Julio Barado Hualde mediku intentsibistak (Atarrabia, Nafarroa, 1965) simulazioko eredu matematiko bat garatu du, eta eredu horrek ZIU bateko zenbat ohe beteko diren aurresatea ahalbidetzen du, oheak eraginkortasun handiagoz kudeatzeko. Ikerketa honek Nafarroako Ospitalegunean bildu du arreta, eta bere doktoretza-tesiaren barruan dago. Tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri du, eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.
ZIUetan, larrien dauden edo kaltetutako sistema organikoetarako euskarriaren premia handiagoa duten gaixoak ospitaleratzen dituzte. “Uste zitekeenaren aurka, pazienteak ez dituzte ZIUn ospitaleratzen ‘hiltzeko’, haiek ospitaleratzeko baldintzetako bat baita bizi kalitate onarekin oneratzeko arrazoizko itxaropena edukitzea. Nolanahi ere, heriotza-tasa handia dago unitate hauetan; ikerketa honi dagokionez, % 19,8koa”, azaltzen du Julio Baradok, Nafarroako Ospitaleguneko Medikuntza Intentsiboko Zerbitzuko Medikuntza Intentsiboko espezialistak.
Teknologia-beharrak eta osasun langileen beharrak direla-eta, ZIUak garestiak dira. “Nafarroan, ZIUko ohe baten prezioa eguneko 1.431 euro dela jotzen da -aipatzen du Julio Baradok-. Alabaina, oneratzeko aukera gutxiago dituzte ZIU batean ospitaleratzeko premian egon arren, ohe hutsik ez dagoelako ospitaleratu ezin dituztenek”.
Hala, Julio Baradoren iritzian, ZIU bateko ohe kopurua aukeratzea bi aldeko arazoa da: alde batetik, “ohe asko edukitzeak gehiegizko gastua eragiten du”, eta, beste aldetik, “ohe gutxi edukitzeak osasun arretako arazo bat eragin dezake”.
Bederatzi urtean artatutako pazienteen ikerketa
Arazo horri konponbide bidezkoago bat aurkitzeko, Julio Baradok simulazioko eredu matematiko bat garatu du, Nafarroako Ospitaleguneko (lehengo Nafarroako Ospitalea) ZIU-Ako zenbat ohe beteko diren aurresateko. Eredu hori bederatzi urtean artatu dituzten pazienteen ospitaleratze datuetan eta ospitaleratzearen iraupenean oinarritzen da. Guztira 6.300 pertsona ospitaleratu zituzten epe horretan.
“Xede honetarako aurretiaz erabili diren metodo klasikoek ez bezala, bai ospitaleratzeen, bai egonaldien iraupenaren aldakortasuna kontuan hartzeko gai da metodo hau. Beraz, aurresateko gaitasun handiagoa du –esaten du NUPeko doktore berri honek-. Eredu hau sortzean, gisa honetako ereduetan oraindik konpondu gabe zeuden arazoak konpondu dira, hala nola egonaldi luzeen doikuntza, eta, batez ere, paziente batzuen egonaldiaren iraupena aldatzera zuzendutako erabaki medikoak kontuan hartzea”.
Erabaki horien bidez gaixo batzuen egonaldia ZIUn laburtu egiten da ohiko ospitaleratze-solairu batean oneratze prozesuarekin jarraitzea ahalbidetuko dien oneratze maila batera iristen direnean, beren ohea egoera larriagoan dagoen beste paziente batzuentzat beharrezkoa delako; ohe gutxiago baleude beteta, paziente horiei geroago emango litzaieke senda-agiria.
“Alde horretatik, mediku eta batzuetan urria den baliabide komun baten kudeatzaile gisa jarduten du aldi berean medikuak –esaten du Julio Baradok-. Portaera hori simulazioko eredu matematiko batean sartzea gertaera berri bat da, eta horri esker behar bezala adierazi da Nafarroako Ospitaleguneko ZIU-Ako zenbat ohe bete diren”.
Oheen beharrak aurresatea
Julio Baradoren arabera, sortu den eredu matematikoak ahalbidetuko du aurresatea “zein izango diren oheen beharrak edo zenbat paziente ezin izango dituzten ospitaleratu ohe hutsik ez dagoelako hainbat egoeratan”. “Horrela –jarraitzen du-, zehatz-mehatz jakin dezakegu zenbat ohe beharko diren etorkizunean, azken urteetan gertatzen ari den bezala adineko pazienteen ospitaleratzeak gero eta gehiago badira; edo zein behar egongo liratekeen egoera akutuetan, A/H1N1 gripearena bezalako pandemia baten ondoren gerta litekeen bezala; edo funtzionamendu-aldaketek beteta dauden oheen kopuruan izan ditzaketen eraginak: esaterako, ebakuntza-ondoko hasierako aldian ZIUn igaro behar duten pazienteen kirurgia programazioko aldaketak; Bitarteko Zainketako Unitateen sorrera, ZIU gutxiago egon daitezen beteta, etab. Analisi horiek guztiek ZIUko oheen kudeaketa eraginkorrena bilatzen lagunduko dute.”
Doktoretza tesi honen izenburua “Propuesta metodológica para la elaboración de modelos de simulación de la ocupación de las camas de una Unidad de Cuidados Intensivos” da, eta beste ZIU batzuetara egoki daiteke, zenbat ohe egongo diren beteta jakiteko.
Ikerketa egiteko, diziplina-anitzeko talde baten laguntza izan du Julio Baradok. Taldea osatzen dute Medikuntza Intentsiboko espezialista batzuek (lehengo Nafarroako Ospitaleko ZIUko bere kideek) eta Ikerketa Operatiboko aditu batzuek, hala nola bere doktoretza tesiaren bi zuzendariek: Cristina Azcárate Camio eta Fermín Mallor Giménez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko irakasleek.
Curriculum laburra
Julio Barado Medikuntza eta Kirurgian lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean (1989), eta bost urtez Medikuntza Intentsiboko mediku espezialista gisa trebatu zen Nafarroako Ospitaleko Medikuntza Intentsiboko Zerbitzuan (1990-1994).
Bere lehenengo destino profesionala Meridako Ospitalea izan zen (Badajoz), eta han Medikuntza Intentsiboko Zerbitzuan lan egin zuen 1995etik 1996ra arte. Urte horretan Nafarroako Ospitalean (orain Nafarroako Ospitalegunea) hasi zen lanean eta orain arte han aritu da lanean.
Julio Baradoren ikerketa-jardueraren laburpen gisa, aipatzekoak dira hamahiru artikuluren argitalpena zenbait zientzia-aldizkaritan eta 104 txosten eta komunikazioren aurkezpena hainbat mediku biltzarretan.