Alfonso Carlosena Seinalearen Teoria eta Komunikazioetako katedraduna gaur, ostirala, jabetu da Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore karguaz Remacha aretoan egin den ekitaldi batean. Ekitaldian parte hartu dute Nafarroako irakaskuntzaren, politikaren eta gizartearen eta ekonomiaren esparruko ordezkariek, bai eta beste erkidego batzuetako unibertsitateetako agintariek eta senitartekoek eta unibertsitateko komunitateko kideek. Maiatzaren 13ko hauteskundeetan hautatu zuten Carlosena.
Halaber, ekitaldian jabetu dira beren karguez Alfonso Carlosenak Unibertsitatearen kudeaketan hurrengo lau urteetan lagun izango dituen zuzendaritza-taldeko kideak. Honako hauek dira: Manuel Rapún Gárate, Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako errektoreordea, Eloísa Ramírez Vaquero, Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordea, Ramón Gonzalo García, Ikerketako errektoreordea, Carmen Jarén Ceballos, Irakaskuntzarako errektoreordea, Cristina Bayona Sáez, Ikasleen gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea, Hugo López López, Nazioartekotze errektoreordea, eta Inés Olaizola Nogales, idazkari nagusia.
Ekitaldia segizio akademikoaren desfilearekin hasi da, Julio Lafuente bere kargua uzten duen errektorea aurretik zihoala. Aretoan sartu da, Yolanda Barcina Angulo Nafarroako Gobernuaren lehendakaria eta Alberto Catalán Higueras Parlamentuaren lehendakaria lagun zituela, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Hari-laukoteak "Erresuma sartzeko Martxa" interpretatzen zuen bitartean.
Ondoren errektore karguaz jabetzeko ekitaldia hasi da. Alfonso Carlosenak zin egin eta gero, Julio Lafuente bere kargua uzten duen errektoreak domina eman dio karguaren ikur modura, eta Yolanda Barcina lehendakariak aginte makila eman dio "agintearen erakusgarri, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore txit goren delako”.
Kargua zin egin eta gero, unibertsitateko zuzendaritza-taldeko kideak izendatzeko ebazpenak sinatu ditu errektore berriak, eta idazkari nagusiak, zeinak bere kargua uzten baitu, gauza bera egin du idazkari berriaren izendapena sinatzeko. Jarraian idazkari nagusi berria eta errektoreordeak beren karguaz jabetu dira.
Julio Lafuente bere kargua uzten duen errektoreak, Alfonso Carlosena errektore berriak eta Yolanda Barcina Gobernuaren lehendakariek hitzaldi bana eman dute. Yolanda Barcinaren hitzaldia eta gero, UHUNko abesbatzak eta NUPeko unibertsitateko abesbatzak, María Lourdes Moratinos Olorón zuzendari lanetan zutela, eta mahaiko kideak eta jendea zutik zeudela, “Gaudeamus igutur” abestia interpretatu dute.
Kargu-jabetze ekitaldia amaitu eta berehala, bilera egin du unibertsitateko Gizarte Kontseiluak, eta Pello Irujo Amezaga unibertsitateko kudeatzaile izendatzeko Alfonso Carlosena errektoreak aurkeztu duen proposamena onetsi du.
Errektorearen profila
Alfonso Carlosena San Martin de Unxen (Navarra) jaio zen 1962. urtean. Zientzia Fisikoetako lizentziatura, aparteko sariarekin, eta Zientzietako Doktoretza Zaragozako Unibertsitatean erdietsi zituen 1985ean eta 1989an, hurrenez hurren. 1986tik 1992ra arte irakasle laguntzaile izan zen Zaragozako Unibertsitatean, Ingeniaritza Elektrikoko eta Informatikako Sailean. 1992ko urrian Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartu zen bitarteko irakasle titular gisa, aurrena, eta gero funtzionario bihurtu zen 1993an. 2000ko martxoan Seinalearen Teoria eta Komunikazioak jakintza arloko katedradun lanpostua eskuratu zuen. Irakaskuntza lana bi unibertsitateetan egin du, lehenengo kasuan Fisika Zientzietako eta Industria Ingeniaritzako ikasleekin, eta bigarrenean Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasleekin.
Doktoretza ondorengo ikertzailea izan da Swiss Federal Institute of Technology izenekoan (ETH-Zurich) bi seihilekotan (1989-90 eta 1991-1992), New Mexico State University-n (Las Cruces, NM) ere bai, eta aldi sabatiko bat izan zuen (2004-2005) Connection One Centre de la Arizona State University izenekoan (Tempe, AZ).
Lehiaketa proiektu ugaritan izan da zuzendari edo partaide, Nafarroako Gobernuaren, Ikerketa Plan Nazionalen eta Europar Erkidegoko hainbat programen finantzabidea eduki dutenetan. Lan horietako emaitza direnez, nazioarteko zenbait aldizkari indexatuetan argitaratu dizkioten ehun baino gehiago artikuluren egilea da, eta beste hainbeste biltzarretan parte hartu izan du Mikroelektronikako, Instrumentazioko eta Seinalearen Prozesamenduko arloetakoetan. 12 doktoretza-tesi zuzendu ditu, dagoeneko aurkeztuak. Jarduera akademikoaz bestalde, enpresekin transferentzia lanetan ere aritu da, eta enpresa horientzat izan diren Ikerketa eta Garapeneko zenbait kontratu edo lankidetza proiektutako kide edo zuzendari izan da. Jardun horren ondorioz, 5 patenteren egilea da, haietako 3 ustiapenean.
Kudeaketari dagokionez, hauek izan ditu kargu nabarmenenak: zuzendaria NUPeko Ikerketa Emaitzak Bestetaratzeko Bulegoan (1995-1999), Doktoretza Batzordearen lehendakaria (2000-2001), eta Ikerketarako errektoreordea (2007-2015). Estatutuak egiteko bi batzordeetako kide izan da 2003an eta 2010ean, batzordekide lehenengoan eta batzordeburu bigarrenean. Irakaskuntza eta ikerkuntza ebaluatzeko ANECA eta UNIBASQ batzordeetako kidea ere izan da, eta ebaluazioak egin ditut nazioko eta nazioarteko beste entitate askorentzat.
Alfonso Carlosena Nafarroako Unibertsitate Publikoko seigarren errektorea da. Bere aurretik errektore hauek izan dira: Julio Lafuente (2007-2015), Pedro Burillo (2003-2007 y 1988-1991), Antonio Pérez Prados (1995-2003), Juan García Blasco (1992-1995) eta Alberto González Guerrero (1991-1992).