Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Gobernuak eta Leringo Udalak osatzen duten Amado Alonso Fundazioak Amado Alonso Literatura Kritikarako Nazioarteko 2015eko Sariaren deialdia egin du. Saria 5.000 eurokoa da eta, sariaren bidez, Harvardeko (Estatu Batuak) Unibertsitateko Hizkuntza eta Literaturako nafar irakasle honen irudia gogorarazi nahi da literatura kritikari buruzko ikerketa jarduerak eta hedatzaileak sustatuz. Lanak aurkezteko epea heldu den azaroaren 20an amaituko da.
Sariaren oinarrietan jasotzen denez, jatorrizko ikerketa lanak, argitaratu gabeak, gaztelaniaz, eta gutxienez 25.000 hitzetakoak aurkeztu behar dira. Sarian barne saritutako lanaren argitalpena Pre-Textos valentziar argitaletxearekin batera argitaratuko da, eta Fundazioaren Patronatuak horretarako izendatzen duen epaimahai batek emango du epaia. Deialdi honen oinarriak ikusgai daude Amado Alonso Fundazioaren web-orrialdean: www.f-amadoalonso.com
Amado Alonso Fundazioa 2001ean sortu zen. Bere helburua da Amado Alonso irakasle nafarraren bizitza hobeki ezagutzen laguntzea, baita bere testuinguru historikoarena ere, Nafarroako, Espainiako eta beste hainbat herrialdetako eremu sozial eta akademikoan; ikertzaile honek filologia espainiarraren, espainieraren irakaskuntzan eta literatura kritikaren eremuetan egin zituen ekarpenak erreibindikatzea; Amado Alonsoren obraren espiritua eta lan-ildoak garatuko dituzten ikerketa eta zabaltze-jardunak bultzatzea, baita bere kolaboratzaileena eta ikasleena ere, eta egileari buruzko dokumentazio-bilketa sustatzea.
Nazioarteko sari hau 2002an sortu zen eta, ordutik, hamaika ediziotan deitu da. Irabazleak hauek izan dira: Mª Isabel López Martínez (2002), Gloria Estela González-Zenteno (2003), Ángel Pérez Martínez (2004), Miguel Zugasti Zugasti (2005), Josep María Rodríguez Cabrera (2006), Alberto Santamaría Fernández (2007), Magda Beatriz Lahoz de Klins (2009), Alejandro Bekes (2010), Mario Martín Gijón (2011), Toni Montesinos Gilbert (2012) eta Gabriel Insausti Herrero-Velarde (2014).
Amado Alonso, Irakaskuntzako Erakunde Libreko irakaslea
Amado Alonso (Lerín, 1896-Arlington, Estatu Batuak, 1952), Filosofia eta Letretan lizentziatu zen 1918an Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta Américo Castro eta Menéndez Pidalekin batera lan egin zuen Historia Ikasketen Zentroan. Han fonetikaren arloan sakondu zuen, eta gero espezialitate horrekin jarraitu zuen Hamburgoko Unibertsitatean (1922-1924). Espainiara itzuli zelarik, Irakaskuntzako Erakunde Libreko irakaslea izan zen. Aldi berean, Valle-Inclánen “Sonatei” buruzko doktoretza-tesia prestatu zuen, zeina 1927an irakurri baitzuen. Urte horretan berean, Atlantikoa zeharkatu zuen Buenos Aireseko Unibertsitateko Filologia Institutuaren zuzendaritzaz arduratzeko. Han ia hogei urte egin zituen.
1946an, Amado Alonso Harvardeko (Estatu Batuak) Unibertsitateko Espainiar Hizkuntza eta Literaturako irakaslea izan zen, hasiera batean, seihileko baterako, baina, Argentinako arazo politikoak zirela medio, ezin izan zen itzuli. Han egon zen herriminak jota, Espainiara itzuli ezin zelako, 1952an hil zen arte.
“Espainiera Amerikan” eta “Gaztelaniaren Erdi Aroko ahoskeratik ahoskera garaikidera” bezalako lanen egilea edo “Revista de Filología Hispánica” bezalako argitalpenen sortzailea da, baina hizlari gisa ere nabarmendu zen, asko landu baitzuen arlo hori. Horri esker, makina bat unibertsitatetan egon zen. Chicagoko Unibertsitateko "honoris causa" doktore inbestitu zuten eta Filadelfiako American Philosophical Society edo Letretako Argentinar Akademia bezalako erakundeetako kidea izan zen. Joan Evansekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten. Horietako bat (Juan Alonso) idazlea eta irakasle emeritua izan zen Tufts University unibertsitatean (Estatu Batuak), eta Amado Alonso Fundazioaren Patronatuko kide da.