Joan eduki nagusira

zoom Ikasgelategiko TEEHak biltzeko edukiontziaren irudia

Ikasgelategiko TEEHak biltzeko edukiontziaren irudia

Nafarroako Unibertsitate Publikoak tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak (TEEH) biltzeko gune bat jarri du ikasgelategian, unibertsitate komunitatekoek eta hiritarrek, oro har, material mota hau modu jasangarrian utzi ahal izateko. Pizgarri gisa, bilketa honetan parte hartuko duten pertsonek nahi duten musika jaialdira joateko sarrerengatik trukatzen ahal diren 350 euro irabazteko zozketa batean hartuko dute parte. Edukiontzia 012. ikasgelaren ondoko ezkaratzean dago.

Unibertsitateak, modu honetan, "TEEHak ezagutzen?"  kanpainan parte hartuko du. Erakunde hauek antolatzen dute Iruñean: European Recycling Platform (ERP), Ingurumen Hezkuntzaren eta Kontsumitzailearen Elkartea (IHKE) eta Basurama taldea. Kanpainaren helburua da eskolako eta unibertsitateko ikasleei eta familiei ikusaraztea zer garrantzizkoa den hondakin hauek behar bezala kudeatzea beren erabilera-bizitza bukatzen denean.

Ekitaldian lantegiak eta eskolako eta unibertsitateko ikasleei eta publiko orokorrari eskainitako erakusketa bat izango dira, hondakinak behar bezala birziklatzea zer garrantzizkoa den ulertzeko, hondakin horietako asko gero berriz erabiltzen ahal direlako.  Ekitaldi nagusia Iruñeko Ingurumen Hezkuntzaren Museoan izango da, non latengiak egingo baitira. Lantegietan erakutsiko da nola egin daitezkeen musika tresnak TEEHak erabiliz.

Haurrek etxeko gitarrak eta kalinbak egingo dituzte, eta horretarako TEEHen karkasetatik lortutako erresonantzia kutxak erabiliko dituzte. Beste alde batetik, helduentzako lantegietan, erabiltzen ez diren jostailu elektronikoen soinu-txipen hackeaketa bat egingo da, Doo Rags izenekoak sortzeko (soinu erreskatatuak), eta bozgorailuak egingo dira ordenagailuen hondakinekin.

Gainera, Basuramak egingo du, museoan bertan, TEEHkin egindako gailuen erakusketa interaktibo bat. Gailu horien artean dago, esaterako, "Burbuilagailua", mahai gaineko PC batenak ziren CD-irakurgailu batetik eta haizegailu batetik abiaturik egindako gailu bat, xaboi-burbuilak egiteko balio duena.

Parte-hartzaileek nahi dituzten TEEHak ekarriko dituzte. Hauek bildu egingo dituzte eta gero kudeatzaile baimendun batek tratamendu-tokietara eramango ditu.  TEEH bat pilak erabiltzen dituen edo elektrizitate-sarean entxufatzen den baina jada funtzionatzen ez duen edozein tresna da. Adibide batzuk ipintzeagatik, jostailu elektroniko bat izan daiteke, edo mugikor, irrati, argazki kamera, hortz-eskuila elektriko edo ekipo informatiko bat, funtzionatzen ez duenean.