Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Banco Santanderrek, Santander Universidades atalaren bidez, ostiral honetan, uztailak 3, guztira 82 beka eta nazioarteko mugikortasunerako laguntza eman dituzte, 32 beka praktikak enpresetan egiteko, eta graduko 13 Iberoamérica beka. Beka hauek jendaurreko ekitaldi batean eman dira Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan, eguerdiko 12:00etatik aurrera, eta bi instituzioek hainbat proiektu akademiko garatzeko daukaten lankidetzaren esparruan egin da ekitaldia.
Emateko ekitaldian egon dira, Cristina Bayona Sáez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; Hugo López López Nazioartekotzeko errektoreordea; Alfonso Sánchez González Banco Santanderreko lurralde zuzendaria Nafarroan; eta Carmen Caballero, Santander Universidades España hitzarmenetako zuzendaria.
82 mugikortasun beka


Ezkerretik eskuinera, Beatriz Medeiros; Carmen Caballero, Santander Universidades España hitzarmenetako zuzendaria; Alfonso Carlosena, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektorea; Alfonso Sánchez González Banco Santanderreko lurralde zuzendaria Nafarroan; Hugo López López Nazioartekotzeko errektoreordea; Inés Abendaño; eta Cristina Bayona Sáez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea
Guztira 82 ikaslek jaso dituzte nazioarteko mugikortasun bekak, aldiz, beste 10 ikasle Iberoamérica beken onuradun izango dira. Nazioarteko mugikortasuneko laguntzak NUPek hainbat atzerriko unibertsitaterekin eta programa hauekin dauzkan aldebiko hitzarmenei dagozkie: ISEP (International Student Exchange Programs, ikasleen trukerako lehen partzuergo globala, Estatu Batuetan dagoena, eta 50 herrialdetako goi mailako 300 hezkuntza-erakunde biltzen dituena), Palafox (Latinoamerikarekiko trukea) eta Martin de Rada (Asiarako). Zehatz esateko, 43 beka Palafox programari dagozkio; 9, aldebiko hitzarmenei; 13, ISEP USAri; 5, ISEP Nazioartekoari; eta 12, Martin de Radari.
Nazioarteko mugikortasuneko Iberoamérica beken helburua da laguntzea Ezagutzaren Gune Iberoamerikarrean unibertsitateko ikasleen arteko trukearen bidez. Beka bakoitzaren zuzkidura 3.000 euro da.
Beka eta laguntza hauek jaso dituzten ikasleek egonaldiak egin dituzte herrialde hauetako zenbait unibertsitatetan: Australia, Brasil, Txina, Txile, Hego Korea, Costa Rica, Estatu Batuak, Mexiko, Peru, Suitza eta Taiwan. Ikasle gehien jaso dituzten herrialdeak dira Estatu Batuak (18), Mexiko, 16 ikasle, eta Txile 12 hartu baititu.
Praktikak enpresetan
Horrez gain, 32 ikaslek enpresetan praktikak egiteko "Becas Santander de Prácticas en empresas" bekak jaso dituzte, eta horri esker beste hainbeste unibertsitate-ikaslek praktika profesional ordainduak egiten dituzte enpresa txiki eta ertainetan, hiru edo sei hilabeteren arteko iraupenarekin. Banco Santander bankuak sustatzen du ekimen hau, Santander Universidades atalaren bidez, eta laguntzaile dira EUEK (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) eta CEPYME (Enpresa Txiki eta Ertainaren Espainiako Konfederazioa), zeina Nafarroan ordezkatuta baitago FAPYMEN eta CENen bidez.
Banco Santander bankuak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jarduera hau sustatzen du, besteak beste, bi erakundeek 1999. urtetik daukaten lankidetzaren esparruan. Santander Universidades arlo korporatiboaren bidez, lankidetza hitzarmenak dauzka mundu osoko 1.200 unibertsitate eta ikerketa zentrorekin, 4.500 unibertsitate-proiektutik gora laguntzen ditu urtero, eta 2014. urtean 28.443 beka, ikasketetarako laguntza eta praktika profesional eman zituen. Argibide gehiago hemen: www.santander.com/universidades.