Joan eduki nagusira

zoom Humberto Bustince, NUPeko katedraduna, saria jasotzerakoan. Ezkerretik eskuinera: Janusz Kacprzyk, IFS-en idazkaria, Christer Carlsson, IFSA-ren presidentea, eta Humberto Bustince

Humberto Bustince, NUPeko katedraduna, saria jasotzerakoan. Ezkerretik eskuinera: Janusz Kacprzyk, IFS-en idazkaria, Christer Carlsson, IFSA-ren presidentea, eta Humberto Bustince

Humberto Bustince Sola (Uxue, Nafarroa, 1958) International Fuzzy Systems Association (IFSA) logika eta teknologia lausoak garatzen eta sustatzen dituen nazioarteko erakundeko “Fellow” izendatu dute bere zientzia-ibilbidea aitortzeko. Adimen artifizialaren esparru bat da, eta hainbat arloren artean honako hauetan ditu aplikazioak: erabakiak hartzea, irudiaren bidezko diagnostiko medikoa, hizkuntza naturalaren prozesatzea, kontrola eta soziologia. Gijonen (Asturiasen) eman diote saria IFSAren Munduko 16. Biltzarra eta European Society for Fuzzy Logic and Technology EUSFLAT erakundeak,  IFSAk Europan duen erakunde homologoak, egin duen 9. Konferentzia direla-eta.

Bi ikertzaile hauek proposatu dute Humberto Bustince sarirako: Januzs Kacprzyk poloniarrak (Poloniako Zientzia Akademiako Sistemen Ikerketa Institutuko irakaslea Varsovian), multzo lausoen hedapenei egindako ekarpenengatik; eta Ronald R. Yager iparramerikarrak (New Yorkeko Iona Collegeko Adimen Artifizialeko Institutuaren zuzendaria), agregazio funtzioen  teoria matematikoan egindako lanagatik. Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradunaren aurretik beste bost espainiarrek jaso dute “Fellow” saria. Logika lausoan eta antzeko diziplinetan ekarpen aipagarriak egin dituztenen ibilbideak aitortzen ditu sari horrek.

Eragin handienetako bat duten ikertzaileetako bat

zoom Humberto Bustince (eskuinean)

Humberto Bustince (eskuinean)

Logika intuizionista lausoaren barruan eragin handienetako bat duten hamar autoreetako bat da Humberto Bustince,  “Applied Soft Computing” aldizkariaren ikerketa baten arabera. Horretaz gainera, bere artikulu bat, Pedro Burillo López katedradun erretiratuarekin batera 1996an sinatu zuena, gai horretako zientzialari nagusiek gehien aipatu dutena da nazioartean.

Fisika Zientzietan lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean (1983) eta matematikan doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1994), eta unibertsitate horretan irakasten eta ikertzen du 1991. urteaz geroztik. Egun Automatika eta Konputazio Saileko katedraduna da eta adimen artifiziala irakasten die Informatika Ingeniaritzako ikasleei.

Adimen Artifizialeko eta Arrazonamendu Hurbilduari buruzko NUPeko ikerketa taldearen arduraduna da, eta 155etik gora zientzia-artikulu eta nazioarteko biltzarretarako ehundik gora ekarpen egin ditu, ikertzaile nagusia da bai nazioko eta bai nazioarteko hogeitik gora proiektutan, eta beste autore batzuekin batera logika lausoari buruzko lau libururen egilea da gainera.