Joan eduki nagusira

zoom Cristina Mesquita, Da Vincik diseinatutako asmakizunaren erreprodukzioaren ondoan

Cristina Mesquita, Da Vincik diseinatutako asmakizunaren erreprodukzioaren ondoan

1478an, Leonardo da Vinci margolari, arkitekto eta ingeniariak historiako lehen automobiltzat edo lehen robot programagarritzat hartzen denaren planoak egin zituen. Eszenatokietako tresneria mugitzeko erabiltzea zen bere asmoa, baina italiar jenioak ez zuen gauzatu. 500 urte geroago, Tuterako campuseko Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzako ikasle batek maketa bat egin du, Da Vinciren asmakizuna erreproduzitzen duena, Florentziako artistak Kodex Atlantikoan sartu zituen bozeto eta marrazkietan oinarrituta. Bere ikasketen amaierako lana izan da.

Bere kideek burua berotzen zuten bitartean diseinu berritzaile bat asmatzeko, iraganeko maisu handi batek bereganatu zuen Cristina Mesquita Gonzálezen arreta: “Leonardo da Vinci. Ikasketen amaierako proiektu berezi eta original bat egin nahi zuen, eta Errenazimentuko jenio handiaren asmakizunetan aurkitu zuen bere lana egiteko bilatzen ari zen inspirazio-iturria.

Florentziako artistaren sorkuntza guztien artean, duela 500 urte baino gehiago diseinatu zuen automobil programagarria aukeratu zuen, eta, bere tutoreak, Juan Ignacio Latorrek, oniritzia eman eta gero, lanean hasi zen. “Lanaren lehen partea Da Vinciren ibilgailua egitea zen. Berak inoiz ez zuen muntatu, soilik marrazkiak utzi zituen. Nik marrazkiak hartu eta berrinterpretatu egin nituen. Lehen diseinu bat egin nuen 3Dko programa batekin (Solid Works), eta, lehen diseinu horretan oinarrituz, ibilgailua egiteko fasera igaro ginen".

Bozetoak deszifratzeko, bibliografiara jo zuen Cristinak. Liburu eta dokumentu ugari kontsultatu zituen eta Liburutegi Nazionalean gordeta dagoen Leonardo da Vinciren Kodex Madril-en artxibo digitalizatua ikusi zuen, bai eta Kodex Atlantikoaren hainbat pasarte ere.  Marrazkietan agertzen ziren pieza batzuen funtzionaltasuna aurkitzea izan zen alderdi zailena. “Ez genekien zertarako ziren osagai batzuk, eta zer esanahi zuten jakitea izan zen lan gehien eman zigun zeregina. Lortu genuenean, beste diseinu bat egin genuen, eta, txantiloi horretan oinarrituz, azken diseinua egin genuen 3D-n".

Denbora osoko lana

Cristina buru-belarri aritu zen bere proiektuan lanean. Goizean goiz joaten zen unibertsitateko lantegietara maketa egiteko. "Lantegiko teknikariak, Ángel Jarabak, asko lagundu zidan. Hainbat teknika landu genituen ibilgailuak bere garaiko ezaugarriak izan zitzan, eta, aldi berean, hobekuntza batzuk sartu genituen. Ez genuen asmakizunaren funtsa galdu nahi, baina asmakizunak funtzionatzea nahi genuen".

Maketak 50 x 40 cm- neurriak ditu, eta zurezkoa da. "Bi zur desberdin erabili genituen, intxaur eta lizar zura, garai hartako materialetara egokitzeko. Mekanismoa oso erraza da: mugitzeko kargatu baino ez da egin behar.  Balazta txiki bat ere gehitu genion". Onartzen du orga bere kabuz mugitzen zela ikusi zuenean zirrara handia sentitu zuela. "Irailetik urtarril amaiera arte egon nintzen proiektuan lanean, eta funtzionatzen zuela ikusi nuenean, poza eman zidan. Egia da ordu asko sartu ditudala, baina gaia asko gustatzen zitzaidanez, ez zitzaidan oso gogorra egin. Asko irakurria nintzen Leonardo da Vinciri buruz, eta, bere asmakizun gehienak armei buruzkoak izan baziren ere, makina asmotsu ugari diseinatu zituen, haien artean, eraiki dudan orga autohigiarazlea. Hasiera-hasieratik gustatu zitzaidan, eta gauzatzeko proiektu egokia iruditu zitzaidan".

Cristina bere ikasketen amaierako proiektuari eskaini dizkion ahaleginak eta denborak merezi izan dute.  Epaimahaiak 10 bat eman zion. "Jende asko etorri zen proiektuaren aurkezpenera: lagunak, senitartekoak eta lantegiko teknikaria ere bai, zeina ez baita era horretako ekitaldietara joaten, oso urduri jartzen delako. Ni oso lasai nindoan. Egin nuena azaldu behar nuen soilik. Gainera, ez daukat arazorik jendaurrean hitz egiteko. Bideo batzuk prestatu nituen, eta lana era erraz batean aurkeztu nien, uler zezaten, baina aldi berean alderdi tekniko bat izateko". Maketa Tuterako Ingeniaritza Eskolan geratu da, eta harro esan dezake "da Vinci" bat daukala campusean.

Maketa merkaturatzea

Bere proiektua osatzeko, Cristinak ikuspegi komertzial bat eman zion. Erreplika egiteaz gainera, orga autohigiarazlearen modelismoko maketa bat egin zuen bildumagileek hainbeste eskatzen dituzten itsas eta gudu erreprodukzioen kit-en erara.  "Faszikuluetan edo maketa gisa saldu nahi dugu, eta, hortaz, maketaren kaxa diseinatu dugu muntatzeko beharrezkoak diren osagai guztiekin, trokelatutako piezetatik hasi eta erreproduzitzeko beharrezkoak diren marrazki eta jarraibideetaraino. Jende profesionalago batzuei zuzenduta dago, eta berez maketa ez da hain txikia".

Oraingoz, ez du inolako eskaintzarik jaso orga autohigiarazlearen bere kita merkaturatzeko, baina ahaleginak egiten jarraituko du. Bitartean, Tuterako enpresa batean ari da lanean urtebeteko iraupena duen praktiketako kontratu baten bidez. 3D diseinuan, osagaien diseinuan, lan egitea da bere ilusioa. Eta, itxura guztien arabera, lortuko duela ematen du. Mundu guztiak ezin du harrotu Leonardo da Vinci asmakizun bat egin izanaz.