ECOAL-MGT proiektuaren helburua zen ikatz hondakinen pilaketak mendi magaletako basoetan sortzen zituen ingurumen arazoak txikiagotzea; helburu hori arrakastaz lortu da, San Pedro da Covan (Portugal) egin diren probek erakusten duten bezala. Horixe adierazi dute azken lantegian parte hartu duten ikertzaileek. Lantegi hori ekainaren bukaeran egin zen, Gondomar izeneko herrian, Portugalen.
Manuel López-Amo Sainz katedraduna izan da NUPeko ikertzaileen koordinatzailea, eta azaldu du garatu dela ikatz hondakinen pilaketak mendi magaletako basoetan sortzen dituen tenperatura eta gas kutsakorren mailak neurtzeko sistema integratu bat. "Hondakin hauek meatzetako erauzketa prozesuaren ondorio dira, berez erretzen ahal dira eta 300º C baino tenperatura handiagoak hartzen ahal dituzte beren barne-geruzetan, eta etengabeko errekuntzan irauten ahal dute. Errekuntza-aldea hurbileko basoetara hedatzen ahal da, eta gainera auzo herrietan osasun arazoak sortzen ahal dira".
Hau honela, adierazi du errekuntza jada erabiltzen ez diren meategietatik hurbileko pilaketetan gertatzen bada —zeinek azalera handia hartzen baitute—, "oso gauza kezkagarria dela, hainbat herrialdetako meategi-eskualdeak ukitzen dituena".
2012an hasi zen proiektu honen azken aldian, ikatz-hondakindegietan etengabeko azterketa egin izan da. Monitorizazio honek bidea ematen du egoeraren arriskua eta bilakaera ikusteko, eta modu honetan hondakin hauen ondorio kaltegarriak gutxiagotzeko ekintzak egin daitezke.
“ECOAL-MGT: Errekuntzan dauden ikatz-hondakinen pilen kudeaketa ekologikoa" Europako Batasunak FEDER funtsen bidez kofinantzatu duen proiektu bat da, Europako Hegomendebaldeko Espazioaren Eskualdeen arteko Lankidetza-SUDOE (SOE/P2/P714) programaren barruan. Programa horretan Portugaleko, Espainiako eta Frantziako hainbat erakundetako ikertzaileek hartu dute parte: Portoko Unibertsitatekoek eta INESCekoek (Portugal), Nafarroako Unibertsitate Publikokoek eta Alcalako Unibertsitatekoek (Espainia) eta Limogeseko Unibertsitatekoek eta XLIMekoek (Frantzia). 201ko deialdian 319 proiektu aurkeztu ziren, eta 21 onetsi ziren, horien artean hau. SODENAk, Carlos Fernández Valdivielso zuzendari-kudeatzailearen bidez, aholkularitza eman du, partzuergoak aditu espainiar hau proposatu baitzuen.
Sentsore berriak
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, hauek izan dira ikertzaileak: Manuel López-Amo Sainz, Rosa Ana Pérez Herrera, Ana Pinto, Aitor López Aldaba, Silvia Díaz Lucas, Alayn Loayssa Lara eta Sergio Rota Rodrigo. Tenperaturaren eta gasen (CH4, CO2 y NH3) sentsore puntualen multiplexazioaren garapenean lan egin dute, eta monitorizatu behar zen aldeko tebperatura handiak jasateko gauza ziren tenperatura-sentsore berriak fabrikatu dituzte, kristal fotonikozko zuntz optikoekin.
Sistema San Pedro da Covan (Portugal) ezarri zen, arrakastaz, eta berariaz diseinatu zen, zuntz optikozko sentsore puntualen (gasak eta tenperatura) eta banatuen (tenperatura) teknologia modernoena erabiliz. Horri esker urruneko neurketa gune-anitza egiten ahal izan da ikertzen ari zen lurraldean.
Hondakindegiek sortzen dituzten eta inguruko bizilagunek jasaten dituzten gas toxikoen mailak neurtu ziren, eta hondakinen barruko tenperatura aldaketaren datuak aztertu ziren, errekuntza-gunea zer norabidetan hedatzen zen atzemateko.
Argibide gehiago: http://www.ecoal-mgt.eu/es