Unitateko medikua, Iñaki Ibarrola Osinaga, Marisol Zalba Ibáñez, Raquel Azanza Álvarez, David Urra Grimal, Gonzalo Reguera Zaratiegui, Natalia Tajadura Arizaleta, Gizarte Ekintzarako Unitateko teknikaria, eta Carlos Vilches Plaza, Soziologia Saileko irakaslea. (Argazkian falta dira: Anchel Reyes Garreta eta Ana Díaz Martínez)
Egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasten ari diren ikasleek alkohol eta tabako gutxiago kontsumitzen dute, gehiegizko pisu gutxiago dute, ariketa gehiago egiten dute eta osasuntsuago sentitzen dira. Horiek dira Soziologia Graduko bost ikaslek eta Gizarte Laneko Graduko bi ikaslek Carlos Vilches Plaza irakasleak ematen duen Ikerketa Soziosanitarioko Lantegian egin duten osasunari, ongizateari eta bizi kalitateari buruzko 2014ko azterketatik ateratzen diren ondorioetako batzuk.
Lantegiak helburu bikoitza zeukan: alde batetik, ikasleei benetako kasu praktiko batean metodologia, tresna eta emaitza profesionalekin lan egiteko aukera ematea; eta bestetik NUPek 2006an egin zuen eta Unibertsitate Osasungarrirako II. Plana egiteko oinarri gisa erabili zen osasun diagnostikoaren datuak eguneratzea. Horretaz gainera, lanak ikerketa-lerro bat ireki du unibertsitateko zerbitzuen eta ikerketa taldeen artean, eta plangintza estrategikorako eta, kasu honetan, osasun eta bizi kalitateko gaietan erabakiak hartzeko tresna bihurtzen diren emaitzak eman ditu.
Honako ikasle hauek osatu dute taldea: Gonzalo Reguera Zaratiegui, Iñaki Ibarrola Osinaga, Raquel Azanza Álvarez, David Urra Grimal, Anchel Reyes Garreta, Marisol Zalba Ibáñez eta Ana Díaz Martínez, zeinak azterketa egin zen garaian 3. eta 4. ikasmailan baitzeuden. Carlos Vilches Plaza, Soziologia Sailekoa, izan zen koordinatzailea, eta osasun aholkularitzan parte hartu dute Ana Ansa Ascuncek, Osasun Laguntzarako Unitateko medikuak, eta Natalia Tajadura Arizaletak, Gizarte Ekintzarako Unitateko teknikariak.
Titulazio guztietako eta Iruñeko eta Tuterako campusetako 750 ikasleren artean egin zen azterketa, eta taldeak galdetegia diseinatu, lagina prestatu, landa-lana egin, emaitzak analizatu eta bukaerako txostena idatzi zuen. Vilches irakaslearen arabera, “esperientzia oso positiboa eta aberasgarria izan da, eta ikasleek parte-hartze handia izan dute, gizartearentzat erabilgarria den lan praktiko bat garatzen ari zirela ikusten zutelako”. Horretaz gainera, ikasle batzuek gaiari buruzko gradu amaierako lanak egiteko baliatu dute, eta etorkizunean unibertsitateko ikasleen osasunari buruzko analisi diakronikoak egiteko ustiatu daitekeen datu base bat ere balio izan du. Zehazki, lan honetan NUPeko ikasleen osasunari, ongizateari eta bizi kalitateari buruzko 2006ko azterketako galderak erabili dituzte, alderatu diren zortzi urte hauetan izan diren aldaketa nagusien analisi konparatu bat egiteko.
Lau ikerketa-esparru
Azterketa egiteko galdetegi bat erabili da. Galdetegiak 59 galdera zituen lau ikerketa-esparru hauei buruz: elikadura eta kirola, estetika, sexualitatea eta norberaren hautematea osasunari buruz. Osasuna aztertzearen eta osasunean genero ikuspegia erabiliz esku hartzearen garrantzia nabarmentzen da lanean, eragin handia baitauka hainbat arlotan, hala nola pisua eta gorputz-irudia, ariketa fisikoa, elikadura eta dieta, atsedena eta jarduera edo afektibitate eta sexu harremanak.
Halaber, generoak ikuspegi desberdinak erakusten ditu, estresari dagokionez, hainbat irakaskuntza-jarduerak, hala nola, azterketek, lanak jendaurrean azaltzeak, gainkarga akademikoak edo denborarik ezak osasunean dituzten ondorioei buruz, oro har faktore horiek guztiek eragi negatiboagoa baitute emakumeengan. Oro har, estres maila gero eta handiagoa da ikasmailetan gora joan ahala, hori dio galderari erantzun dioten ikasleen % 49,6k (2006. urtean baino 9,1 puntu handiagoa). Beste % 33,6k uste du konstantea dela, eta % 16,7k txikiagoa dela.
Osasunaren hautematea
Ikasleen batez besteko garaiera 172,8 cm da (181 mutiletan eta 164 nesketan). Pisuari dagokionez, batez besteko aritmetikoa 65,4kg da (1,2 kg gutxiago 2006. urtean baino). GMIaren (Gorputz Masaren Indizea) arabera, % 69,3 “pisu normala” dauka, % 23k “pisu txikia” eta % 12,2k “gehiegizko pisua” (4,4 puntu txikiagoa aurreko azterketan baino).
% 90,7 pozik dago daukan itxura fisikoarekin. Osasuntsu eta modu orekatuan elikatzen saiatzen dela onartzen du % 82,9k. % 69,6k onartzen du behar adina ariketa fisiko egiten saiatzen dela (12,1 handiagoa 2006. urtean baino), baieztapen hori % 61,8ra jaisten da emakumeen taldean. Elkarrizketatuen % 90,7k uste du bere osasun egoera ona dela (13,3 puntu handiagoa 2006. urtean baino). Astegunetan, batez beste, 7,42 ordu lo egiten dituzte (6,63 ordu azterketa garaian). Noizbehinka dieta egiten duela edo nahi baino gutxiago jaten duela onartzen du % 29,4k (% 37,6 nesketan).
Sexualitatea
Ikasleen % 53,2k bikote egonkorra dauka (10,1 puntu handiagoa emakumeetan), eta kopuru hori handitzen doa elkarrizketatuen adinarekin batera. Azterketa erakusten du ikasleen % 81,3k (8,7 puntu handiagoa 2006an baino) sexu harremanak izan dituela penetrazioarekin, talde txiki batek (% 9,1) ez du inoiz sexu harremanik izan eta beste talde txikiago batek (% 4,6) penetraziorik gabeko sexu harremanak izan ditu.
Oro har ikusten da NUPeko ikasleek gazteago izaten dutela lehen sexu harremana. 2006an soilik erdiek zituzten sexu harremanak koitoarekin hamazortzi urteak bete baino lehen (% 54,4). 2014an, berriz, hamar ikasletik zortzik dituzte (% 80,7). Halaber, lehen sexu harremana hamazazpi urteak bete baino lehen izan duten ikasleen ehunekoa bi halako baino gehiago hazi da, eta 2006an % 15ekoa izatetik 2014an % 32koa izatera pasa da. Lehen harremanaren batez besteko aritmetikoa 16,9 urtetan dago.
Sexu harremanak izan dituztenen % 3,9k sexu bereko pertsonekin izan dituzte noizbait. Harreman homosexualak dituztela dioten emakumeen kopurua (% 5,2) gizonena halako bi da, bai eta hogeita bat urtetik hogeita hiru urtera bitarteko adin taldean ere (% 5,4).
2006arekin alderatuta, sexu harreman seguruak izateko metodo egokiak erabiltzen ez dituzten ikasleen kopurua hazi egin da. Zehazki, % 6,4k ez du babesik erabiltzen, eta % 5,7k koito etena erabiltzen du.
Unibertsitateko ingurunean jarrera homofobo batzuk, hala nola irainak, txantxak eta esamesak, daudela ere nabarmentzen du azterketak, eta inkesta erantzun dutenen % 4k sexu orientazioarekin lotutako eraso fisikoak ikusi dituela dio.
Substantzien kontsumoa
Kontsumoei dagokienez, datuak positiboak dira aurreko ikerketekin alderatuta, alkohol kontsumoa jaitsi egin baita (jaietan eta asteburuetan kontsumitzean da); zehazki, asteburuko alkohol kontsumoa 2006ko % 55,8tik egungo % 36,8ra jaitsi da.
Erreferentziako bi azterketen artean, erretzaileen kopurua % 14,5 jaitsi da. 2014koan, % 75ek ez du erretzen eta % 13,2k dio egunero erretzen duela. Egunero erretzen dutenek 8,13 zigarro erretzen dituzte batez beste. % 82,3k ez ditu beste droga batzuk kontsumitzen; haxixa eta marihuana dira gehien kontsumitzen direnak.
Kafea bezalako edariei dagokienez, eguneroko kontsumoa % 33,5 da, eta nesken artean eta urte gehiago dituzten ikasleen artean handiagoa da. % 23,4k dio edari energetikoak hartzen dituela "noizean behin", kontsumoa hedatuagoa da mutilen artean (% 31,3) nesken artean baino (% 16,3). % 41,3k dio kafe, infusio, kolazko freskagarri, edari energetiko gehiago edaten dituela azterketa garaian.