Nafarroako Unibertsitate Publikoak Tesia 3 minutuan izeneko lehiaketaren laugarren ediziorako deialdia egin du. Lehiaketaren helburua da prestatzen ari diren ikertzaileen artetik, beren lana zergatik den garrantzitsua eta beren ikerketa jarduerarekin gizarteari egiten dioten ekarpena zein den, espezialista ez den jendeari, ahalik eta hobekien azaltzen dioten ikertzaileak saritzea. Bigarren urtez, doktoretza tesien alorrean, Campus Iberus partzuergoko lau unibertsitateetako (Zaragoza, Lleida, Errioxa eta Nafarroako Publikoa) ikertzaileek parte hartzen ahalko dute. Inskripzioa egiteko epea zabalik egongo da irailaren 1etik 30era bitartean, eta lehiaketaren oinarriak www.unavarra.es/t3m/ webgunean daude kontsultatzeko.
NUPeko Ikerketako Errektoreordetzak sustatzen du Tesiak 3 minutuan lehiaketa, eta Kultura Zientifikorako Unitatearen, Komunikazio Zerbitzuaren eta Unibertsitateko Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiaren laguntza dauka. Lehiaketaren bidez, etorkizuneko ikertzaileak kontzientziatu nahi dira beren lana zabaltzeak duen garrantziaz, eta aldi berean, gizartearen kultura zientifikoari lagundu. Ikerketa-lan luze bat, tesien kasuan hainbat urte irauten duena, hiru minutuan jendaurrean azaltzen jakitea da parte-hartzaileen erronka.
Hiru modalitate
Lehiaketak hiru modalitate dauzka sari banarekin. Doktoretza tesien modalitateak 1.000 euroko saria du, eta prestatzen ari diren eta gutxienez hiru urte ikertzen igaro dituzten ikertzaileek izango dute parte hartzeko aukera, Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako batean matrikulatuta badaude. Modalitate honetan, aldez aurretiko fase bat egiten da partzuergoko unibertsitate bakoitzean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo den baterako azken fasean lehiatuko diren izangaiak aukeratuko dituzte fase horretan.
Beste bi modalitateak hauek dira: Master Amaierako Lanak eta Ikasketen edo Gradu Amaierako Proiektuak. Bakoitzak 500 euroko saria dauka. BParte hartu ahalko dute NUPen 2014-15 ikasturtean beren proiektuak aurkeztu dituztenek, betiere urte honetako irailaren 30a baino lehen irakurria izan bada.
Aurreko edizioetan egin bezala, finalera iristen diren NUPeko ikasleek eta ikertzaileek beren lanak laburtu beharko dute irratiaren bidez emateko, Nafarroako Radio Nacional de Españarekin lortutako akordioari esker.
Lehiaketa urrian eta azaroan egingo da, eta inskripzio-epea 2015eko irailaren 1etik 30era arte egongo da irekita, aipatu egunak barne. Unibertsitateak Iruñean eta Tuteran dituen erregistroetan aurkeztuko dira eskaerak, bai eta Herri Administrazioen Legeak ezarritako beste edozein bidetatik.
Lehenbiziko "Tesia 3 minutuan" lehiaketa 2008an egin zen Queensland Unibertsitatean (Australia). Lehiaketak harrera oso ona izan zuen, eta 2010. urtean Australiako, Zeelanda Berriko eta Fijiko hainbat unibertsitatek nazioarteko lehenbiziko lehiaketa egin zuten, eta urtez urte, gero eta parte-hartzaile gehiago dauzka.