Joan eduki nagusira

"Zientzia tabernan" zabalkuntzako seriea, urtebeteko ibilbidea egin ondoren, Sanferminetako jaietara itzuliko da, "Zergatik ematen du hain handi Udaletxeko plazak Txupinazoan?" galderari erantzuteko. Nafarroako Unibertsitate Publikoak abian jarri duen zientzia zabalkuntzako ekimen honetako hamaseigarren bideoa da hau. Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak - Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du, eta xede nagusia da eduki zientifiko eta teknologikoak jende guztiarentzat zabaltzea hizkera errazean eta ulergarrian.

Joaquín Sevilla, Teknologia Elektronikoko irakasle titularra Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Javier Armentia, Iruñeko Planetarioko koordinatzailea, dira ikus-entzunezko pieza laburren protagonistak. Bideo horiek taberna batetik egindakoak direla dute komunean. Horregatik, inguru horretako materialak eta elementu berekiak erabiltzen dituzte beren taberna-saiakuntzak egiteko. Beraiek erantzun zientifikoa emango diete honako galdera hauei, adibidez: Zergatik zerua urdina da, eta arratsak gorrixkak? Zer da materia iluna? Zergatik lurruntzen zaizkit betaurrekoak?, Zergatik daude koloretako izarrak? etab.

Kikarak, platerak, kopak, kafeontziak, olibak, ogi papurrak edo zotzak dira zientzia tabernan azaltzeko erabiltzen diren baliabideetako batzuk. Sanferminetako jaiak baliatuz, joan den urtean lehen bideoa ikusita, eguzki-sistemaren tamainaren ideia bat hartu genuen entzierroko ibilbidearen eskalan txikituta; aldiz, oraingo honetan Joaquín Sevilla eta Javier Armentia irakasleek azalduko digute zergatik ematen duen hain handi Iruñeko Udaletxeko plazak Txupinazoaren unean, gizakiak espazioen eta haietan dauden elementuen pertzepzio integratuak edo pertzepzio globalak eragiten duen gertakaria, alegia.

Zientzia zabalkuntzako serie honetako bideoek 100.000 bisitatik gora eduki dituzte urtebetean osotara. Gehien ikusi den lana "Zergatik lurruntzen zaizkit betaurrekoak?" izan da, kondentsazioaren fenomenoa azaltzen baita bertan.

Non aurkitu bideoak

Zientzia tabernan serieko bideo guztiak ikusteko aukera dago youtuben (www.youtube.com/cienciaenelbar) eta Zientzia tabernan ekimenaren webgunean (http://www.cienciaenelbar.com). Web-orrialde horretan, gainera, aztertzen diren kontzeptu zientifikoei buruzko fitxa didaktiko laburrak jasotzen dira, laguntzarako material izan daitezen gai horietan interesa duten eskola eta institutuetan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitateak abian jarritako ekimen hau, Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak - Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du, eta Iruñeko Planetarioaren eta ID punto cero tabernaren laguntza izan du. Abiapuntutzat hartzen du Iruñean Zientziaren Lagunen Klubaren eskutik 2013. urtean, gai zientifikoak lasai eta lagunarteko giroan jende guztiarengana hurbiltzeko xedez, sortu zen "Zientziaren ostegunak" ekimena.