Nafarroako Unibertsitate Publikoak bihar, osteguna, uztailak 16, irekiko du epea 2015-2016 ikasturteko graduetarako ohiz kanpoko aurreinskripzioa egiteko. Ikasleek www.unavarra.es Unibertsitatearen webgunearen bidez eskatuko dute ikaspostua uztailaren 17ra arte, ostirala, eta egun horretan 14:00ak arte, ohiko epeko eskaerak tramitatu ondoren ikaspostu hutsak dituzten titulazioetan.
Ostiralean, amaituko da baita ere prozesu honetarako eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea. Unibertsitatean Sartzeko Probak (USP) Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin dituzten Batxilergoko ikasleek ez dute dokumentazioa aurkeztu behar, ez bada nazioarteko programetako baterako ikaspostua eskatzen dutela, edo erreserba kupo baten bidez sartu nahi dutela. Dokumentazioa Administrazio eta Kudeaketako eraikinean aurkeztu behar dute, Iruñeko Arrosadiko Campusean, edo posta ziurtatuaren bidez bidali behar dute.
Bigarren deialdi honetan aurreinskripzioa egiten duten ikasle onartuen zerrenda uztailaren 24an, ostiralarekin, jarriko da jendaurrean, eta ikaspostua lortzen dutenek uztailaren 27an, astelehenarekin, egingo dute matrikula. Erreklamazioak egiteko aukera ere izango da uztailaren 24 eta 27an.
1.775etik gora ikaspostu hurrengo ikasturterako
Gogoratu behar da Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko titulazioetarako sarrera berriko 1.775 ikaspostu eskainiko dituela osotara 2015-2016 ikasturterako 18 gradutan banatuak. Ikastegien arabera, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa izango da ikaspostu berri gehien edukiko duena, 520 edukiko baititu osotara. Ondoren Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea dator, 450 ikasposturekin; Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, 260 ikasposturekin; Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskola, 160rekin; eta bukatzeko, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa eta Zientzia Juridikoen Fakultatea datoz, biak 150 ikasposturekin.