Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate - Gizarte Fundazioak bereziki langabetuei zuzendutako hainbat prestakuntza ikastaro eskainiko ditu. Ikastaroak industria ingeniariei eta nekazaritza ingeniariei zuzentzen zaizkie, eta gai hauei buruzkoak dira: instalazio termikoen eta instalazio frigorifikoen muntaketa eta mantentzea, industria automatizazioaren sistemetako neurketaren eta erregulazioaren garapenak eta kalitatearen eta ingurumenaren kudeaketa nekazaritzaren eta elikagaien industrian
NUPeko Unibertsitate - Gizarte Fundazioak 2015 ikasturtean 3. mailako prestakuntza-eskaintza egiten du (eta horretarako izangaiek gaindituta eduki behar dute Batxilergoa, goi mailako Lanbide Heziketa edo unibertsitate titulazio bat). 2015eko eskaintzak profesionaltasun egiaztagirien moduluetako lau ikastaro dauzka, hau da, 720 eskola-ordu.
Ikastaroak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laneratzeko lanbide prestakuntza programan sartzen dira eta 2015eko abuztutik azarora bitartean emango dira. Izena emateko epea zabalik da, eta informazio guztia Fundazioaren web-orrialdean dago ikusgai.
Fundazioak ikastaro hauek kudeatzen ditu Nafarroako Enplegu Zerbitzua egiaztatu duen prestakuntza-ikastegia baita. Ikastaroen helburua da kalitatezko prestakuntza eskaintzea, lehentasunez lanik gabeko langileei (ikastaroetan parte hartzen dutenen % 60 langabeak izango dira, gutxienez), % 100ean diruz lagunduta, lan merkatuaren beharrei egokitua; gainera, enpresen produktibitate eta lehiakortasun eskaerei erantzun nahi diete, baita langileen sustapen profesionalaren eta garapen pertsonalaren nahiak asebete ere.