Joan eduki nagusira

zoom Leire Ordiales NUPeko ikaslea

Leire Ordiales NUPeko ikaslea

Leire Ordiales Castrillo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritza Graduko 2. ikasmailako ikasleak, Espainiako beste 19 ikaslerekin batera, hamabost eguneko beka bat erdietsi du teknologia berriei buruzko prestakuntza egiteko Txinan, Asiako Huawei enpresak antolatutako teknologiei buruzko lehiaketa baten bidez.  Ingeniaritzako ikasleek teknologiak etorkizuneko gizartean nola lagun dezakeen erakusten duten proposamenak aurkeztea xede zeukan lehiaketak, eta horretarako, Leire Ordialesek hiri-aparkalekuak (gune urdina) kontrolatzeko sistema erabat automatizatua diseinatu zuen, txartela atera beharrik gabe, sakelako telefonoarekin ordaindu beharrik gabe, eta kaleetan zaintzaileen beharrik gabe.

"IKTen etorkizuna" izeneko unibertsitateko ikasleentzako lehiaketa hau Huawei España enpresaren ekimen bat da, txinatar enpresaren “Seeds for the future” (“Etorkizunerako haziak”) izeneko proiektu globalaren parte dena. Espainian 2013. urtean garatzen hasi zen programa hau zabalik dago 2. edo 3. ikasmailetako ikasleentzat lau ingeniaritza hauetan: Telekomunikaziokoa, Industriala, Informatikakoa edo Elektronikakoa.

Parte hartzaileek proposamen bat garatu behar dute ingelesez, tresna jakin batzuekin, (bideo bat YouTuben, animazio bat Prezi programaren bidez edo dokumentu bat Slideshare programan), erakusteko noranzko bilakaera izango duten IKT izenekoek (informazio eta komunikazio teknologiak) edo zein joera sor daitezkeen datozen urteotan esparru hauetan: kontsumoa (telefono adimendunak, tabletak, “wearable” edo “aldean eramateko teknologia”…), enpresak (“smart cities” edo hiri adimendunak, “cloud computing” edo konputazioa hodeian…), telekomunikazio sareak eta beste gai batzuk, esaterako gauzen interneta edo “big data” edo datu masiboak.

Bideoan aurkeztutako proiektua

Leire Ordialesek bideo batean aurkeztu zuen proiektua, “smart cities” edo hiri adimendunetako IKTen bilakaeran oinarritu zuen. “Pentsatu nuen aplikazio praktiko ona izango zela ‘wireless’ -haririk gabeko- teknologia ezartzea egungo aparkaleku mugatuko guneetan, hiria adimendun eginez, eta baliabide erabilgarriak baliatuz, bertan aparkatzen duten autoei buruzko informazioa igorriz eta jasoz denbora errealean”, azaldu du bizkaitar ikasleak.

Horretarako, Leire Ordialesek planteatu zuen ibilgailu bakoitzak “seinale arin eta sinple bat emititzea bere identifikazio zenbakiari buruzko datuekin”. “Orduan –jarraitu zuen ikasleak–, antena hartzaileek –microstrip motakoak, arinak, txikiak eta fabrikazio kostu txikikoak direnak– eta errepikagailuek, farolen gainean jarrita eta aparkalekuetara bideratuak, seinaleak atzematen eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko –DGT– tokiko estazioetara igortzen dituzte, bertan jaso eta prozesatu egiten dira, modu horretan auto bakoitzak aparkaturik daraman denbora kontrolatzeko modua emanez. Horrela arindu egiten dira bai kontrolerako tramiteak bai aparkatzeko denbora, erabiltzaileei errazagoa eginez, ez baitute txartelik atera behar parkimetroan".

Leire Ordialesek dioenez, proiektu honek “erosotasun mailan hobekuntzak dakartza, bai erabiltzaileentzat bai langileentzat, eta tramitazioa errazten du, zeren, denbora gainditzen bada, programa, DGTren tokiko egoitzatik, denbora gehigarria fakturatzen hasten baita seinalea jasotzen utzi arte, autoak aparkalekua uzten duenean. Ondoren, ibilgailu horri lotutako helbide eta erabiltzaileari igortzen dio, denbora luzeagoan aparkatzeagatiko zehapena".

Proiektu hau egiteko, Leire Ordialesek Nafarroako Unibertsitate Publikoko Automatika eta Konputazio Saileko Eduardo Magaña Lizarrondo irakaslearen aholkularitza eduki du.

Bi prestakuntza astez Txinan

Saria, berarentzat eta hautatu diren Ingeniaritzako beste 19 ikasleentzat, astebeteko prestakuntza egonaldi bat da uztailean  Shenzhen hiriko (Txina) Huawei enpresaren egoitza nagusian, astebeteko ikastaro bat txinatar hizkuntza eta kulturari buruz Pekinen eta bisita bat Hong Kong hirira.

Telekomunikazioen eta ikerketa teknologikoaren esparruan oinarritutako prestakuntza ikastaroan zehar, unibertsitateko hogei ikasleek Huawei enpresaren erakusketa zentroa, haren logistika zentroa, I+G laborategiak eta fabrikazio zentroa ezagutuko dituzte.

Huawei Technologies enpresak bere burua definitzen du “IKTen hornitzaile global bat, 76.000 ingeniaritik gora dauzkana lanean  I+G 18 zentro globaletan, 170 herrialdetan jarduten duena eta munduko biztanleriaren heren bat baino gehiagori zerbitzatzen diona”. Enpresa txinatarrak Espainian jarduten du 2001. urtetik, bertan 1.000 profesionalek lan egiten dute, eta horien % 80 tokikoak dira, multinazionalaren datuen arabera.