Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Unibertsitate-Gizarte Fundazioak guztira 1.207 ekintza garatzeko asmoa du aurten 2.000 pertsona baino gehiagori lanerako orientabidea emateko edo laneratzeko xedez. Ekintzetan parte hartzeko hautatuak izateko irizpideak dira enplegua sortzeko gaitasuna, enplegua bilatzeko prozesuetan den esperientzia, denbora edukitzea, norberaren interesa, e.a.

Unibertsitarioak Laneratzeko Orientabide eta Jarraipen Proiektuaren datuak dira hauek. Proiektuak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 75.000 euro jaso ditu, eta ebatzi berri den Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntzen 2014ko deialdian aurkeztutakoen artean hoberena dela balioetsi dute –100 puntutik 99 punturekin–.

Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Enplegu Zerbitzuak egin du Orientabide eta Jarraipen Proiektua, eta langabetuei zuzentzen zaie, baina lehentasunez honako hauei: beren ikasketen azken ikasturtean dabiltzan Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak, eta, unibertsitate titulua edukita, Nafarroan bizi diren eta beren lehen lan kualifikatua bilatzen ari diren gazteak, eta arreta berezia dute desgaitasuna duten pertsonak. Era berean, arreta emango die enplegu kualifikatua izan zuten eta krisiak eragin dien unibertsitarioei, eta lana hobetzeko nahia duten lan-eskatzaileei.

Guztira 639 banakako tutoretza programatu dira laneratzeko orientabidea emateko eta jarraipena egiteko enpresetan praktikak egin bitartean; 10 lantegi lan bila modu aktiboan aritzeko; enplegua bilatzeko 4 lantegi 2.0 bereziki sare sozialen eta profesionalen erabilera ardatz dutenak; lanerako elkarrizketei buruzko 4 lantegi; lanerako orientabiderako 2 ibilbide gaitasun profesionalei buruz; 3 lantegi autoenplegurako informazioari eta motibazioari buruz; 30 ekintza enpresa proiektuei aholkularitza emateko; informazio profesionaleko 312 ekintza enplegurako eta prestakuntzarako; 26 informazio saio; 4 ekintza ikasgeletan orientatzeko; bitartekaritza eta laneratzeko ekintzak; eta bisitak enpresetan prospekzioa egiteko.

Bi poltsa eskaintzekin

Fundazioaren Enplegu Zerbitzuak bi poltsa ditu bere erabiltzaileentzako eskaintzekin. Bata da enpresa eta instituzioetan praktikak egiteko, eta bestea enplegu kualifikatuko eskaintzetarako. Lan poltsa hauetan erregistraturik eta alta emanda daude 17.000 pertsonaren curriculum vitae-ak. Fundazioak hainbat praktika programa kudeatzen ditu, horien artean aipatzekoak dira: ikasleen praktikak, praktiketako prestakuntza programa tituludunentzat, nazioarteko praktiketarako Erasmus+ programak, Nafarroa Beken Programa eta beste zenbait programa bereki. Lan eskaintzak, lehentasunez, 35 urtez beherako unibertsitate tituludunentzat dira.

2014. urtean, Fundazioko kideek 588 bisita egin zituzten 389 enpresa, instituzio eta erakundetara.  Era berean, 2014. urtean zehar, 1.015 pertsonak praktikak hasi zituzten Fundazioak kudeatzen dituen praktika programen bidez, 1.195 hitzarmen berariazko sinatu ziren eta 26 lan-eskaintza kudeatu ziren.

Ekintzak zuzen egin daitezen, Fundazioak lehentasun jarduketarako hitzarmenak sinatuta dauzka prestakuntzarako praktika gaietan 2.100dik gora enpresa eta instituziorekin. 2014. urtean horietako 110 sinatu ziren. Jardunbide koordinatu hauen ondorioz (orientabidea, praktikak, enplegu zerbitzua), praktika programa hauek bukatzean, azken 6 urteetan 1.426 unibertsitario hasi dira lanpostu kualifikatuetan.