

Argazkiaren oin-oharra: Ingeniaritzako ikasleak, diplomak jasotzean, 2014-2015 ikasturte honetako beren proiektuengatik
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Energia Berriztagarrien Katedrak posible egin du, duela bost urte sortu zenetik, 129 ingeniaritza ikaslek beren karrera amaierako lanak eta master amaierako egin ahal izatea sektoreko puntako lau enpresetan (Gamesa, Ingeteam, Acciona Energía eta Acciona WindPower) eta CENER delakoan (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalean). Bosturteko honetan, erakunde horiek katedraren jarduerak finantzatu dituzte, 820.000 euro jarriz.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Energia Berriztagarrien Katedra 2010ean sortu zen, lankidetza zientifiko-teknologikoaren esparru-hitzarmen bati esker, Unibertsitatearen eta Acciona Energía, Acciona Windpower, Gamesa, Ingeteam enpresen eta CENER delakoaren artean izenpetu zena. Hitzarmenaren helburua da ikerketa eta irakaskuntza jarduerak elkarrekin egitea.
Egin diren jardueren artean, azpimarratzekoak dira karrera amaierako lanak (106, denera), eta master amaierako lanak (23), joan diren bost urteetan aurkeztutakoak, hau da, urtean hogei baino gehiago, batez beste. Lan hauen erdiak baino gehiago energia eolikoari buruzkoak izan dira (guztietatik 72); energia fotovoltaikoari buruzkoak 22 izan dira; termosolarrari buruzkoak, 14; sistema isolatuei, mikrosareei eta biltegiratzeari buruzkoak, 10; biomasari buruzkoak, 4; eta elektrolizatzaleei eta erregai-pilei buruzkoak, 3. Izan ziren beste lau proiektu gehiago, beste teknologia batzuei buruzkoak.
Beren proiektuak eta lanak Katedran defenditu dituzten ingeniaritzako ikasleen artean, 49k Mekanikarekin zerikusia zeukaten espezialitateak edo titulazioak egiten zituzten; 48k, Elektrizitatearekin zerikusia zeukatenak; 17k, Telekomunikazio eta Informatikarekin; eta 4k, Antolaketarekin. Halaber, baziren beste hamaika ikasle, zeinen ingeniaritza-profila orokorra baitzen.
Proiektuak bi sailetan sailkatu dira: A sailekoek Unibertsitatearen tutore-prestatzaile aktibo bat zeukaten, ikasleari laguntza eta babesa ematen zizkiona, baita enpresako tutore bat ere zeukatenak; eta B sailekoek enpresaren tutore-prestatzaile bat zeukaten, eta NUPeko tutore bat ere bai, baina gidari orokor bezala aritzen zena. Lehen sailean 57 lan eta proiektu izan dira; eta bigarrenean, 72.
Proiektuak zuzendu dituzten ikasleek Unibertsitatearen zortzi sailetako ziren: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa; Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza; Automatika eta Konputazioa; Fisika, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa; Matematika eta Informatika Ingeniaritza; Landa-ingeniaritza eta Proiektuak; eta Kimika Aplikatua.
Hitzaldiak, ikastaroak eta energiari buruzko asteak
Unibertsitateko Energia Berriztagarrien Katedrak bosturteko honetan beste hainbat jarduera ere egin izan ditu: hiru hitzaldi-ziklo, bi energiari buruzko aste (dibulgatzaileak), energia eolikoari buruzko bi ikastaro espezializatu, eta Klaus Kuhnkeren bi ponentzia. Kuhnke Osnabrückeko (Alemania) Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko Energia Berriztagarrien eta Fisikaren katedraduna da.
Halaber, ikasleek sei prestakuntza-bisita egin dituzte, enpresa eta erakunde hauetara: Acciona Energía (Vedadilloko parke eolikoa, Faltzesen, eta Milagroko planta fotovoltaikoa); CENER (Alaizeko parke eoliko esperimentala); Gamesa (Reinosako sortzaile elektrikoen fabrika, Kantabrian, eta Noaingo Facultad Gamesa); eta Ingeteam (Panel Elektrikoak, Sesman).
Pablo Sanchis Gúrpidek zuzentzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Energia Berriztagarrien Katedra eta hari laguntzen diote beste bi irakaslek: David Astráin Ulibarrenak, zuzendari teknikoak, eta Idoia San Martín Biurrunek, idazkari teknikoak.